'Xabiertxo'-ren sorreraren urteurrenean, ekitaldi sorta antolatu dute

Ataria 2025eko irailaren 18a

Urriaren 2an jardunaldia eta omenaldia izango dira, eta urriaren 4an bisita gidatua egingo dute Tolosako Alde Zaharrean barrena.

100 urte bete dira aurten, Ixaka Lopez-Mendizabal tolosarrak Xabiertxo liburua lehen aldiz argitaratu zuenetik. Urte askotan zehar, euskarazko eskoletan haurrei irakasteko metodo nagusia izan da Xabiertxo. Bada, liburuaren lehen argitalpenaren mendeurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte elkarlanean Tolosako Udalak, Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak eta Jakin fundazioak. Urriaren 2an orduko egoera interpretatu eta etorkizuneko erronkak lantzeko jardunaldia eta omenaldi ekitaldia izango dira. Urriaren 4an, berriz, XX. mendeko Euskal Pizkundeari buruzko bisita gidatua izango da.

Mundua euskaratik landuz lelopean antolatu dituzte Xabiertxo-ren urtemugako ekitaldiak. Antolatzaileek data seinalatu hori baliatu nahi dute liburu hark bere garaiko testuinguru historikoan izan zuen begirada eta garrantzia azpimarratzeko, sortzaileari aitortza egiteko eta gaur egungo euskarak dituen erronken inguruko hausnarketa bultzatzeko.

Urriaren 2an, 09:15etik 14:00etara, orduko egoera interpretatu eta etorkizuneko erronkak lantzeko jardunaldia izango da  Antonio Maria Labaien kultur etxean. Lehenengo zatian, Haritz Azurmendik, Cira Crespok eta Koldo Ordozgoitik liburua kokatuko dute argitaratu zen uneko testuinguruan; bigarren zatian, berriz, Galder Gonzalezek, Iratxe Retolazak eta Josune Zabalak euskararen etorkizuneko erronkei buruz hausnartuko dute. Jardunaldia doakoa izango da eta derrigorrezkoa izango da aurretik izena ematea.

Egun berean, 18:0etan, urteurren-ekitaldia egingo dute Zerkausian. Liburuaren egile Ixaka Lopez-Mendizabalen lanaren aitortza egingo dute bere inprimategia egon zen kalean bertan, erakundeetako ordezkarien, Lopez-Mendizabal sendiaren, Tolosako ikastetxeetako ikasleen eta Eduardo Mokoroa Udal Musika Eskolako ikasleen parte hartzearekin, besteak beste. Ondoren, ekitaldira joaten direnek Euskal Pizkundearen xehetasunen berri jasotzeko bisita gidatua egingo dute Alde Zaharrean.

Bestalde, urriaren 4an, Xabiertxo-ren lehen argitalpenaren urtemugarekin lotuz, 11:00etatik 12:30era, XX. mendeko Euskal Pizkundeari buruzko bisita gidatua antolatu dute. Euskararen Historia Soziala Tolosaldean ikerketaren egile Haritz Azurmendiren eskutik, Tolosako Alde Zaharrean barrena euskararen aldeko mugimenduen eta istorioen berri jasotzeko aukera izango dute herritarrek, doan. Bisita gidatuan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea Galtzaundi.eus webgunean edo elkartearen egoitzan bertan. Ibilbidea 11:00etan abiatuko da Plaza Berritik.

'Xabiertxo', diktadurapean sortua

Ixaka Lopez-Mendizabalek 1925ean argitaratu zuen Xabiertxo izeneko liburua Tolosan, bere aita Eusebio Lopezen inprentan. Liburua belaunaldi berriei hezkuntza euskaraz ahalbideratzeko tresna zen. XX. mende hasierako Europako pedagogia abangoardistaren ildotik, liburuak eduki didaktikoa zuen, testu laburrez eta istorio txikiz osatua. Euskaraz ikasteko, euskara irakasteko eta euskarazko hezkuntzarako materialen beharrizanei erantzuteko sortu zen liburuak izugarrizko zabalpena izan zuen. 

Primo de Riveraren diktadurapean sortu zen Xabiertxo, eta ordutik hona argitalpen ugari izan ditu. Espainiako gerran, tropa frankistak Tolosara sartzean, Lopez-Mendizabal inprimategiko liburuak erre zituzten Plaza Zaharrean. Debekuen gainetik, Xabiertxo-ren argitalpen gehiago ere egin ziren erbestean, besteak beste, eta gerra ondoren klandestinoki sortutako ikastoletan, liburua erabiltzen jarraitu zuten. Ixaka Lopez-Mendizabal hil eta bi urtera, 1979an, Nazio Batuek izendatutako Haurraren Nazioarteko Urtean, Haur Liburuen Ohorezko Zerrendan txertatu zuten.

 

Urriaren 2ko jardunaldiko egitaraua

  • 09:15-9:30. Ongietorria eta sarrera.
  • 09:30-11:30. Hitzaldiak: 'Xabiertxo'-ren testuinguru historikoa(k). Hizlariak: Haritz Azurmendi Arrue, Euskararen Historia Soziala Tolosaldean ikerketaren egilea; Cira Crespo Cabillo, historialaria; Koldo Ordozgoiti Juanenea, kazetaria eta ikertzailea.
    Aldibereko marrazketa: Kepa Etxeberria Lopez-Mendizabal.
  • 11:30-12:00. Atsedenaldia.
  • 12:00-13:30. Mahai-ingurua. Mundua euskaratik lantzeko erronka gaur egun. Galder Gonzalez Larrañaga, Ikusgela proiektuko kidea. Iratxe Retolaza Gutierrez, ikertzailea eta Euskal Curriculumean aditua. Josune Zabala Alberdi, Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuko zuzendaria. Moderatzailea: Ane Zuazubiskar Iñarra.
  • 13:30-14:00. Itxiera: Uxue Alberdi Estibaritz eta Oihana Iguaran Barandiaran bertsolariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!