Ostegun Gizena baino astebete eta egun bat lehenago aurkeztuko du Azken begirada ikus-entzunezko erreportajea Kaxoia ekoizleak. Emanaldia Topic-en izango da, eta 19:30ean hasiko dute. 40 minutu inguru irauten ditu lanak eta inauterien bilakaera ezagutzeko aukera emango du, aldaketa horren lekuko izan diren protagonisten eskutik.
«Inauteria beti magiarako eta subertsiorako atea zabaltzen duen mundu bat izan da. Karroza, mozorro, dantza eta doinu bakoitza dira artelan kolektibo handi baten parte; artea, bere forma guztietan ospakizunaren alaitasunean presente dagoela gogorarazten digute», horrela hitz egin du Pablo Dendaluze arduradunak piezaren gaiaren inguruan.
Hari berari tiraka, kontatu du festa «bizitzeko eta ulertzeko moduagatik» aukeratu dituztela protagonistak, eta collage moduan osatu dutela Tolosako inauterien deskribapena: «Juanito Lope artistarekin hasi eta gaur egun arte zientoka izan dira Tolosako inauterien nortasun berezia gorpuzteko euren aletxoa jarri dutenak». Ezin, ordea, guztiak elkarrizketatu, eta ikus-entzunezkoan agertzen diren batzuk aipatu ditu: «Gorostiaga jauna, Garikanotarrak, Iñaki Goikoetxea, Bermudez, Pela eta beste hainbat inauterizale izango ditugu ikus eta entzungai».
Zale adina modu
Dendaluzek gaineratu du inauterizale adina modu daudela inauteria ulertzeko eta bizitzeko: «Herri bateko kultura eta adierazpenak etengabe egokitzen ari diren bezala, inauteriak ere etengabe aldatzen ari dira».
Zentzu horretan, erreportajeak ere bilakaera islatzea izan du helburu, besteak beste: «Kaxoiko artxiboa berriz ere astindu eta nolabaiteko errekonozimendua egin nahi genieke. Azken aukera izan daiteke aurreko belaunaldiaren inauteriaz gozatzeko eta euren filosofia partekatzeko».