Bertakoek aparkatzeko txartelak lortzeko eskakizunak aldatuko dituzte Tolosan

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko abenduaren 1a

Bertakoek autoa aparkatzeko gunea Tolosako Rondilla kalean. J. A. D.

Tolosako udalbatzak TAO sistemaren ordenantza berria onartu zuen osteguneko osoko bilkuran, udal gobernuaren aldeko botoekin eta oposizioaren abstentzioarekin. Aurrerantzean ezingo dute bertakoentzako txartela eskuratu TAO-ko eremu berean garaje edo aparkaleku bat jabetzan edo alokairuan dutenek.

Pasa den astean, herriko aparkaleku eskaintza hobetzeko 22 neurri aurkeztu zituen Tolosako Udalak. Bada, neurri horiek hiru multzotan banatu dituzte: epe motz eta ertainera begirakoak, epe luzera begirakoak eta neurri administratiboak biltzen dituztenak. Aparkaleku gehiago sortzeko aukerez gain, Udalak beste bide batzuk ere jorratu ditu, dauden aparkalekuen erabilera eta aprobetxamendua, izan lur gaineko edo lurpeko, ahalik eta gehien optimizatzeko. Helburu horrekin, lau neurri administratibo hartu edo hartuko ditu udalak.

TAO sistemaren ordenantza berria da aldaketarik azpimarragarrienetako bat. Ostegunean onartu zuten azaroko osoko bilkuran, udal gobernuaren aldeko botoekin eta oposizioaren abstentzioarekin. Urrian, izapidetu aurreko kontsulta publiko egin zuen udalak, eta herritarrengandik jasotako proposamenak erantzun eta gero, behin-behinean onartu dute. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero, beste 30 laneguneko epean izango da jendaurrean, behin betiko onartu baino lehen. Bitartean, osoko bilkuran oposizoak egindako ekarpenak ere aztertuko ditu udal gobernuak.

2012. urtekoa da orain arte indarrean egon den ordenantza, baina ordutik hona aldaketak izan dira auto kopuruan, biztanlerian eta mugikortasunean. Hori dela eta, TAO sistema behar berrietara egokitzeko beharra zegoela ondorioztatu zuen udalak. Araudiak aldaketa batzuk ditu, eta helburua da herriko eremuen artean ahalik eta orekarik handiena bilatzea, eta lur-gaineko aparkalekuen erabilera are gehiago optimizatzeko bidea ematea. 

Bertakoentzako txartela

Titular izateko eskakizunak aldatu dituzte. Ezingo dute txartela eskuratu TAO-ko eremu berean garaje edo aparkaleku bat jabetzan, alokairuan edo emakidan duten herritarrek. Jabetzan dituen plaza kopurua baino auto gehiago dituen orok txartela lortzeko aukera izango du garajerik gabeko ibilgailuentzat. Hau da, etxe berean bi kotxe eta garaje bakarra badituzte, txartel bakarra eskuratzeko aukera izango dute.

Neurri honekin, bertakoen 500 txartel inguru gutxiago banatzea aurreikusten du udalak. «Garajea duenak garajean sartu dezala autoa», adierazi du alkateak. Orain bertakoen 2.900 txartel daude, TAO eremuetan lur gainean 1.572 aparkaleku dauden bitartean. Bereziki Alde Zaharrean dago balantzerik negatiboena, 1.400 txarteletik gora baitaude.

Horrez gain, aparkalekuen eta TAO txartelen datuen azterketa egitean, udalak detektatu du badirela dagoeneko baldintzak betetzen ez dituzten, baina bertakoen txartela jasotzen jarraitzen duten herritarrak, dagoeneko Tolosan erroldatuta ez daudelako edo bizitokia aldatu dutelako. Modu automatikoan egin da hori. Bada, datuak konprobatu eta gero, baldintzak betetzen ez dituzten horiei bertako txartela berritzea egokitzen den unean, ez diete berria bidaliko. 200 txartel inguru kenduko omen dituzte horrela.

2026ko txartelak irizpide hauekin emango ditu udalak, baina alkateak ez du uste txartel berriak martxoa baino lehen banatzeko gai izango direnik. «Horiek banatu arte, 2025eko baldintzekin funtzionatuko da. TAO-ko langileek horien arabera kontrolatuko dituzte eremuak».

Beste hiru neurri ere izango dira:

  • Monteskue: Gaur egun Monteskueko auzotarrek zailtasunak dituzte aparkatzeko; hori dela eta, 2. gunean aparkatu ahal izateko txartela eskuratu ahal izango dute. Bizilagunen eskaera izan da urteetan zehar.
  • Merkataritza: Egoiliar-baimen bat eskuratu ahal izango dute Tolosan erroldatu gabe egon arren, udalerriko saltoki baten titular izan eta merkataritza-jarduerarako ibilgailua erabiltzen dutenek.
  • Tarifa berezia jarduera profesionalentzat: Gremioei atxikitako ibilgailuentzat tarifa berezia sortuko dute. 

