ERREPORTAJEA

22 ikasle, 4 biziaro eta 7 bekatu

Jon Miranda Labaien 2025eko ekainaren 16a

Tolosako antzerki tailerra '7 bekatuak' entseatzen. J.M.

Tolosako kultur etxeko antzerki tailerreko ikasleek kurtso amaierako emanaldia eskainiko dute ekainaren 20an Leidor aretoan. Aurten irakasle lanetan hasi den Amaia Ruiz de Galarretaren zuzendaritzapean prestatu dute 7 bekatuak lana.

Berezia izaten da Tolosako Leidor aretoan kultur etxeko antzerki tailerreko ikasleek urtero eskaintzen duten emanaldia, urte osoan prestatutako obra taularatzen dutelako, eta saio hori izaten delako okasio bakarra antzezlana ikusteko. Ostiralean, une bakan horretaz gozatzeko aukera izango da eta, bertaratu nahi dutenek, antzokiko leihatilan edo Leidorantzokia.janto.es webgunean aurretik eskuratu ditzakete sarrerak.

Aurten, are bereziagoa izango da emanaldia, irakasle bezala lehen aldia baitu tailerrean Amaia Ruiz de Galarretak (Tolosa, 1986). Aurrez haurrei eman izan dizkie antzerki eskolak, baina behin ere ez helduei: «Erronka handia izaten ari da niretzat, uste baino handiagoa, baina oso pozik nago, esperientzia polita izaten ari da, aberasgarria».

Ikasturte hasieratik tailerrean parte hartzen duten ikasleekin batera egin nahi izan du bidea. Haiei galdetuta, gehien-gehienek hasieratik agertu zuten kurtso amaieran Leidorren obra bat antzezteko gogoa eta irakasleak aipatu du tailerreko jarduna, neurri handi batean, horretara bideratu dutela: «Urritik abendura ariketak egin ditugu klasean hainbat teknika lantzeko, hala nola ahotsarena edota inprobisazioarena. Behin Eguberrietako oporrak igarota, ikasturte amaierako obrarako gaia proposatu nien eta ordutik hona elkarrekin aritu gara lanketa egiten. Gidoia pixkana osatzen joan ginen, etxean prestatzeko edo klasean egindako inprobisazioekin eta Aste Santurako, gutxi asko, finkatuta geneukan antzezlana. Azkeneko asteak entseatzen eman ditugu».

Bekatu sorta

7 bekatuak izenburua jarri diote obrari eta agerikoa kristau tradizioan bekatu kapital bezala ezagutzen diren horiei egiten diela erreferentzia tituluak: diru goseari, lizunkeriari, inbidiari, mendeko-gogoari, jan-edanaren neurrigabekeriari eta nagikeriari. Obraren sinopsiak hala dio: «Indar ikusezin horiek limurtu egiten gaituzte, belarri ondora xuxurlatu, eta eragiten diguten plazer, botere eta mugarik gabeko zoriontasun horrek berak, galbidera eramaten gaitu».

Ruiz de Galarretak azaldu du erlijio izaera horretatik urrundu nahi izan dutela eta gehiago heldu diotela bekatuari instintuaren aldetik: «Kontrolatzen ez ditugun emozio horiek noraino eraman gaitzaketen esploratu nahi genuen, ikuspegi basatik, nolabait». Zazpi bekatu kapitalak lau biziarotan kokatu dituzte: haurtzaroan, nerabezaroan, helduaroan eta zahartzaroan. «Interesgarria iruditzen zitzaigun indar horiek geure bizitzan egin ohi duten ibilbidea, haurtzaroko xalotasunetik, nerabezaroko grina eutsiezinera, helduaroko kezka zamatsuetatik pasa eta zahartzaroko oroimin malenkoniatsuan bukatzeko. Azken batean, modu batera edo betera, guztiok gaude islatuta istorio horietan», esan du irakasle eta obraren zuzendariak.

Existentziaren ispilu izango da beraz antzezlana eta horretarako Ruiz de Galarretak adierazi du ez dutela artefaktu handirik baliatuko. «Argiarekin jolastuko dugu eta horretarako esperientzia duen Xabi Lozanori eskatu diogu laguntza. Gainerakoan, eszenografia handirik ez da egongo eta aktoreek jantzi basikoak erabiliko dituzte. Beltzez joango dira eta elementu txikiak erabiliz aldatuko dute pertsonaiez. Saiatu gara, ez oso arranditsua egiten». Lozanorenarekin batera, off-ahots batzuk grabatzeko Iñigo Asensio tolosarraren laguntza jaso dute eta antzerki tailerreko kide izandako Nahia Lizarra Calvok egin die emanaldirako kartela, sugarretan bildutako zazpia.

