35. Abesbatza Kantuaren Europar Sari Nagusia eta 56. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

Letonia omen korugintzaren epizentro mundiala

Erabiltzailearen aurpegia Migel Zeberio 2025eko urriaren 27a

Letoniako Youth Choir Kamer abesbatza.

Europako Abesbatza Sari Nagusia zer den azaldu behar lehenik: Elkar hartuta dauden Europako bost koru lehiaketa nagusienetan aurreko urtean irabazle izan diren taldeek, munduko edozein txokotakoak izanik ere, dute aukera bertan izateko eta aldi berean honetan saritua denak hurrengo urteko munduko lehiaketan izateko txartela lortzen du.

Filipinak eta Letoniak bina talde aurkezteko aukeratuak izan ziren, jakinik, Rigako Katedrala ere izendatuen artean egonik etortzerik izan ez eta indonesiarren taldeak ordezkatu zuela, beraz Letonia omen korugintzaren epizentro mundiala.

Geroz eta kantaera edonon uniformeagoa den honetan, desberdintasuna The Resonanz Indonesiako haurren koruak markatu zuen, aldea nabarmena baita adinak eta proiektu pedagogikoak ezar dezakeena, honek beste mugak azaleratzen ditu eta adierazkortasun handia eta aberatsa izanik heldutasunak eskaintzen dituen tresna teknikoetan aldea nabarmentzen da. Era aske eta emankorrean aritu ziren kantuan eta dantzan eta piano-jotzaile gaztearen lana ere ikusgarria iruditu zitzaigun, guztiz edukiarekin eta taldearekin bat egina.

Filipinetatik jaso genituen doinuetan Imusicapellarena azpimarratuko nuke Manilako Kantarien aldean. Azken hauek talde indartsua eszenaratu zuten, baina gorabehera teknikoetan labaindu ziren ustekabean. Ederra, baina aldi berean, aldrebesak diren Gesualdoren armonia ausartak eraikitzeko garaian estualdiren bat edo beste igaro zuten, eta emanaldia balada polita emanez itxi zuten. Imusicapella, saioko taldeen txikiena, hamarreko bi talde, emakumez eta gizonez osatutako korda txurien soinu borobilak erakarri ninduten, zenbakiz apalak izanagatik sakoneko indar eta izpi eskaintza emateko gaitasunagatik. Errepertorio klasikoari dagozkien aldeei nabarmenez gailentzen zaizkie beraien jatorriko musikak joskera eta ulertzeko erak eta joerak. Erritmika herrikoiak eta hauei dagozkien koreografiak ematen maisu dira.

Letoniako bi taldeak, goi mailako musika formazioa eta gaitasun goreneko ikasle gazteez osatuak, bertako herri/naziogintzaren zutabe sendoa osatzen duen musika eta bereziki koru kantaera mamitsuaren adiera ikusgarriak.

Sola Gazte Korua, zailtasunak menperatzen eta perfekzioari dagokionean maisuak, ziur, Kasparis Adamsons zuzendariaren ohiko jarduna orkestrak gidatzea izatea islatua agertzen zen geldiunerik eta tonu erreferentziarik eman beharrik gabe abestutako jarraiko errepertorio, oso-oso konplexuan. Orkestrak soinu tresna eta hauen tinbre aukera zabala eskaintzen digu eta trataera horrekin aurkeztu zuen taldea Adamsonsek, guztia oso garden eta ñabardura txikiena ere entzungai. Planteamendu honetan, ordea, sentimenduak eta goxotasuna transmititzea lehentasunetan ez izateak, emaitza pittin bat pobretzen du, eta horrekin aurre hartu zion herrialde bereko Kamer abesbatzak. Nire iduriz, arrats honetan, koru zuzendari bezala, egokiena berau Jurgis Cabulis izan genuen eta emaitza ere neurrikoa. Kasualitatez, bi taldeek Hear my Prayer o Lord, H Purcellen obraren gainean Sandstomek sorturikoa eman zuten, zoragarriak izanik azken aho zaporean Kameren ufadaren sakontasunak erakargarriago egin zuen interpretazioa. Ahotsen tinbreak zoli eta testuaren joskerekin zorrotz, eta aldi berean, lirikotasunaz bustiak eta kolore beroz apainduak.

Bitxikeria nabarmena saioan entzungai izan ditugun konposagileetatik talde nagusiena 70. hamarkada inguruan jaioa izana eta azpimarratzekoa, aretora bildutako ikusleri esker oneko eta beroaren jarrera. Epaia jakitearren zegoela kirol ekitaldietako giroaren antzekotasun prestuagoa zuen gelak, ordurako bertan murgilduak ziren parte hartutako kantariak, itxaronaldiak eragindako ezinegon eta jakin-minak oihu eta algara bilakatzeraino. Sari banaketaren ondoren irabazleekin batera beste muturrean zegoen abesbatza herrikidea elkarrekin kantatzera gonbidatu eta himno erako doinua era estereofonikoan dastatzeko aukera zoragarria izan genuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!