«Jarrai dezagun mundua euskaratik lantzen»

Ataria 2025eko urriaren 2a

Xabiertxo omentzeko ekitaldian, Ixaka Lopez-Mendizabalen senideak, erakundeetako ordezkariak eta herritarrak izan dira.

Xabiertxo liburuaren lehen argitalpenaren mendeurrena ospatzeko hainbat ekimen antolatu dituzte elkarlanean Tolosako Udalak, Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak eta Jakin fundazioak. Horietan nabarmenena, gaur egin duten omenaldi ekitaldia. Zerkausian egin dute, familiaren inprentaren parean, eta Lopez-Mendizabalen senideak ez ezik, hainbat erakundetako ordezkariak, euskalgintzako eragileak, hezkuntza-komunitateko ordezkariak eta herritar ugari izan dira; besteak beste, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatea; Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria; Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia; Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako lehendakaria; Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua; eta Manex Urruzola Galtzaundiko lehendakaria.

Eduardo Mocoroa Musika Eskolako lau irakaslek interpretatuta, Xabier Leteren Izotz ondoko eguzki kantuaren doinuekin eman zaio hasiera ekitaldiari, eta ondoren, Manex Urruzolak hartu du hitza. Xabiertxo «egarriz zegoen euskal komunitateari egindako ekarpen garrantzitsua» izan zela esan du, «garai hartako perspektiban estetikoki berritzailea, pedagogikoki erabilera aurrerazalekoa, baina batez ere, proiektu euskaltzale oso bati ekarpena egiteko jaio zena». «Haizearen kontrara euskararentzat mundu berri bat amesteko eta egikaritzeko» lan egin zuten euskaltzaleak ere ekarri ditu gogora Urruzolak, eta haiekiko nolabaiteko justizia egiten dela aldarrikatu: «Guretzat, eredugarria da Xabiertxo-ren atzean zegoen herri ekimen antolatua, euskarak momentuan zituen beharrei erantzuteko. Sentitzen dugu justizia apur bat egiten dela orduko euskaltzale horiekin».

Bestalde, Eider Mendozak Xabiertxo «euskara, euskal kultura eta herri-balioak belaunaldi berriei transmititzearen garrantzia» adierazten duen «sinboloa» dela adierazi du. «Gure herriarentzat dena grisa, dena basamortua, zen garaian, Ixaka Lopez-Mendizabalek kolorez beteriko liburu eder bat jarri zuen haur eta gaztetxoen esku. Berrikuntzatik, euskaratik, gure-gureak ditugun balioetatik landu zuen hizkuntzaren transmisioa. Eta, horrekin guztiarekin, bide eraginkorra eta berritzailea zabaldu zuen ahalegin horretarako. Gaur egun bizi dugun testuinguruan, hizkuntzaren biziberritzean eman beharreko jauzian, bidea markatzen digula esango nuke», gogoeta egin du. Aldi berean, Euskal Pizkundea eragin zuten ekintzaileen «indarra eta bisioa» aitortu nahi izan ditu. «Haien balioak, euskararen eta Euskal Herriaren aldeko elkarlanak, eraman behar gaitu konpromisora, euskara eta herri gogoa ondorengoei transmititu, eta indartsu jarrai dezaten».

Begoña Pedrosak, berriz, gehitu du «100 urte igaro ondoren, orduko mugarri hari begira gaudela, jabetzen gara zenbat aldatu den gure gizartea... eta halere, zeinen presente dagoen Xabiertxo-ren izpiritua».

Familiaren izenean, Miren Lopez-Mendizabalek, Ixakaren bilobak, bertaratutako guztientzat esker hitzak izan ditu: «Xabiertxo denona da, eta badakit gurekin batera zainduko duzuela».

Amaitzeko, Andu Martinez de Rituertok Lopez-Mendizabal familiak urtetan jasandako bidegabekeria aitortu du: «Ez genuke ahaztu beharko jasan zuten mina. Datorren urtean, 90 urte beteko dira Plaza Zaharrean euskarazko liburuak erre zituztela. Gero etorri ziren erbestea eta min gehiago». Beste hiru ideia nagusi ere azpimarratu ditu: «Oztopoz betetako garai betean izan zuen ausardia eta kemena; euskara noranahiko egiteko eta mundua euskaraz lantzeko erronkari heltzeko berrikuntzaren beharra; eta euskararen egoera sendotzeko urratsak egiteko herri eta eskualde modura, Tolosaldeak duen ardura eta erantzukizuna. Xabiertxo-ren mendeurren hau akuilu egokia da ardura horretaz ohartzeko: atzo egin zutenak ekarri baikaitu hona, eta gaur egingo dugunak ekarriko baitu biharkoa».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!