Tolosako aparkalekuen eskaintza indartzeko 22 neurri iragarri ditu udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko azaroaren 27a

Andu Martinez de Rituerto alkatea eta Ander Figuerido hirigintza zinegotzia gaurko agerraldian.

Epe motz-ertaineko interbentzio txikiak, epe luzeko proiektu eta inbertsioak eta neurri administratiboak iragarri dituzte. Laster, 60 aparkaleku plaza berri sortuko ditu udalak, eta epe ertainera Rondilla kaleko autobus geltokia Santa Klarara lekualdatu nahi du.

Tolosako Udalak iaz abiatu zuen herriko aparkalekuen azterketa. Bi helburu ditu: herri osoko eskaintza ezagutu eta, eskariarekin alderatuta, optimizatzeko proposamenak egitea eta eskaintza bera handitzeko aukera berriak arakatzea. Bada, goizean azterketa horren ondorioak aurkeztu dituzte Andu Martinez de Rituerto alkateak eta Ander Figuerido hirigintza zinegotziak udaletxean egindako agerraldian. Gainera, neurri sorta bat iragarri dute.

Honako lau esparrutan banatu dute azterketa:

  • Aparkalekuen eskaintza eta TAO zerbitzua: Lurrazaleko eta lur azpiko aparkalekuen inbentarioa eguneratu du udalak, jabetza publiko edo pribatuko garajeak barne hartuta eta TAO guneen eta kaleen arabera sailkatuta.
  • Errolda: Tolosan erroldatuta dauden autoen kopurua aztertu dute, ibilgailu motaren arabera sailkatuta. Bertakoentzako TAO txartelen kopurua eta eskatzaileen zerrenda ere aztertu dituzte, eta, azken hau egitean, dagoeneko baldintzak betetzen ez dituzten kasu asko –200dik gora– identifikatu dituzte; eskatzaileek garajeak jabetzan ote dituzten ere kontsultatu dute.
  • Aparkalekuak eraikitzeko aukeren azterketa: 15 kokalekuk aparkalekua eraikitzeko ematen dituzten aukerak aztertu dituzte, kasu batzuetan, aukera bat baino gehiago planteatuta. Proposamen horietako bakoitzaren izapidetze-prozesua, irisgarritasuna, erabilera-aukerak eta bideragarritasun ekonomikoa aztertu dira.
  • Lurrazpiko aparkalekuak: Okupazio- eta erabilera-datuak jaso dituzte.

Alkateak nabarmendu duenez, «lan handia» egin du udalak. «Gai honekin aspaldian ez da horrelakorik egin herrian. Aparkalekuen inbentarioarena eta erroldako datuena eskuz, banan-banan, kontsultatu ditugu. Denbora asko eskaini diogu, baina lan hau beharrezkoa zen egungo egoera ezagutzeko».

Hiru multzo

Datuak aztertu eta ateratako ondorioetatik abiatuta, 22 neurri landu ditu udalak; batzuk jada aplikatu dira. «Agintaldiaren hasieratik aritu gara ikuspegi honekin lanean, eta azterketari itxaron gabe aldaketaren bat edo beste aplikatu genuen. Martxan jartzeko erraztasun handia zuten beste batzuk, aldiz, jada egin ditugu», gehitu du Figueridok.

Hiru multzotan sailkatu dituzte neurri horiek:

  • Epe motz edo ertainekoak: Interbentzio arinen bidez espazioa optimizatzeko eta plaza berriak sortzeko lanak daude, zortzi guztira. Horietako bost jada gauzatu dituzte. Espazioen berrantolaketarekin lotura duten beste bi neurri ere badaude.
  • Epe luzeko inbertsioak: Aparkaleku berriak eraikitzeko hiru proiektu lehenetsi ditu udal gobernuak.
  • Neurri administratiboak: TAO-arekin zerikusia duten zortzi neurri planteatu dituzte, baita lurpeko aparkeluen erabilera indartzeko beste bat ere. Horrez gain, aparkalekuen erabilera egokiarekin lotutako neurri osagarri bat ere jasotzen da.

Dena den, alkateak argi utzi nahi izan du «luzera begirako ikuspegia» eskatzen duela lanketa honek: «Egoera ez da bideratuko egun batetik bestera, ezta agintaldi honetan bakarrik ere. Begirada luzeko bide-orri bat aurkeztu dugu, urtetan garatu beharrekoa. Epe luzeko inbertsioen kasuan, zaila izango da agintaldia bukatzerako obrak hasita izatea, nahiz eta ahal dugun guztia egingo dugun. Behintzat, hasi gara proiektuen aurre-lanketarekin pausoak ematen».