Sormen kolektiboa

Bekatuak aipatuta, iduri luke emanaldi dramatikoa izango dela, baina Ruiz de Galarretak dio komedia kutsua ere hartuko duela obrak une askotan. Askotariko generoen nahasketa egin nahi izan dute. «Hutsetik elkarrekin sortu dugun antzezlana da, ez da dagoeneko idatzita dagoen obra baten moldaketa. Uste dut ederra dela ikasleek aukera hori edukitzea, gauzak proposatu eta taularatu ahal izatea».

Amaia Ruiz De Galarreta, antzerki tailerreko irakaslea: «Hutsetik elkarrekin sortu dugun antzezlana da (...) Uste dut ederra dela ikasleek aukera hori edukitzea, gauzak proposatu eta taularatu ahal izatea»

 

Antzerki tailerrean parte hartu duten 22 ikasleek euren aldetik «asko» eman dutela adierazi du irakasleak. Pasarte gehienak klaseetan haiek proposatutakoekin osatu dituzte. «Obra bat zuzentzen dudan lehen aldia da eta nik ere banituen nire segurtasun faltak, baina neurri handi batean ikasleen aldetik jaso dudan erantzunagatik gainditu ditut zalantza horiek guztiak». Ruiz de Galarretak onartu du «eroso» sentitu dela, obra prestatzea ikasketa prozesu bat izan dela beretzat eta sormen prozesuak kitzikatu egin duela. «Oso motibatuta egon naiz». 

Horrela sumatu ditu baita ikasleak ere. 22 izan dira guztira, 18 emakume eta 4 gizonezko. 20 urtetik 75 urtera bitartekoak, gehienak Tolosaldekoak, baina baita Goierri aldetik etorritakoren bat ere. Aurreko urteetan tailerrean parte hartutakoak dira asko, baina aurten lehen aldiz animatu direnak ere dezente direla aipatu du irakasleak. 

«Askotariko profilak daude tartean eta erronka bat izan da hori guztia kudeatzea, are gehiago, kontutan hartuta nik ez nituela aurrez ezagutzen. Niretzat pozgarria da haiek nola ikasi duten ikustea. Ikasle horietako batzuk aitortzen dute haientzat terapeutikoa dela antzerki tailerrera etortzea, askatzen laguntzen diela eta emozioak lantzeko baliagarria zaiela. Gainera, adin, jatorri eta izaera diferenteko jendearekin tarte bat igarotzeko aukera ezin aproposagoa da», esan du Ruiz de Galarretak. 

Amaia Ruiz De Galarreta, antzerki tailerreko irakaslea: «Ikasle horietako batzuk aitortzen dute terapeutikoa dela antzerki tailerrera etortzea, askatzen laguntzen diela eta emozioak lantzeko baliagarria zaiela»

Astean bitan pare bat orduko klaseak izan dituzte: astelehenetan euskaraz eta asteazkenetan gaztelaniaz. Obraren estreinaldia gerturatu ahala, ugaritu egin dituzte entseguak eta astearteetan ere geratu izan dira bi taldeetako ikasleak elkarrekin antzezlana prestatzeko. 7 bekatuak obra, elebitan egingo dutela nabarmendu du irakasleak. 

Data gerturatu ahala geroz eta urduriago daude ikasleak, baina Ruiz de Galarreta saiatzen da espektatibak apaltzen: «Nik esaten diet ez dugula geure burua hainbeste estutu behar, exijentzia horiek kalte baino ez digutela egingo. Lan polita egin dugu ikasturtean zehar, badakigu zer dagoen eta nora goazen. Ez diogu dagokiona baino presio gehiago jarri behar geure buruari». 

Arduraz baina ondo pasatzeko gogoz gerturatuko dira aktoreak Leidorreko oholtza gainera, gaur zortzi. Esklusiban eskainiko dute antzezlana. «Pena da hainbeste lan egin eta gero antzezlana behin bakarrik eskaintzea, baina ez da bideragarria 22 pertsona alde batetik bestera mugitzen ibiltzea, guk ez dugu horretarako baliabiderik. Emanaldi bakarra izateak, dena den, badu bere xarma. Onerako edo txarrerako, baina dena hor jokatuko da eta ziur berezia izango dela». 

Dagoeneko sarrera asko salduta daude eta ikusmina badago tolosarren artean 7 bekatuak ikusteko. Gerturatzen direnek 22 aktore ikusiko dituzte oholtza gainean, zazpi bekatu kapitalen inguruko eszenak taularatuko dituzte lau biziarotan, zazpiehun lagun baino gehiagoren aurrean. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!