Tolosako Udalak, Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak eta Jakin fundazioak elkarlanean antolatu dituzte Xabiertxo liburuaren lehen argitalpenaren mendeurrena ospatzeko ekitaldiak. Jakineko kide eta Euskararen Historia Soziala Tolosaldean ikerketaren egile den Haritz Azurmendi Arruek (Albiztur, 1991) bi ekitalditan parte hartuko du. Urriaren 2an, orduko egoera interpretatu eta etorkizuneko erronkak lantzeko jardunaldia izango da kultur etxean, eta lehen zatian egingo duten hitzaldian izango da Azurmendi. Bestetik, urriaren 4an, Alde Zaharrean egingo den XX. mendeko Euskal Pizkundeari buruzko bisita gidatuko du albizturtarrak.
Zer garrantzi izan zuen 'Xabiertxo'-k?
Garrantzi handia izan zuen, noski. Batetik, materiala. Tolosatik kanpora begira sortu eta idatzi zuen liburua Ixakak. Garai hartan, zenbait lekutan, dagoeneko bazeuden euskarazko eskolak, baina gehiago sortzea aurreikusten zuten, eta eskola horietako hutsune material bati erantzuteko sortu zuen Xabiertxo.
Bestetik, Xabiertxo-k eta Ixakak intuizio bat izan zuten, ordura arte, han edo hemen, azaldu izan zena, baina hain agerian martxan jarri ez zena: mundua euskaraz lantzeko bidea abiatu zitekeela. Eskola modernoa ez zen euskararekin lotzen, eta biek ekarpen oso handia egin zioten bide horri.
Zergatik da beharrezkoa mendeurrenean liburuaren sorrera gogoratzea?
Aipatu dudan intuizio hori sozializatzeko premia dagoelako; arlo sozialak konprometituta egon behar du. Era berean, gogoeta egiteko ere balioko du. Xabiertxo liburu bat da, baina liburu horren atzean egitura oso bat dago, eskolena, irakasleena, bereziki, emakumezko irakasleen sare handi eta kontziente batena. Egun, duela ehun urte ez bezala, euskaltzaletasunak presentzia handia du erakundeetan, eta euskaltzaletasun instituzional horrek aitortza eman behar dio, baina baita mundua euskaratik lantzeko jarraipena ere.
Gizartean ez ezik, hezkuntzan ere izango da premia, ezta?
Irakasleen artean nabaritu dut intuizio hori. Material berria sortzeko premia eta grina handia dago. Wikipediak ere serio hartu du mendeurrena, eta Txikipedian tokia egin diote Xabiertxo-ri; garrantzia eman diote. Hortaz, badaude tresnak eta bideak, irakasleek haurrekin ere landu ahal izateko.
Urriaren 2an, kultur etxeko hitzaldian parte hartuko duzu. Zer azalduko duzue?
Koldok Xabiertxo liburuaren azterketa oso bat egina du: La odisea de Xabiertxo. Berak azalduko du Xabiertxo ez zela bakarrik gerraurrean geratu, eta gero jarraitu zuela. Bestetik, Xabiertxo-k publiko bat izan dezan, euskaraz irakasteko gai den sare handi bat behar da, eta garai hartan, bereziki, emakumezko irakasleak aritzen ziren haurrekin. Emakume euskaltzaleen mugimendu oso indartsua eta auto-antolatua egon zen, liburuaz baliatuta, eduki berriak sortzeko, eta horren inguruan hitz egingo du Cirak. Azkenik, ni eskualdera mugatuko naiz, eta Ixakaren bueltan, Xabiertxo sortzeko garai hartan zegoen giroaz hitz egingo dut, orduko testuinguru euskaltzaleaz alegia.
Eta urriaren 4an, gidari ariko zara Alde Zaharreko bisitan. Zer kontatuko duzu?
Hitzaldietan gauza asko kontatzen dira, baina bisita gidatuek formatu arinagoa dute; kontakizunak bizitzeko erraztasun handiagoa ematen dute. Xabiertxo-k eta Euskal Pizkundeak izan zuten garrantziaz ohartzeko aukera egongo da, kalean bertan.