Bihar, urriak 22, Iturralde dokumental laburra aurkeztuko dute Tolosako Leidor zinema aretoan, Jon Martija Leunda zuzendariaren jaioterrian eta ikus-entzunezko lanaren jatorrizko lekuan. 19:00etan izango da proiekzioa, eta sarrera doakoa da. Film laburra amaitutakoan, zuzendariarekin eta filmeko talde artistiko eta teknikoarekin hitz egiteko aukera izango dute ikusleek. Ondoren, Wilding dokumentala proiektatuko dute Leidorreko pantailan.
Zuzendariaren hitzetan, Iturralde «euskal landa-eremuari egindako maitasun adierazpena» da, haren familiaren baserrian gertatzen den hiru belaunalditako historiaren bitartez kontatua. Kontakizuna duela 100 urte gertatutako pasadizo erreal batekin hasten da. 1925eko urriaren 16an, Martijaren aitona Nicasio Leundak bizia galdu zuen gaztainondo batetik erorita. Gertaera horretatik abiatuta, Martijaren amona Leona Artolak bizi izandako zailtasunen bidez egiten du aurrera dokumentalak.
Iragan hori Tolosako babarrunaren azken uztarekin uztartzen du dokumentalak. «Bizitzari, naturari eta maitasunari buruzko kontakizun poetiko eta hunkigarria ehuntzen du», esan du Martijak. «Aldi berean, landa-eremuaren balioa aldarrikatzen du, gaur egungo gizartean sarritan baztertua, eta emakumeek mundu horretan izan duten eta duten eginkizun garrantzitsua azpimarratzen du», gaineratu du.
Iazko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen dokumental laburra Martijak, Eusko Label Sailean, eta bigarren saria eskuratu zuen. Ekoizpen «xumea» duen lana dela aitortu du zuzendariak. Telefono mugikor batekin grabatu zituen ia irudi guztiak. Bada, dagoeneko hiru kontinentetako hamar jaialditan parte hartu du eta sei sari irabazi ditu. Hauek nabarmendu behar dira: Bretainiako (Frantzia) Silence ça Touille! jaialdian, film labur onenaren saria; Errioxako (Espainia) Luces, Cameros, Accion film laburren jaialdian, dokumental onenaren saria ; Arabako Ganboa jaialdian, Film Labur Onenaren Saria, Publikoaren Saria eta euskararen trataeragatik Urrezko Zeledon Saria.
Azaroan, Zagorako (Maroko) Nazioarteko Zinema Jaialdian parte hartuko du film laburrak; Saharako basamortuan egiten dira proiekzioak. «Oraindik ibilbidearen hasieran egon arren, dokumentalak nazioarteko jaialdietan jarraituko du bere bidea egiten, Tolosako babarruna munduan barrena ereiteko», esan du Martijak.
Irakurri hemen ATARIA-k iaz Martijari egindako elkarrizketa, dokumental laburra Donostiako Zinemaldian estreinatu aurretik.