Spartathlon proba egin zuen irailaren 28an Iñaki Jimenezek (Tolosa, 1985). Ultra lasterketa bat da, 246 kilometrokoa, Atenasen hasi eta Espartan bukatzen dena. Bukatzea lortu zuen tolosarrak, 29 orduz korrika aritu ondoren, eta asko sufritu zuen, batez ere logura izan baitzuen etsai.
Bukatu zenuen proba eta hori dagoeneko bada saria.
Bai, niretzako hori zen helburua, aurretik ez nituelako hainbeste kilometro egin egun bakarrean. Entrenatu nuen guztia horretarako zen, nolabait iritsi behar nintzen, arrastaka bada ere. Niretzako horixe zen saria, bukatzea.
Spartathlon ez da mendi lasterketa, ezta?
Ez, ezberdintasuna da gehiena errepidez egiten dela, Atenasetik Espartara. Badago mendi altu bat eta hori igo egin behar da, 150. kilometroan, eta 1.200 metrotara igotzen da. Hori da zati bakarra mendiz egin beharrekoa. Ia dena errepidez da, eta gogorra egiten da. Oinez ere ezin duzu joan, bestela ez duzulako aurreratzen.
Nolatan animatu zinen ultra lasterketa hori egitera?
Ultra iraupeneko korrikalariak garenontzat, Spartathlon da lasterketa erregina. Mundu guztitik joaten dira, eta ez da erraza parte hartzea. Gutxieneko marka batzuk lortu behar dira, eta ez dira hain errazak lortzen. Gero, 400 dortsal bakarrik daude eta zozketa egiten da. Ni nahiko atzean nengoen zozketa horretan eta azkenetakoa izan nintzen itxaron zerrendatik sartzen.
Nola iritsi zinen ultra korrikalaria izatera?
Nire lanarengatik, burua argitzeko, jende askori bezala korrika egiteak asko laguntzen dit. Eta konturatu nintzen zenbat eta denbora gehiago egon korrika, burua oraindik eta gehiago argitzen zela. Karrera motzak asko exijitzen dio gorputzari, eta giharrentzako ere ez zitzaidan gustatzen luzeekin alderatuta. Luzean gorputza nekatu arte aritzen da, eta motzean bihotza mugaraino eramanda zoaz. Ultra lasterketetan 2021ean hasi nintzen, eta orduan jakin nuen lasterketarik onena Spartathlon zela, orduan pentsatu nuen karrera hori noizbait egin behar nuela, eta aurten gertatu da.
Aurretik beste ultra lasterketak egin dituzu?
Bai, eta baita mendian ere. Baina nire anatomiagatik edo, mendian ez naiz hain eroso aritzen, batez ere desnibel handia duten lasterketetan. Ultra lasterketetan korrika egin beharra dago, desnibela baxuagoa delako. Nik hamabi ordutako lasterketak egin ditut, normalean zirkuituetan izaten dira, eta gogoa dut 24 orduko karrera bat korritzeko. Gutxieneko markak daude Munduko Txapelketara joateko, eta gustatuko litzaidake egunen batean hori lortzea.
Spartathlon 29 ordutan egin zenuen, beraz, 24 orduko proba batean parte hartzeko gai zara.
Horrela begiratuta, berez gai naiz. Spartathlon 29 ordutan egin nuen, eta ordu asko sufritzekoak izan ziren. Hori izan da korritu dudan gogorrena, eta korrika okerren pasa dudan karrera ere. Esan zutenez, aurtengo baldintzak okerrenetakoak izan dira. Beroa izan ohi da, irailean delako, baina normalean baino bero handiagoa izan zen. Gu 32 gradutan aritu ginen korrika; edozein karreratan 32 gradutan korrika egin behar baduzu bi ordutan, arazoa da, baina egun guztian pasa behar duzunean 30 gradutik gora... Berotasun horrek asko eragiten dio jendeari. Nire kasuan beroa ondo onartzen dut, eta egunean zehar ez nuen sufritu beste batzuk sufritu zuten bezala. Niretzat okerrena gaua izan zen. Gauean dezenteko kontrastea egiten du. Egunez 30 gradutan bazabiltza, gauean kolpean jaisten ditu 15-19 gradu, eta mendia tokatzen denez, haizea indartsua izaten da, eta niri aldaketa hori ez zitzaidan batere gustatu. Eta hori baino okerrago bizitu nuena logura izan zen. Aurreko bi gauetan oso gaizki lo egin nuen; aurreko egunean ez nuen batere lorik egin, eta lasterketako gaua oso gaizki pasa nuen: korrika nindoala ere lo hartzen nuen. Ordu asko izan ziren sufritzekoak, eta neure buruari esaten nion atseden hartzeko modu bakarra helmugara iristea zela.
