Noiztik hartzen duzu parte tailer honetan?
Zazpi-zortzi urte dira hasi nintzela Elena Aranbarrirekin. Egia da, geldialdiren bat eduki dudala, urteren batean, baina beti itzuli naiz; tailerra bihotzean daramat.
Zein izan zen parte hartzeko zure motibazioa?
Antzerkia txikitatik gustatzen zait; Uzturpen ere egiten genuen han ikasle genbiltzanean. Iruditzen zait terapia moduko bat dela. Edozeini gomendatzen diot. Sozializatzeko zailtasunak badituzu eta lotsatia bazara baliagarria da, edo bestela baita denbora pasarako ere. Horregatik hasi nintzen eta horregatik jarraitzen dut.
Zer ikasi duzu denbora honetan?
Inprobisatzen, gauzei hainbesteko pisua ez ematen eta perspektibarekin begiratzen ere ikasi dut. Gainera tailerrean adin ezberdinetako jendeak hartzen du parte eta oso aberasgarria da haiekin denbora konpartitzea. Hori guztia eta espero dut hainbeste denboraren ostean, nire aktore maila ere hobetuko zela.
Zer moduzko esperientzia izaten da ikasturte amaierako obra?
Sei-zazpi egingo nituen dagoeneko eta oso polita da. Paper asko tokatu zaizkit, txiki-txikietatik hasi eta protagonistetaraino. Denek dute garrantzi bera, obra batean dena ondo jostea da garrantzitsua.
Aurten zer egingo duzu?
Aurtengo obra ezberdina da, egiteko modua ere ezberdina izan delako. Prozesua diferentea izan da. Ikasleok sortu dugu inprobisazio bidez. Etxetik lanketa bat ekartzen genuen gaiaren inguruan eta gero klasean eszena muntatzen genuen. Besteen ekarpenekin aberasten joan dira pasarte horiek eta horrela osatu dugu antzezlana. Nik aurten hiru parte hartze dauzkat eta elkarren artean oso ezberdinak dira. Batean, pertsona «gaizto» baten papera jokatuko dut. Kostatzen zait, adibidez, horretan sartzea; dena den, aurreko urteetan egindako lanak laguntzen dit pertsonaia horri aurre egiten.
Zer moduzko irakaslea da Amaia Ruiz de Galarreta?
Oso ona. Aurreko irakaslearen aldean aldaketa batzuk ekarri ditu, baina baditu harekin ere antzekotasun batzuk. Ikasturteko lehenengo zatian, adibidez, ariketak egiten genituen klasean eta horretan badago antzekotasuna. Gero obra prestatzerakoan aldatu da kontua, denon artean sortu dugulako, sormen kolektiboa izan delako.
Nola gonbidatuko zenituzke herritarrak emanaldira joan daitezen?
Gerturatzeko esango nieke. Zazpi bekatuak dira antzezlanaren gaia eta gure egunerokotasunean ikusten ditugun gauzak ageri dira. Ikuspuntu ezberdin asko lantzen dira eta interesgarria da. Etor daitezela Leidorrera.