2026an otsailaren 12tik 17ra ospatuko dira Tolosako inauteriak. Soilik sei eguneko zoramena izaten bada ere, udala ia urte osoan aritzen da festak antolatzen. Dagoeneko egin dute lehen bilera irekia, eragile eta herritarrekin, eta Tolojai Tolosako Karrozen Elkarteko ordezkariekin ere bildu dira. Izan ere, azken urteotan zenbait buruhauste eragin ditu karrozen aferak.
Karrozetako parte hartzaileen zein inauterietako parte hartzaile ororen segurtasun osoa bermatu nahi du udalak, baina haren arabera gaur egun tolosarrek erabiltzen dituzten karrozek ez dituzte segurtasun- eta homologazio-neurri guztiak betetzen: «Ez dira homologatuak. Arazoren bat izanez gero, ez daukate bermerik».
Hori dela eta, udalak hamar plataforma homologatu erosteko lizitazio publikoa abiatu zuen. 170.000 euroko diru-partida gorde zuen kontratu bat formalizatzeko. Gerora, plataforma horien gainean eraikiko lirateke inauterietako karrozak. Udalak adierazi du enpresa askok interesa azaldu zutela, eta zenbait hilabetez harremanetan izan zirela haiekin.
Hala ere, zenbait arrazoi medio, hala nola, denbora falta, materiala lortzeko zailtasunak eta zailtasun ekonomikoak, lizitaziora ez da inor aurkeztu. Egoera horren aurrean, beste bide bat lantzen saiatuko da udala. «Posible bada, saiatuko gara datorren urteko inauterietarako plataforma homologatuak lortzen. Akaso, hamar ez, baina ahal diren gehienak lortu nahi ditugu». Udalaren asmoa da karroza zaharrak segurtasun handiagoko ibilgailuez ordezkatzea.
Ondorioz, oraingoz, behintzat, datorren urteko inauterietan ez da plataforma homologaturik izango, eta Tolojai elkarteak adierazi du euren karrozekin parte hartuko dutela. Karrozak eraikitzeko bi hilabete izango dituzte, Gabonetatik otsailera bitarte, zehazteke dagoen pabiloi itxi batean. Gaur egun, Olarrain auzoko orube batean daude aurtengo inauterietan parte hartu duten karrozak, olana urdinez estalita.
Udalaren jabetzako pabiloian, soilik gorde
Eta aurrera begira, zer? Bada, udalak bere jabetzako hamar ibilgailuak izaten dituenean, parte hartzaileei utziko dizkie. Horiek eskuratzeko aurretiko proiektu bat aurkeztea da asmoa. Hamar plataformez gain, karroza gehiagok ere inauterietan parte hartzeko aukera izango dute, betiere homologatuak badira.
Udalaren ibilgailuak bere jabetzako pabiloi batean gordeko dituzte urtean zehar. Inauteriak gerturatu ahala, karrozak eraikitzeko epe bat izango dute herritarrek, baina beste leku batean egin beharko dituzte lanak.