Iurre auzoan TAO sistema

Aurrerago, TAO sistema gehiago osatzea aurreikusten du udalak, tentsionatuta dauden eremuetan gune berriak sortu edota sektoreak aldatzen direnean. Gune batzuetan dauden aparkalekuak «azpierabilita» daudela esan du alkateak, eta horien koloreak aldatuko direla iragarri du. Esate baterako, urdinak diren gune batzuk berde eta gorri izatera pasatzea da udalaren asmoa. «Horrela, tarifa merkeagoa izango dute, eta denbora luzeagorako aproposagoa litzateke. Aukera ona izan liteke kanpotik hirigunera lanera datozenentzat. Modu horretara, leku horiek gehiago aprobetxatzea bultzatu nahi dugu». Beste berrikuntzetako bat Iurre auzoan TAO sistema jartzea izango da.

Lurpeko aparkaleku publikoetarako bonuak

Lurpeko errotazioko aparkaleku publikoen eskaintzan ere jarri du azpimarra udalak. Gaur egun bi aparkaleku daude, eta biek ala biek, kudeaketa pribatua dute, emakida-kontratua dute indarrean, eta udalak adierazi duenez horrek asko mugatzen du aldaketaren bat egiteko aukera.

Lapurdi plazakoan, bizilagunek 118 garaje dituzte 2058. urtera arte. Errotazioko 104 plaza ere badaude -1 solairuan, hau da, ordainpekoak, baina erabilera librekoak. Hauen kudeaketaren emakida 2028an amaitzen da. Alondegi plazakoa, aldiz, 498 aparkaleku daude, eta horietatik 242 dira errotaziokoak. Emakida kontratua 2059. urtean amaitzen da guztientzat.

Andu Martinez de Rituerto alkateak nabarmendu du errotazioko plazak «azpierabilita» daudela ordu-tarte batzuetan: «Erabilerak gora egin badu ere, deigarria da batzuetan, bereziki gauetan, apenas daudela beteta. Alondegi plazakoan, egunean zehar 100 plazatik gora libre egoten dira, eta gauez, 150etik gora. Lapurdi plazakoan, berriz, egunean zehar 10-15 egoten dira libre, eta gauez, 40tik gora. Egun eta ordu-tarte konkretuetan betetzen dira: festetan, larunbatetan, pilota partidak izaten direnean.... Oro har, horrek erakusten du herrian azpiegiturak izan baditugula, baina ia ez direla erabiltzen; kanpoan, berriz, arazoak ditugu».

Herri modura «egoera onartezina» iruditzen zaio alkateari: «Denbora daramagu enpresarekin bonu-sistema bat adostu nahian, erabilera gehiago optimizatzeko. Zenbait aukera ditugu eskuartean, eta horietakoren bat aurki gauzatu ahal izango dugulakoan nago. Enpresa ere prest dago, eta herriari ere zerbitzua eman nahi diola azaldu digu», azaldu du.

Gaur egun hiru bonu-mota dituzte lur azpiko aparkalekuek: 24 ordukoak (115 euro), egunekoak (08:00-20:00, 85 euro) eta gauekoak (20:00-08:00, 60 euro). Bonu horiek eskuragarriago jartzea da udalaren asmoa. «Herriko saltoki txikietan gutxieneko erosketa bat egiten dutenentzat bonuak emateko aukera bat ere jarri dugu mahai gainean, lehen ordua doan izan dezaten, baina, momentuz, ez dugu gauzatzeko moduan ikusten. Hala ere, saiatzen jarraituko dugu», gaineratu du Martinez de Rituertok.

TAO-ko agenteen laguntza, arau-hausteekin

Aparkalekuen eta hiri-eremuaren erabilera egokiarekin eta segurtasunarekin du lotura azken neurri honek. Herriko zenbait eremutan sarri errepikatzen diren arau-hausteak hauteman dituzte: espaloi batzuetan, oinezko pasabide edo zebrabideen aurrean edo baimendutako guneetatik kanpoko zamalanen guneetan aparkatzea. Kasuetako batzuetan, ikusgarritasuna edo irisgarritasuna gutxitzen omen dute autoek, oinezko edo gainerako gidarien segurtasunaren kaltetan. 

Udaltzaingoak ez du nahikoa baliabide etengabe horiek guztiak kontrolpean izateko. Hala ere, auzo batzuetan, kontrol handiagoaren eskaera egin dute. Hori dela eta, TAO-aren kontratu berria sinatzean, aldaketa bat aplikatuko dute: aurrerantzean, TAO-ko agenteek Udaltzaingoari laguntza emango diote, aparkalekuen inguruko gainerako arau-hausteak ere kontrolatzeko. Elkarlanean arituko dira, eta horrek aukera emango die udaltzainei beste eremu batzuetara iristeko. Gaur hasi dira eginkizun horrekin TAO-ko agenteak.

Alkateak gogorarazi nahi izan du TAO sistema ez dela udalak dirua biltzeko erabiltzen duen sistema bat. «Ez du dirua ematen, baina beharrezkoa da. Aipatutako neurriak ezinbestekoak dira bizikidetzarako. Halabeharrez arautu behar dira espazioak, herriaren dinamika egokiagoa izan dadin».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!