Larunbatean hasiko dira entseatzen Tolosako Haur Danborradako dantzariak

Ataria 2026ko urtarrilaren 8a

Datozen lau larunbatetan egingo dituzte entseguak kosakoek, Aiz-Orratz elkarteak antolatzen duen Tolosako inauterietako Haur Danborradarako; 15:30ean izango dira, musika eskolan.

Otsailaren 14an izango da Tolosako inauterietako Zaldunita Bezpera. Egun horretan, 17:00etan Geltoki kaletik abiatuta, Haur Danborrada egingo dute. Aiz-Orratz elkarteak antolatzen du ekitaldia, eta dagoeneko aurtengoan parte hartuko duten dantzarien entseguen egun eta orduak iragarri ditu. Datozen lau larunbatetan entseatuko dute kosakoek, hau da, urtarrilaren 10ean, 17an, 24an eta 31n. Guztietan ere, ordu eta leku berean izango dira entseguak: 15:30ean, musika eskolan. Otsailaren 8an (igandea), berriz, entsegu orokorra izango da, Trianguloa plazan. Antolatzaileek ahalik eta puntualtasun handiena eskatu dute.

Hilabete baino gutxiago falta da Tolosa inauteri giroan murgiltzeko, otsailaren 7an izango baitira kaldereroak. Egun horretarako, Haur Jaialdia antolatu du Aiz-Orratz elkarteak. 12:30ean izango da ekitaldia Leidor aretoan, eta Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek ikuskizuna egingo dute. Urtero moduan, mozorro lehiaketa antolatu dute, eta aurtengo ekitaldira pirataz mozorrotuta joateko eskatu du Aiz-Orratzek. Ekitaldira joaten diren haurren artean opariak zozketatuko dituzte. Familiei jaialdian parte hartzeko gonbita ere luzatu die.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!