Tolosako Udalak bozketa-prozesua jarri du abian, herritarrek 2026ko inauterietako kontzertuan zein talde ariko den erabaki dezaten. Tolosan erroldatutako eta 16 urtetik gorako herritar guztiek eman dezakete bozka, Erabaki plataforma digitalaren bitartez. Herritar bakoitzak behin bozkatu dezake, eta ezin ditu talde bat baino gehiago aukeratu. Ekimen honen bidez, udalak herritarren erabakitze-ahalmena areagotu nahi du, eta tolosarrei hitza eman nahi die inauterietako ekitaldietako baten aukeraketan.
Azken hilabeteotan talde ugarirekin jarri da harremanetan udala, eta Zaldunita egunean jotzeko prestasuna azaldu dutenen artean egingo da bozketa. Disko grabaketak, emanaldietarako etenak edo data horietan jo ahal izateko ezintasunak medio, beste talde batzuren proposamenek ez dute aurrera egin. Udalak aurkeztutako proposamenak honako hauek dira: Bengo, Merina Gris, Janus Lester, Ezpalak, Indabe, Los Zopilotes Txirriaos eta Kai Nakai.
Bozketa urriaren 10eko 12:00ak arte egongo da zabalik, eta udalak bozketa amaitu eta hurrengo astean jakinaraziko du kontzertuan ariko den taldea. Herritarrek bi modutara eman dezakete bozka: online, Erabaki.tolosa.eus parte-hartze plataforman, edo presentzialki, kultur etxean. Bozkatzeko, Erabaki plataforman izena eman behar da, eta proposatutako zazpi taldeetatik bakarra aukeratu. Hemen kontsultatu daitezke bozketan parte hartzeko jarraibideak. Kultur etxean bozkatzeko, astelehenetik ostiralera, honako ordutegi honetan dago aukera: 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.