Iaz, Zinemaldiko itxiera ekitaldian izan zen Jon Martija Leunda (Tolosa, 1971). Bertan izan zuen Eusko Label Sailaren berri, eta aurten, lehen aldiz parte hartuko du jaialdian. Orduan pentsatu zuen saiakera bat egitea, eta gaur, Km 0 lana aurkeztuko du Trueba aretoan, beste hamahiru lanekin batera, 16:30ean hasiko den ekitaldian. Bi minutuko film labur bat da, babarrunaren landaketa azaltzen duena, baina aldi berean, Tolosako perla beltzaren eta Iturralde baserriaren historia biltzen duen proiektuaren lagin bat da.
Zer da 'Km 0'?
Nire sustraien berri ematea eta baserriek gure gizartean eta gure kulturan duten garrantzia azpimarratzea zen asmoa. Tolosarra izanik, bertako babarrunak garrantzi handia izan du nire bizitzan, baita Santa Lutzia auzoan dagoen Iturralde baserriak ere. Aldarrikapen bat ere izan daiteke. Gaur egun, gero eta gehiago kostatzen da baserri bat aurrera ateratzea, belaunaldi berriek askotan ez dutelako lan hori hartzen, eta baserri asko desagertzen ari dira. Iturralden, berriz, aurtengoa izan daiteke babarrunaren azken uzta. Ondorioz, baserriko lana modu poetikoan islatu nahi izan dut, balioan jarriz. Zero kilometroa kontzeptuaren atzean, askotan, marketina egoten da, errealitatea baino. Kasu honetan, argi ikusten da babarrun horiek zero kilometrokoak direla.
Nondik etorri zitzaizun film laburra egiteko ideia?
Zinemaldiko sail honen berri izan nuenean, kontatzeko istorio polita izan zitekeela pentsatu nuen. Film laburraren ideia garatzen hasi nintzenean, istorioak mami handiagoa zuela konturatu nintzen, familiaren eta baserriaren historia kontatu zitekeela, alegia, baina ezinezkoa zen guztia hiru minututan kontatzea. Beraz, babarrunaren historian jarri nuen fokua. Berez, babarrunaren prozesu guztia azaldu nahi nuen, baina uztailerako aurkeztu behar nuen lana, eta gaur egun, oraindik jasotzeke dute uzta. Hortaz, landaketa fasean zentratu nintzen. Film laburra dagoeneko aurkeztu badut ere, grabaketak egiten jarraitzen dut, Km 0 proiektu handiago baten adar bat delako.
Iturralde baserria oso gertukoa duzu, ezta?
Gaur egun bertan bizi direnak nire lehengusu Nicasio Leunda eta Lourdes Odriozola dira. Lotura handirik ez dut izan beraiekin, nahiz eta urtero egin izan dugun familia giroan babarrun jatea bertan. Askotan gertatzen da, ordea, gertuko istorioak ez dituzula sakonki ezagutzen.
Beraien egunerokoa ezagutzeko aukera izan duzu. Zerk harritu zaitu gehien?
Ezer baino lehen, eskertzekoa da lan honetan protagonista izateko ausardia eta prestutasuna izatea eta grabaketak egiteko aukera ematea. Beraien bitartez, naturaren baldintzak eta agintea hobeto ulertu ahal izan dut. Berez, ekainean landatu behar genituen babarrunak, baina hilabete euritsua izan zen. Lurra ez zen guztiz lehortzen, eta azkenean, zain egon behar izan genuen. Patxadaz hartu behar izan dugu proiektua.
Mugikor batekin grabatu duzu dena. Zer dela eta?
Hori zen sailak ezarritako baldintzetako bat, hiru minutuko gehienezko luzerarekin batera. Modu honetan, errazagoa izan da grabaketak egitea, gaur egun, edonork duelako kalitatezko mugikor bat.
Zer nabarmenduko zenuke zure lanetik?
Parte hartu duten pertsonen eskuzabaltasuna. Alde batetik, Nicasiorena eta Lourdesena. Bestetik, irudiari ukitu profesionalagoa eman dion eta koloreak tratatu dituen Laura Rodriguezena, eta ekoizpen lanetan aritu den Nerea Aguado bikotekidearena. Xabi Zeberioren ekarpen musikala ere nabarmentzekoa da. Proiektuaren ideia garatzen ari nintzenean, bere bi kantu nituen buruan, soinu banda gisa bikain funtzionatu zezaketenak, eta nire asmoen berri eman nionean, lasai erabiltzeko esan zidan. Lan xume batean, bera bezalako musikari handi baten laguntza izatea izugarria da. Gainera, filmak ez du elkarrizketarik.
Zer dela eta?
Nire erabakia izan da. Nahiko gipuzkoarra da elkarrizketarik gabeko lan bat egitea, ezta? Gainera, baserritarrak ere ez dira hitz askoko pertsonak izaten. Ondorioz, musikaren eta irudien bitartez adierazten dira tonua eta mezua, kontatu nahi nuena modu horretan kontatu zitekeela pentsatu nuelako.
Erraza izan da ideia guztiak bi minututan laburtzea?
Iaz, irail hasieran aurkeztu zituzten film laburrak Zinemaldirako. Aurten uste nuen epe berdinak izango zirela, baina bi hilabete lehenagorako egin behar genuen. Orduan, ez dut aukerarik izan nire ideia garatzeko. Azkenean, baina, naturaren tempo-an sartuz, neurri aldetik, emaitza polita lortu dut. Gogo handia dut pantaila handian ikusteko.
Horrelako lan bat egin duzun lehen aldia izan al da?
Iaz, dokumental labur bat egin nuen, The Window Ventanas taldearekin 1993an Suitzan egindako bira batean grabatutako irudiekin. Taldekide bat zendu zela eta, zinta zaharrak berreskuratu, eta muntaia txiki bat egitea pentsatu nuen. Dock Of The Bay Donostiako Musika Dokumentalen Jaialdira aurkeztu nuen, eta publikoaren saria eskuratu nuen.
Egun hauetan Zinemaldian zabiltza eta Tolosako babarrunak ere zapaldu du alfonbra gorria.
Proiektuari bere tokia egiten eta babarrunari merezi duen protagonismoa ematen ari naiz sare sozialetan. Egunero gabiltza babarruna poltsikoan hartuta.
Amuleto gisara?
Apur bat, bai.
Gaur, zu izango zara jaialdiko protagonistetako bat. Zein sentsazio dituzu?
Ilusio handia dut. Emanaldi bakarrean ikusiko ditugu lehiaketako film labur guztiak. Nicasio eta Lourdes ere emanaldian egongo dira.
Saria irabaziz gero, zer?
Lagungarria izango da buruan dudan babarrunaren inguruko proiektu handirako, eta, noski, babarrun jatea ere egingo dugu. Gertatzen dena gertatzen dela, kontentu egongo naiz. Hautatua izatea bera ere sari bat izan zen.