Geltoki plazan lurpeko aparkaleku bat eraikitzeko aukera aztertzen ari da udala

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko abenduaren 4a

Tolosako Geltoki plazaren egungo ikuspegia.

15 kokaleku aztertu ditu udalak, epe luzera begira aparkaleku berriak sortzeko, eta tren geltokiaren ondoko plazaren azpian ia 150 plazako aparkaleku bat aurreikusi du. Santa Klara atzean 80 plazako aparkalekua eta Ferialekuaren alboan 300 plazakoa ere lehenetsi ditu.

Pasa den astean aurkeztu zuen udalak herriko aparkaleku eskaintza hobetzeko neurri sorta. 22 neurri iragarri zituzten, horietako batzuk epe motz eta ertainekoak dira, beste batzuk epe luzera begirakoak, eta azkenak neurri administratiboak. Epe luzera begirako neurrien artean daude aparkaleku berriak sortzea. Horretarako aukerak aztertu ditu udalak. Horiek, ordea, «epe luzeko ikuspegia» eskatzen dutela azaldu du Andu Martinez de Rituerto alkateak: «Inbertsio handiak ez ezik, lan administratiboak, hala nola, lursailen desjabetze edo erosketak eta HAPOari dagozkionak, eta proiektuen erredakzioari lotutako lanak, adibidez, izapide urbanistikoak, aurreproiektua edo proiektua bera, mardulak baitira».

Hain zuzen, aukeretako horietako bakoitzaren eskakizunak aztertu ditu udalak, lehentasunak non jarri erabakitzerako orduan datuak eskuartean izateko. Hamabost kokaleku posible aztertu ditu, eta horietan guztira 22 proposamen edo aukera ezberdin: zazpi disuasio-aparkaleku modura eta zortzi erdigunetik gertu. Kasuetako bakoitzean, egin beharreko izapide administratiboak, erabilera eta irisgarritasun-mailak eta bideragarritasun ekonomikoa aztertu dituzte.

Azterketaren ondorioak eskuartean izanda, eta etorkizuneko garapenak eta erabilera aukerak kontuan izanda, hiru lehentasun markatu ditu udalak, lan horiek egiteko.

Geltoki plaza

Udalak askotan nabarmendu du plaza berrurbanizatzeko beharra, hondatua dagoelako. «Lan hori egin behar dela aprobetxatuta, lur azpiko aparkaleku bat eraikitzeko aukera aztertzen ari gara. Autoentzako ia 150 plazako aparkaleku bat aurreikusi dugu. Plaza konpontzea eta aparkalekua egitea inbertsio oso handia da, bost milioi euro ingurukoa», esan du alkateak.

Udala jada hasia da aurreproiektua lantzen, eta datorren urteko aurrekontuan ere jasoa dago partida bat proiekturako. «Aparkalekua egin ala ez, plaza horrek jarduketa bat berdin behar du. Aparkalekua egitea hobetsi dugu, inbertsio oso altua izan arren, erdigunean bertan eraikitzeko azken aukeretako bat izan daitekeelako», azaldu du Martinez de Rituertok.

Santa Klara

Komentuaren atzean dagoen lursail batean eraikitzea aztertu du udalak, baratze eta lorategiak apenas ukitu behar izan gabe. «Alde Zaharretik gertuen dagoen aukera da. Bideragarrienen artean dago, gainera. 80 plazatik gora sortzeko aukera ematen du, ia Zumarditxikiak adina», esan du alkateak. Traba nagusi bat duela nabarmendu du: «lursaila komentuko mojen jabetzakoa da eta, saiakera handiak egin arren, momentuz ez dute ez komentua bera, ezta lursail hori saltzeko asmorik».

Mojekin behin baino gehiagotan egon direla esan du, bai Tolosan, baita Gasteizen ere. «Egotekoak gara berriro ere, baina osasun-arazo batzuk tarteko, atzeratu behar izan dugu. Saiakerak egiten jarraituko dugu, eta aukera suertatzen den unean, suertatzen bada, horri emango litzaioke erabateko lehentasuna. Hala ere, argi utzi nahi nuke Santa Klara komentuaren ondarea errespetatzea ezinbesteko baldintza dela guretzat», azaldu du Martinez de Rituertok.

San Esteban

HAPO-aren aldaketan aurreikusita dagoen bezala, solairukako aparkaleku bat eraikitzea aurreikusten dute San Esteban auzoan, moduluak jarrita; dokumentua aurrerakinaren fasean dago, eta aurki onartuko dituzte, behin betikoz, helburu eta irizpideak. Alkateak esan du «gainditu beharreko arazo bat» dutela: «Trenbideen araudiak dio, gutxienez, 20 metroko zorgunea bermatu beharra dagoela eraikitzerakoan, eta Ferialekuak ez du hori betetzen. Hortaz, ADIF-ekin ikusi beharko da ea Ferialekuaren lerrokadurak mantentzeko aukera izango ote den ala ez».

Hori dela eta, lerrokadura bat ala beste jarrita, aukera bat baino gehiago ditu eskuartean udalak. Dena dela, aurreikuspenen arabera, gutxi gorabehera 300 aparkaleku plaza sortu litezkeela aurreratu du alkateak. «Aurrelanketan da jada Hirigintza Saila, eta ADIF-ekin zalantzak argitu eta gero, aukera gehien ematen dituen irtenbidea landuko dugu», gaineratu du.