Zumarditxikia berreskuratzeari buruz, berriz, Martinez de Rituertok gehitu du «neurriak txertatu eta eskaintzaren eta eskariaren arteko oreka bat topatu ahala, autoz husteko aukera izango dela», herritarren erabilerarako gune gisa berreskuratzeko. Aurreratu du gunean egin beharreko atontzea «oso oinarrizkoa» izango dela. «Antzeko baldintzetan mantenduko da, baina denborarekin ikusiko dugu nolako interbentzioa behar duen».

«Neurriak txertatu ahala, Zumarditxikia autoz husteko aukera izango da; aurrerago, gune horretan egin beharreko atontzea oso oinarrizkoa izango da».
Andu Martinez de Rituerto, Tolosako alkatea

100 plaza sortuta

Udal gobernuko ordezkariek esan dute agintaldi hasieratik espazioak optimizatzeko zenbait aldaketa eta interbentzio egin dituztela, lanketa honen barruan kokatuta. 100 aparkaleku inguru gehiago sortu dituzte herrian, tokian tokiko errealitateak ematen zituen aukeren arabera.

  • Iparragirre auzoa: Garmendiola aldaparen bukaeratik Iparragirre auzorako bidean 20 aparkaleku plaza gehiago sortu zituen udalak 2024. urtearen hasieran.

  • Izaskungo aldapa: Norabide bakarreko errepide bihurtu eta oinezko bidea egitearekin batera, aparkalekuak egin zituzten, Alde Zaharreko bizilagunentzako nahiz ordaindu gabe erabiltzeko. Aurrerago lan gehiago aurreikusten dituzte, batik bat, autobideko zubiaren azpialdean, eremua gehiago txukuntzeko eta aparkaleku horien egoera erregularizatzeko. Dena dela, momentuz, 40 plaza inguru berri sortu dituzte.

  • San Joan kalea: Norabidez aldatu zuten, eta 18 plaza gehiago sortu zituzten. Dena den, aldaketa ebaluatu dute, eta udalak aurreratu du berriro ere jatorrizko norabidera itzuliko dela kalea, aparkalekuak mantenduta.

  • Larramendi kalea: Erabiltzen ez ziren espazio batzuk aprobetxatuta, 10 aparkaleku inguru sortu ziren udan, horietako gehienak Larramendi kalean, beste batzuk Uzturre kaleko bidegurutzean.

  • Santa Lutzia: Uzturpe frontoira doan bidean pintaketa lanak egin, eta pilotalekuaren atzeko eremua berrantolatu zuten udan. Aldaketarekin, 20 plaza gehiago sortu zituzten.

60 plaza gehiago laster

Oraingoz, epe motz edo ertaineko neurrien berri eman du udalak. Datozen egunetan, gainerako bi multzoen inguruko xehetasun gehiago emango ditu. Udal gobernuko ordezkariek azaldu dute Tolosak «azalera mugatua» duela, eta ez direla asko «eraiki gabeko» lursailak; gaineratu dute horrek asko murrizten dituela aparkaleku berriak sortzeko aukerak. Hori dela eta, espazioa gehiago «optimizatzea» eta, irterbentzio arinen bitartez, aparkalekuen eskaintza «indartzea» da udalaren helburuetako bat.

Horretarako, epe motzean lan gehiago aurreikusten ditu udal gobernuak, horietako batzuk, hastear den asfaltatze planaren barruan. Hauek dira lan horien bidez sortuko diren aparkaleku-plazak:

  • Araba etorbidea: Etxebizitzen eta trenbidearen artean bi erreieko errepidea dago, eta erdian erdibitzaile bat du. Erdibitzaile hori kendu egingo dute, eta erraietako bat baterian aparkatzeko erabiliko da. 20 plaza inguru sortuko dituzte.

  • Igeralde kalea: Helduen eskolaren ondoan, autobidearen zubiaren azpian aparkatzen dute ibilgailu askok, espaloiaren gainean. Asfaltatze planarekin, espaloi eta errepide horiek berrantolatuko ditu udalak, aparkaleku horiek modu erregularrean jartzeko, espaloira igo behar izan ez dezaten.

  • San Blas: Iparragirre auzotik San Blasera doan errepidea zabala da, eta alboetako batean pintaketa lanak eginda, aparkaleku gehiago sortzeko aukera izango dute. 40 plaza inguru sortzea aurreikusten dute.

Urbanizazio berriek ere handitu dute aparkalekuen eskaintza. Iurramendi kalean irailetik erabilgarri daude aparkaleku gehienak, eta aurki gehiago jarriko dituzte erabilgarri.

