Inauteriak 2026

Inauterietako zezenen ekitaldiak, zalantzan

Ataria 2026ko urtarrilaren 15a

Dermatosi nodular kutsakorragatik, otsaila amaitu bitarte galarazita daude ganadua oinarri duten ekitaldiak. Udalak esan du tramite eta eskaera guztiak bideratzen hasi dela, eta dagoeneko zabaldu du zezen-plazara txarangekin sartzeko gonbidapenak lortzeko izen-emate epea.

Dermatosi nodular kutsakorra dela eta, Eusko Jaurlaritzak ganadua oinarri duten ekitaldi guztiak galarazi ditu otsaila bukaerara arte, prebentzio moduan. Tolosako inauteriak bete-betean hartzen ditu horrek, eta oraindik ezbaian dago zezenen parte hartzea. Azpeitiko San Sebastian festetan, adibidez, ez da sokamuturrik izango aurten, foru aldundiak kontrakorik esan ezean. Tolosako Udalak esan du zezenen presentzia bermatzeko tramite eta eskaera guztiak bideratu dituela: «ganadua txertatzen hasiak dira eta horrek aukera eman dezake ohiko egitarauari heltzeko».

Hala ere, udalak ireki du zezen-plazara txarangekin sartzeko gonbidapenak lortzeko izen-emate epea, «antolaketarako denborak bermatu eta, azkenean egitea posible bada, guztia prest izateko». Zezenen ekitaldiak eginez gero, azken urteetan bezala, txarangen atzetik sartu eta plazari buelta emateko aukera izango dute inauterizaleek. Horretarako, ezinbestekoa da gonbidapena eskuratzea.

Nola eskuratu gonbidapena?

Gonbidapenen zozketan parte hartu nahi dutenek Izenematea.tolosa.eus webgunean dagoen galdetegia bete behar dute urtarrilaren 23ko 12:00ak baino lehen. Pertsona bakoitzak egun guztietarako eman dezake izena, eta horietako bakoitzerako hamar gonbidapen eskuratu ditzake kuadrilla, familia eta konpartsen presentzia bermatzeko helburuarekin. Hori bai, izena emateko adinez nagusia izan behar da –adin txikikoek adin nagusiko batekin sartzeko aukera izango dute–.

Udalak hilaren 26an egingo du zozketa, eta emaitzak posta elektroniko bidez jakinaraziko dizkie parte hartzaileei. Bide beretik jakinaraziko zaie irabazleei gonbidapenak non eta noiz jaso behar dituzten. Emandako epean gonbidapenak jasotzen ez badituzte, horiei uko egin dietela ulertuko dute antolatzaileek. Gainera, gonbidapena egokitzen zaien herritarrei, jasotzera joandakoan emango zaizkie sarbiderako jarraibideak. Txarangen atzetik sartzeko gonbidapena egokitu, baina gero aprobetxatuko ez duenik balego, beste edonori uzteko dei egin du udalak, «ahalik eta herritar gehienek aukera izan dezaten».

Janus Lester, mugikortasun urria duten pertsonentzat

Tolosako Udalak ekitaldi inklusibo eta irisgarriak antolatzeko helburuari jarraiki, Zaldunita egunean (otsailak 15) Janus Lesterrek Euskal Herria plazan egingo duen kontzertua plataforma batetik ikusteko aukera emango die mugikortasun urria duten herritarrei. Horretarako, plataforma bat jarriko dute plazan kontzertuak iraun bitartean.

Plataforma horretara sarbidea izateko, ezinbestekoa da Izenematea.tolosa.eus webguneko eskaera orria betetzea. Urtarrilaren 19ko 12:00etan amaituko da epea. Epe horretatik kanpo egindako eskaerak ez dituzte aintzat hartuko. Gainera, antolatzaileak banan bana jarriko dira harremanetan eskaera egin duten herritarrekin, eskaeraren erantzuna jakinarazi eta beharrezko dokumentazioa eskatzeko.

Plataformak hamar lagunentzako lekua izango du, eta igotzeko arrapala bat. Eskaera kopurua edukiera baino handiagoa bada, zozketa bidez ebatziko da. Soilik mugikortasun urriko pertsonek izango dute sarbidea, eta hori bermatzeko kontrol neurriak hartuko dituzte. Mugikortasun urriko pertsonak plataformara iristeko laguntza beharrez gero, eskatzaileek galdetegian zehaztu beharko dute. Edozein zalantza argitzeko, festak@tolosa.eus helbide elektronikora idatzi behar da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!