Inauteriak 2026

Karrozak eta konpartsak Ferialekuan prestatzeko aukera izango dute inauterizaleek

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko abenduaren 10a

Aurtengo inauterietako konpartsa bat Trianguloan. AITOR ARROYO

Udalak zabaldu du inauterietan karrozekin, gazte-konpartsekin eta konpartsekin parte hartzeko eskaerak egiteko epea; abenduaren 19ra arte eman daiteke izena.

Tolosako Udalak dagoeneko zabaldu du inauterietan karroza eta konpartsentzat parte hartzeko eta karrozak eta plataformak egin eta atontzeko espazioa eskatzeko aurretiko izen emate epea. Aurten Ferialekua izango da lanerako espazioa, eta eskaera egitean zehaztu beharko da erabili nahi den ala ez.

Izena emateko, Izenematea.tolosa.eus webgunean dagoen galdetegia bete behar du talde bakoitzak; abenduaren 19ko 23:59ak arte bete daiteke. Ordezkari baten datuez gain, informazio osagarria eskatu du udalak: taldearen izaera –karroza, plataformadun gazte-konpartsa edo konpartsa–, Ferialekuaren beharra edo sariketan parte hartu nahi den ala ez, besteak beste. Galdetegia egitearen helburua da lehen unetik ondo antolatzea eta udalaren eta taldeen arteko harremana hobetzea. Behin galdetegia beteta, talde bakoitzarekin harremanetan jarriko da udala, egin beharreko tramiteen argibide zehatzagoak emateko.

Ferialekuaren erabilera
Udalak urtarrilaren 9an jarriko du Ferialekua inauterizaleen eskura. Eskuragarri dagoen espazioa baino eskaera gehiago izanez gero, zozketa bidez esleituko dira lekuak. Zenbait irizpide izango dira espazioa esleitzeko: Tolosako Karrozen Elkarteko karrozek izango dute lehentasuna; ondoren, norberaren jabetzako edo alokatutako karroza dutenek eta horiek egiteko espazioa eskatu dutenek; eta azkenik, gazte-konpartsek eta konpartsa plataformadunek.

Izena ematerakoan, lan-espazioko baldintzak onartuko dituzte eskatzaileek. Espazioa egokituz gero, baldintza eta arauak bete beharko dituzte, eta horiek sinatu. Sinatu ezean, ezingo dute Ferialekua erabili. Espazioa erabili behar ez duela adierazten duenak ez du bertan sartzeko baimenik izango. Azkenik, eskaera egiten duen pertsona izango da, taldearen ordezkaria eta arduraduna; harez gain, beste bost pertsona sartu ahal izango dira Ferialekuan lan egin nahi duten aldi bakoitzean.

Urtarrilaren 9tik aurrera, karrozak egin behar dituzten taldeek izango dute sarbidea; gazte-konpartsetakoek, berriz, hilaren 16tik aurrera. Otsailaren 22rako karroza eta plataforma guztiak espaziotik atera beharko dituzte, eta bertan geratzen den guztia bota egingo du udalak.

Diru laguntzak
Diru laguntza inauterien ondoren eskatu beharko dute parte hartzaileek, urte horretako ikuskizuna erakusten duen argazki eta bideo banarekin batera. Izen ematearen galdetegia betetzen duten guztiei zuzenean jakinaraziko zaie noiz eta nola aurkeztu behar duten eskaera. Iazko irizpide antzekoak jarraituko dituzte balorazioetarako, baina parte hartzaileek zenbait ezaugarri bete beharko dituzte derrigor eskaera egiteko: zuzeneko musika (musikariek denbora errealean jotzea), koreografia edo antzezpen eszeniko bat eskaintzea (parodia, antzerkia, play back-a, mimoa...).

Talde bakoitzaren ezaugarriak
  • Karroza: Gutxienez 5 partaideko taldea. Karroza ibilgailu edo atoi bat izango da, eta lau gurpil pneumatiko dituen ibilgailu edo atoi batek tirako du. Ibilgailu edo atoiak gutxienez 2,5 metroko zabalera eta 6 metroko luzera izan beharko du. Desfilean leku zehatz bat izango du.
  • Gazte-konpartsa (plataforma): Gutxienez 10 partaide izan beharko ditu. Plataformaren gehieneko neurriak: 2 metroko zabalera eta 3 metroko luzera. Eskuz garraituko da plataforma, ibilgailurik gabe eta gurpil birakariak izango ditu. Desfilean leku zehatza izango du.
  • Konpartsa: Gutxienez 2 partaide izan beharko ditu. Hiru motatakoa izan daiteke: plataforma txiki bat (gehienez 1,5 metro zabal eta 2 metro luze), leku finkorik eta plataformarik gabea eta leku zehatz batean jartzen diren konpartsak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!