Kaletik orkestrara diskoa grabatu du Et Incarnatus orkestrak. Tolosako txarangen abestiekin osatu dute, horiek orkestrara moldatuta. Ez da inauteri doinuak moldatzen dituzten lehen aldia, Troika-Tolosako iñauteriak izeneko diskoa ere grabatu baitzuten 2005. urtean. «Guk ez dugu musika klasikoa soilik egiten, gauza bitxiagoak ere egiten ditugu; herri musika bertsionatzea beti izan dugu gustuko», esan du orkestrako Migel Zeberiok.
Diskoa egiteko proposamena Xabier Berasaluze Leturiak egin zion orkestrari: «Aspaldi taldearen inguruan dabiltzan hainbat artista daude eta horietako bat da Leturia, saltsero hutsa. Hainbat kanturekin osatutako karpeta bat du bere ordenagailuan, eta urtero deitzen dit horrekin zerbait egin behar dugula esanez. Udaberrian elkarri engainatu eta ahal genuen bezala 25 musikari inguruko kuadrila handi bat elkartu ginen». Izan ere, Kaletik orkestrara diskoak Tolosako elkarteek dituzten inauterietako doinuak biltzen ditu. Hainbat musikarik egin dituzte moldaketak, besteak beste, Luis Maria Moreno Pirata, Koldo Tarragona, Xabier Zeberio, Iñar Sastre edota Jon Esnaolak. «Herri musika gauza oso orokorra da, baina Tolosan, esaterako, herri musika egiten dutenek sekulako ekarpena egiten diote herriari. Azkenean gauza oso sentikorra edo bukolikoa da, eta proiektu hau haiei omentzeko egin dugu», nabarmendu du Zeberiok.
Kontzertua Leidorren
Diskoarekin batera otsailaren 8an 19:00etan Leidorren egingo duten kontzertua aurkeztu dute. Bertan moldaketa horiek entzuteaz gain, inauterietako ohiko kantuak abesteko aukera ere izango da, eta horretarako, Tolosako beste hainbat taldek ere parte hartuko dute emanaldian. Emanaldi berezia izango dela esan du Maddi Garikano taldekideak: «Inauterien hasiera izango da eta saltsa egongo da ordurako. Normalean data horietan ohituta gauden musika entzungo dugu, baina beste modu ezberdin batean, eta nik uste dut jendearentzat interesgarria izango dela. Gainera, aipatu beharra dago diskoa bi egunetan grabatu genuela, errekurtsoak mugatuak izan ditugulako, baina taldekide bakoitzak etxean lan handia egin du, eta emaitza oso polita geratu dela uste dut».