ELKARRIZKETA

«Lotsa galtzen eta besteen aurrean biluzten ikasi dut»

Jon Miranda Labaien 2025eko ekainaren 16a

Elena Larrañaga Tolosako antzerki tailerreko ikaslea da.

Noiztik zabiltza antzerki tailerrean?

Aurten hasi naiz. Hemen badabil jende asko urte asko daramatzana, baina nik pausoa aurten eman dut.

Zergatik?

Nik beste ofizio bat daukat, baina antzerkia pasioz bizi dudan zerbait da. Asko kontsumitzen dut eta nire ahalegintxoak egin izan ditut antzerki tailerren batean edo beste. Baina ni aritu izan naiz tailerrak gidatzen. Horregatik, beti utzi eta utzi, aurten erabaki nuen disfrutatzeko gogoa nuela, libreago ere banenbilen lanetik eta pentsatu nuen orain zela tailerrean izena emateko momentua.

Irakasle izatetik ikasle izatera.

Bueno, irakasle asko esate da. Umeekin eta nerabeekin aritu izan naiz eskolan antzerkia lantzen, baina hortik aurrera ezer gutxi. Unibertsitatean nenbilela hasi nintzen antzerkia egiten eta ordudanik beti ibili izan naiz mundu horretan bueltaka, nire gauzatxoak egiten. Beti besteentzat aritu naiz baina, orain, erabaki dut niretzat aritzea.

Zein irakaspen jaso duzu aurtengo ikasturtean?

Antzerkiaren bidez gauza asko ikasten dira. Lehendabizi zeure beldur eta ezinei aurpegia jartzen, erronkei erantzuten eta denborarekin horiek gainditzen. Hori hasteko. Jende guztiari gomendatuko nioke, niretzako oso-oso terapeutikoa baita. Lotsa galtzen eta besteen aurrean biluzten ikasi dut. Norberak bere modura biziko du, baina nire kasuan beste 'ni' hori bilatzeko saiakeran, nire abileziei baina, batez ere, nire beldurrei aurre hartzen ikasten dut.

Aurreratu dezakezu zein izango den zure ekarpena antzezlanean?

Sormen kolektibo bat da, jende askok parte hartuko du. Inork ez du ikaragarrizko protagonismorik baina guztiok egiten dugu papertxo bat, edo bi, edo hiru momentu oso ezberdinetan. Pertsonaiak baino gehiago, adin ezberdinetako bekatu islatzeko moduak izango dira jokatuko ditugunak.

Urduri al zaudete?

Ate-joka dator data, orain sumatzen ditugu tripazorriak eta tximeletak sabelean. Baina ez da harritzekoa, Leidor betetzen bada, zazpiehun lagunen aurrean aritzea ez da erronka makala. Lan egin dugu, gustura gainera. Guk gozatzen badugu, jendea ere gozaraziko dugu.

Jarraituko duzu hurrengo urtean antzerki tailerrean?

Bai. Dudarik gabe. Interes minimo bat duen edozein animatuko nuke. Niretzako oso baliagarria izan da eta ikaragarrizko giro polita daukagu. Uste dut besteen aurrean ahalduntzeko eta beste edozein bezain baleko zarela demostratzeko balio duela. Niri horrek asko balio izan dit.

Erlazionatuak

22 ikasle, 4 biziaro eta 7 bekatu

Jon Miranda Labaien eka 16 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!