400 korrikalari atera zineten, baina kilometro gutxira bakarrik al zinen?
Valentziako taldekide batekin adostu nuen batera joatea, eta aurreneko 80 kilometroak elkarrekin egin genituen. Hasierako 120 kilometrotan, hau da, hasierako erdian, batera joan nahi genuen, batez ere konpainia izateko, eta batak besteari laguntzeko. Erritmo ez oso azkar batean hasi nahi genuen, biak batera joan ahal izateko. Bera 80. kilometroaren inguruan ez zen ondo sentitzen, eta esan zidan mantsoago joan nahi zuela, eta orduan banandu egin ginen. Gero berak pasa egin zidan, eta nik gero bera 193. kilometroan harrapatu nuen. Kilometro asko bakarrik egin nituen. Hasieran jendearekin topatzen zara, baina gero, lasterketaren erditik aurrera, normalena da norbera bakarrik egotea. Beraz, momentu txarrak zuk zeure buruarekin pasa behar dituzu.
Errepideak nolakoak dira?
Denetik zegoen. Ibilbidea da Filipidesek orain dela hainbeste urte egin zuen bera. Momentu hartan ez zegoen gaur egun dauden errepideak, baina mantendu nahi izan dute berak ustez egin zuen ibilbide bera. Egia da hobetzeko kontu bat izango litzatekeela hori. Kono batzuk jartzen dituzte puntu estrategiko batzuetan arazo gutxiago izateko, baina errepidea irekita dago autoentzat. Gauez ere irekita dago, eta frontala eramaten duzu, baina kotxeak oso azkar pasatzen dira. Nik, adibidez, lo hartzen nuen, eta batzuetan ez nintzen behar zen lekutik joaten, atera egiten nintzen; kotxe bat etorri izan balitz bertan gera nintekeen. Horrelako beldur puntu batzuk izan nituen errepidez joaterakoan. Mendian sartzen zarenean oso balizatuta dago ez galtzeko, baina errepidean margotutako marka batzuk daude eta zuk horiei jarraitu behar diezu. Track-a ere eramaten duzu, eta ez duzu galtzeko arriskurik. Baina trafikoa zabalik dago eta kontu handiz ibili behar zara; herri batzuk ere pasatzen dituzu eta adi egon behar zara. 245 kilometro izanik, ezin da dena itxi, eta bidegurutzeak ezin dira kontrolpean izan uneoro.
Une txarrak pasa zenituen. Lo egin al zenuen?
Nire ideia zen lorik ez hartzea. Geldialdietan logura handia sartzen zitzaidan; hiru alditan hartu nuen masajea hanketan, ondo etortzen zitzaidalako, eta hirugarren aldian, orduan bai, lo geratu nintzen, nahi gabe. Esnatu egin ninduten eta esan zidaten 12-14 minutuz egon nintzela lo, eta eskerrak esnatu nindutela, bestela ez dakit zenbat denbora egongo nintzatekeen lo. Orduan bai pentsatu nuela nola edo hala iritsi egin behar nintzela, eta ezin nintzela geratu. 60 kilometro inguru geratzen zitzaizkidan.
Proba bukatzerakoan zenbat orduz egin zenuen lo?
