35. Abesbatza Kantuaren Europar Sari Nagusia eta 56. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

Letoniarrak izan dira garaile

Leyre Carrasco 2025eko urriaren 27a

Jurgis Cabulisek zuzendutako Youth Choir Kamer abesbatza izan zen nagusi, atzo, Tolosako Leidor aretoan ospatu zen 35. Abesbatza Kantuaren Europar Sari Nagusian.

Letoniako Youth Choir Kamer abesbatzak eraman zuen garaipena, atzo, Tolosako Leidor aretoan ospatu zen 35. Abesbatza Kantuaren Europar Sari Nagusian. Guztira, herrialde ezberdinetako bost abesbatza aritu ziren lehian, herritar askoren ikusmiran, baina letoniarren ahotsek aretoan bildu ziren ikus-entzuleen eta epaimahaikideen arreta irabazi zuten.

2022ko ekainetik abesbatzaren zuzendari artistikoa eta nagusia den Jurgis Cabulisen gidaritzapean abestu zituzten piezak. Guztira, bost izan ziren aukeratutako kantuak; Adolfs Skulte zuzendariaren Jurai (1971); H. Purcell eta Sven-David Sandstrom zuzendariek, Hear My Prayer, O Lord; Richard Dering zuzendariaren Factum Est Silentium (1618); Erik Esenvalds zuzendariaren A Drop In The Ocean (2006); eta Tadeja Vulc zuzendariaren Sine Sole Nihil Sum (2019).

Abesbatza Kantuaren Europako Sari Nagusia lau aldiz –2004, 2003, 2019 eta 2025– irabazi duen munduko lehen abesbatza da Youth Choir Kamer. Iaz, gainera, Bulgariako Barnan ere irabazle izan ziren.

Horiekin batera Choir Sola talde letoniarrak ere parta hartu zuen lehiaketan. Horrez gainera, Filipinetako Imusicapella eta Los Cantantes de Manila eta Indonesiako The Resonanz Children`s Choir ere aritu ziren. Indonesiako abesbatza zen, hain justu, Tolosako lehiaketa ordezkatuz parte hartu zuena.

Datorren hitzordua, ostegunean

Ostegunean, berriz, 56. Tolosako Abesbatza Lehiaketa abiatuko da. Ekitaldia 19:00tan hasiko da, eta igandera arte izango dira saioak. Emanaldietarako sarrerak Kutxabanken bitartez eskuratu ahalko dira.   

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!