Beste aukera batzuk

Lehentasun gisa hiru horiek finkatu arren, kokaleku gehiago ere aztertu ditu udalak. Horietako batzuk, egitear edo eginda daude. Beste batzuk, berriz, alboratu edo geroratu egin dira. Ander Figuerido hirigintza zinegotziak eman ditu horien inguruko azalpenak: «Zenbait kasutan inbertsio handiegia egin behar zen aparkaleku plaza gutxi batzuk sortzeko, aukera horren bideragarritasuna zalantzan jartzeraino. Beste kasu batzuetan, berriz, etorkizunerako aukera hori zabalik geratuko da. Inbertsio eta lan guztiak ezin dira batera egin, eta guk erabilera eta zerbitzu ikuspegitik nabarmenenak lehenetsi ditugu».

  • Arrameleko Antzinako Errukietxea (ermitaren atzean): Bi aukera landu dituzte. Batetik, behin-behinean, ermitaren atzean dagoen fabrika eraitsi eta orube horretan aparkalekua egitea. Lurren jabetza duen enpresarekin hitz egin zuten, eta hitzarmen-eredu bat ere landu zuten elkarlanean. Bada, azkenean aukera hori alboratu zen. «Irisgarritasun zaila du, eta lanen kostuak altuegiak ziren behin-behineko aparkaleku baterako», azaldu du Figueridok. Etorkizunerako bigarren aukera bat dute: HAPO-ak etxebizitzen garapena aurreikusten du bertan. Garapen hori egitean, lur azpiko aparkalekuei pisu bat gehiago eransteko aukera legoke, Arramele plazaraino luzatuz. Garapenari lotutako inbertsioa izango litzateke.

  • Izaskun Etxea: Jon Andoni Irazusta pasealekuaren (biala) eta Izaskungo aldaparen artean aukera ezberdinak aztertu ditu udalak, baina eremuak duen malda tarteko, ez du aukera bideragarririk ikusi. Aukera bakarrenetakoa Izaskun Etxearen atzeko orubean —Trinkete plazaren eta Ibaiondo kalearen goikaldean— 45 plaza ingurko aparkaleku bat eraikitzea litzateke, Izaskungo aldapatik sarbidea edo irteera izango lukeena, autobidearen zubiaren albotik; hala ere, alboratu egin dute. «Irisgarritasuna ez da ona, eta hori errazteko lan osagarri asko beharko lirateke, baita desjabetzeak ere», esan du zinegotziak.

  • Izaskungo aldapa: Igarondo kalearen eta Izaskungo aldaparen arteko gunean lokal ugari daude, eta eremu horren garapena jasota dago HAPO-an. Lurpeko aparkaleku bat egin daiteke, baina izapide aldetik konplexua dela argitu du udalak: hiru soto bideratu beharko lirateke aparkalekurako, eta lehenean, guneko lokal berriek behar lituzketen plazak sartuko lirateke; gainerakoak publikoak lirateke. HAPO-ak, ordea, bi soto jasotzen ditu, eta desjabetzeez gain, aldaketa egin beharko litzateke.

  • Zubizarreta: Oraingoz, Hirigintza Planeamenduan etxebizitzak aurreikusten dituzte bertan, baina behin-behineko aparkaleku gisa erabiltzeko aukera aztertzeaz gain, erabilera aldaketa bat ere landu daitekeela esan du udalak, «betiere, planeamendu aldaketa bat gauzatuta». Beraz, momentuz, ez dute «bideragarri» ikusten.

  • Santa Lutzia: Zenbait aukera aztertu dituzte eremu horretan: aparkaleku nagusia bateratu, luzatu edota solairukako eraikina egitea, Aransgiren (Gipuzkoako Pertsona Gorren Familien Elkartea) egoitzaren inguruan berria eraikitzea edo autobideko zubiaren alboan eraikitzea, Izaskunera doan bidegurutzearen alboan dagoen orubean. Aukeraren arabera, 30 eta 60 aparkaleku plaza berri artean sortu litezke. «Samaniego ikastetxera joaten diren autobusek maniobrak egiteko leku asko behar izaten dituzte bertan, eta horrek asko mugatzen ditu aukerak. Etorkizunera begirako aukera batzuk izan daitezke», adierazi du Figueridok.

  • Amarotz: 20.1 Amarotz papertegia azpi-esparruaren garapenaren bigarren fasean aurreikusten duten lana da. Kasu honetan, urbanizazioa bera garatuko duen Visesa enpresak bere gain hartuko du. «Gaur egun 10 aparkaleku plaza daude, baina 50 plazara arte zabaltzea aurreikusten dugu», esan du hirigintza zinegotziak. Ingurua, Araxes ibaiaren erribera barne, bere horretan utziko dute.

  • Olarrain: Dagoeneko aparkaleku gisa erabiltzen den eremua da, eta erabilera optimizatu zein segurtasuna hobetzeko, jabeekin hitzarmen bat lantzen ari da udala, bertako kudeaketaz eta eskubideez arduratzeko. «Hala ere, hau ere behin-behineko irtenbide bat litzateke, HAPO-ak hirigintza garapen bat aurreikusten duelako», aurreratu du Figueridok.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!