2026ko otsailaren 12tik 17ra ospatuko dira inauteriak. Hiru hilabete baino gehiago falta badira ere, dagoeneko jakina da Zaldunita egunean Janus Lester taldeak kontzertua egingo duela. Bada, aste honetan, jaiak antolatzeko bilerak egiten hasiko da Tolosako Udala herritarrekin. Asteazkenean, hilak 29, izango da lehen hitzordua; bilera irekia egingo dute kultur etxean, 19:30ean hasita. Inauteriak antolatzen parte hartzen duten elkarte eta eragileak gonbidatu ditu udalak. Gainera, interesa izan lezakeen edozein herritarrek ere bileran parte hartzeko aukera izango du.
Kartel lehiaketa
Beste urte batez, lehiaketa ireki bidez hautatuko dute inauteriak iragarriko dituen kartela. Nahi duen orok izango du aukera proposamenak aurkezteko; parte hartzaile bakoitzak, gehienez hiru lan aurkeztu ditzake. Azaroaren 3an zabalduko dute kartelak aurkezteko epea, hau da, datorren astelehenean, eta hilaren 14ra bitarte egongo da zabalik.
Kartelak fitxategi digital batean aurkeztu beharko dira, udalaren webgunean egongo den galdetegi baten bitartez. Fitxategiaren izena, kartelaren izenburu edo leloa izango da. Automatikoki, kartel bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio eta zenbaki hori izango da epaimahaiarentzat identifikatzailea, sortzailearen anonimotasuna bermatzeko.
Lanek honako ezaugarri hauek izango beharko dituzte:
- Tamaina: Formatu bertikala izan behar dute, 50 x 70 zentimetro.
- Erresoluzioa: 300 ppp-ko gutxieneko erresoluzioa.
- Kolorea eta teknika: aukerakoa.
- Formatua: Formatu digitalean, irudi bektorialeko fitxategi batean.
- Testua: Inauteriak 2026, otsailak 12-17 | Tolosa izan behar du idatzita. Tamaina eta tipografiak ondo irakurtzea erraztu behar du.
- Originaltasuna: Ideiari nahiz edukiari dagokionez, originalak izan beharko dute derrigor, argitaratu gabeak. Ezingo da IA adimen artifiziala erabili. Baldintza hori bete ezean, deskalifikatu egingo dira.
- Generoa: Erabilitako irudiek oreka bilatu beharko dute, rol eta estereotipo tradizionalak azpimarratu gabe, eta sexu, arraza, adin, kultura edo sexu-aukeren arloan diferentzien tratamendu gutxiesgarria ekidinda.
- Jokaerak: Alkoholaren edo drogen kontsumoarekin zerikusirik duen mezurik, irudirik edo bestelako elementurik ere ezin izango da agertu.
Kartel irabazlea urtarrilean iragarriko da, eta egileak 1.500 euroko saria izango du. Irabazleak bereizmen handiko formatuan aurkeztu beharko du bere lana. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den unetik aurrera, lehiaketaren inguruko oinarriak ikusgai izango dira udalaren webgunean. Era berean, informazio gehiago nahi duenak 943 67 03 83 telefono zenbakira deitu edo festak@tolosa.eus helbide elektronikora idatzi dezake. Horrez gain, nahi duenak kultur etxera jo dezake arreta-ordutegian.