9.500 kotxe, eta 11.000 aparkaleku

11.000 aparkalekutik gora daude Tolosan: lur-azpiko aparkaleku publikoetan errotazio izaerako 359, erabilera pribatua duten 6.216 garaje, TAOrik gabeko araututako 2.857 plaza, TAO bidez araututako beste 1.714 eta mugikortasun urriko pertsonentzako 90 aparkaleku.

DGTren datuen arabera, herrian erroldatutako autoen kopurua % 15 hazi da azken hamarkadan, populazioa % 6 hazi den bitartean. 9.500 auto baino gehiago daude. Antzeko tamaina duten Gipuzkoako udalerriekin alderatuta, hazkunde gehiena izan duten herrien artean da Tolosa. Salbuespena Hernani da, % 24,3 hazi baita auto kopurua.

Tolosan erroldatutako autoen kopurua % 15 hazi da azken hamarkadan, populazioa % 6 hazi den bitartean.

Alkateak esan du hazkunde honek eragina izan duela herrian, eta Tolosak espazio «oso mugatua» duela. «Azpiegiturak baditugu, baina horiek gehiago aprobetxatu behar ditugu. Hala ere, tentuz egin behar da. Gero eta aukera gehiago eskaini, orduan eta auto gehiago erakartzeko arriskua izango genuke. Hori gertatzen ari da hiri askotan; hala erakusten dute datuek». Alkatearen arabera «nekez» irudika daiteke berriro atzera egin eta Euskal Herria plaza autoz beteta ikustea. «Eskainiko bagenu, segituan beteko litzateke, baina ez da biderik egokiena. Herritarron erabilerarako espazioek nagusi izan behar dute, eta oreka bat topatu. Ikuspegi horrekin egingo dugu lan», ondorioztatu du.

Gaiaren inguruan, bere hausnarketa partekatu nahi izan du Martinez de Rituertok: «Tolosak duen espazioa du. Garbi dago herritarrok ibilgailu pribatuaren dependentzia handia dugula oraindik, eta horri erantzuna eman nahi diogula. Era berean, gizartearen eskaera da oinezkoentzako herri atseginagoak egitea. Kotxeen presentziarekin zailagoa da hori egitea. Hala ere, proposatzen ditugun neurriekin iruditzen zait egoera hobetu daitekeela». Herritarrei ere gaiaren inguruan hausnartzeko deia luzatu die alkateak.

Rondilla kaleko autobus geltokia, Santa Klarara

Epe ertainera beste aldaketa garrantzitsu bat egin asmo du udalak: Rondilla kaleko autobus geltokia Santa Klarara lekualdatu nahi du. Autobusek, batez ere ibilaldi luzeetakoek, erdigune osoa igaro behar izatea ekidin nahi du aldaketarekin, bereziki Rondilla kalean gertatzen diren arazoak saihesteko. Izango lirateke salbuespenak, hala ere; Hiribusarena, esaterako. Kasu horretan, ohiko ibilbideari eutsiko lioke.

Gainerako zerbitzuetako autobusek Jon Andoni Irazusta (biala) kaletik joango lirateke Santa Klarara, eta Kondeaneko Aldapatik jarraituko lukete, hau da, San Frantzisko elizako geltokia ere kenduko litzateke, eta Berazubi auzotik barrena joango lirateke zezen plazako geltokira, inauterietan bezala. Goierri edo Azpeitia aldera joaten direnak Oria kaletik jarraituko lukete. «Ziurrenik Geltoki kaleko geltokia ere kenduko dugu, eta Oria hotelaren parera ekarriko dugu», gaineratu du alkateak.

Aldaketa ez da behin betiko izaeraz egingo. Hasieran, interbentzio arina egingo da, pintaketa lanak eginda eta plataforma bat jarrita. Bi arrazoiengatik erabaki da horrela egitea: behin betiko izaeraz egin aurretik aldaketa ebaluatu nahi dutelako, eta Zumarditxikia autoz husten den unetik eremu osoa aprobetxatu litekeelako. Hau eginda, zain egoteko espazio itxi bat jartzea da aurreikuspena.

Udaltzainak eta hirigintza saileko langileak proiektuarekin lanean ari dira dagoeneko. Une honetan, bost proposamen daude mahai gainean. Guztiak aztertzen ari dira, egokiena aukeratu eta lanak egikaritzen hasteko.

Era berean, aldaketa honek Rondilla kalean trafikoa arintzea ekar lezakeenez, kale honetan dauden aparkalekuei aprobetxamendu handiagoa emateko aukera izan daitekeela aurreikusten du udalak; horretarako zenbait aukera aztertzen ari dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!