Azkeneko kilometroetako emozioekin logura guztia joan egin zitzaidan, baita mina eta gainerako guztia ere. Azken hiru-lau kilometro horietan, Esparta herrira sartzen, adrenalina izugarria izan zen. Horrelako karreratan, hainbeste sufritu ondoren, helmugara iristea karrera bat irabaztea baino askoz ere sentimendu handiagoa da. Gero beheraldia izan nuen, eta orduan atseden hartu nuen eta ordu luzez egin nuen lo. Ondoren astebete behar izan nuen osatzeko. Hori bai, bukaerako emozio horrekin geratzen naiz; ez dakit nondik ateratzen den energia, baina oso azkar korritu nituen azken hiru kilometroak.
Gure gorputzaren mugak ez ditugu askotan ezagutzen. Nondik atera zenuen indarra?
Horrela izan zen: ezin nituen bi pauso eman eta bat-batean korrika atera nintzen, eta ez nekien nondik ateratzen nuen indarra. Horrelako proba batek pertsona bere limitera eramaten du. Disfrutatzeko uneak bizitu nituen, batez ere hasieran, egunez, eta lagunarekin batera nindoala. Greziarrek asko bizitzen dute proba hau, eta edozein egoten da animatzen korrikalariei. Gero, probaren bukaera oso berezia da. Iristerakoan, umeak etortzen zaizkizu bizikletan edo ahal dutenek korrika, eta zure atzetik joaten dira. Oso tartekatuta iristen dira korrikalariak, eta jendea tabernetatik ateratzen da animatzera. Bukaeran, Leonidasen estatua dago, eta bere hankak besarkatu behar dira, olibondozko koroa jartzen dizute, haiek ematen dizuten ur bat edan behar duzu... Erritual bat dago, oso ikusgarria da bukaera eta momentu berezia bizitzen duzu.
Zer teknika erabili zenuen korrika jarraitu ahal izateko?
Buruak gorputzak baino gehiago eusten du. Buruak esaten badu geratu egingo zarela, geratu egiten zara. Buruak esaten badu oraindik segi egin behar duzula, hankak jarraitzeko gai izaten dira. Burua da indartsu mantendu behar dena. Kasu honetan hain motibatuta nengoen karrera hori egiteko, nolabait bukatu egin behar nuela. Oso gaizki sentitzen nintzenean, pentsatzen nuen asko entrenatu nuela karrera hau egiteko eta bukatzeko; pentsatzen nuen hor zeudela nire senideak, nire lagunak, nire karrera jarraitzen, eta niregatik ere bukatu beharra nuela.
Aurrera begira, zer asmo duzu? Lasterketa gehiago begiz jota?
Ultra iraupeneko probak maratoitik gorako distantziak dira. Une honetan pentsatuta daukat datorren urtean 100 kilometroko karrera bat ondo egitea. Ez naiz korrikalari oso azkarra, baina ez naiz makala ere. Beraz, 100 kilometrokoa nahiko aproposa da niretzako. Bestalde, 24 orduko probarik ez dut oraindik egin, eta pena hori badut, Munduko Txapelketara joateko gutxieneko denbora lortzeko gai naizela uste dudalako. Orain Behobia-Donostia lasterketan aterako naiz, ia urtero ateratzen naizelako.
Zuretzat ia huskeria izango da Behobia-Donostia lasterketa egitea.
Askok esaten didate niretzat paseotxo bat izango dela, baina kontrakoa da. Ni ohituta nago erritmo motelagoetan korri egiten, eta Behobian exijitzen diot neure buruari barruan dudan abiadura hori ateratzea. Niretzako sufrimendu gehiago izango litzateke, nire konfort-zonatik ateratzea baita. Baina gustura egiten dut, Behobia Behobia delako, eta disfrutatzen dut karrera horrekin.
Korrika egiterakoan erritmoa oso kontuan hartzekoa da, beraz.
Korrika dabilen jendea konturatzen da korrika egitea ez dela zenbat kilometro egiten dituzun, baizik zer erritmoan zoazen. Korrika gutxi egiten duenak, edo hasiberria denak, begiratzen dio zenbat kilometro egiteko gai den horri. Ikuspegia ezberdina da.