Eta zer ez da (ez)berdin

Zeberiotarrak aurrez aurre

Ataria 2025eko maiatzaren 29a

Era batera edo bestera, musikarekiko maitasuna jaso dute biek txikitatik; Juantxo, aitak, ibilbide luzea du atzetik; Malentxo, alaba, berriz, bidea egiten hasi da.

Zuretzat zer da parekoa? 

Juantxo: Alaba, Malentxo. 

Malentxo: Niretzat ere aita, Juantxo. 

Nola definituko zenuke? 

Juantxo: Alaia, indartsua, nahi duenari ekiteko gaitasuna duena, eta beste hainbat gauza.  

Malentxo: Lasaia, sormen handikoa, printzipio garbikoa, eta iritzi indartsukoa baita ere. 

Zer ezaugarri nabarmenduko zenuke parekoaz? 

Juantxo: Lehen esan bezala, buruan jartzen zaion edozeri aurre egiteko nahia eta gaitasuna duela. 

Malentxo: Nik esango nuke ideiak oso garbi dituen pertsona dela, eta zerbait egin behar duela sentitzen duenean edo motibatzen duen proiekturen bat duenean haren bila joaten dela 100 %ean, oztopo guztien gainetik.  

Hain positiboa ez den zerbait? 

Juantxo: Nortasun handia duela. Batzuetan zezenak bezala jartzen da, eta zezen hori toreatzen jakin behar da.  

Malentxo: Nik oso burugogorra dela esango nuke. Familiatik datorkigun ezaugarria da eta askotan eragiten digu.  

Nora joango zinateke gustura parekoarekin? 

Juantxo: Edozein lekutara esango nuke, baina mendi buelta bat egitera, eskiatzera... Horrelakoren bat egingo nuke gustura. Duela gutxi proposatu nion, baina okupazio asko ditugu eta azkenean ez genuen joaterik lortu.  

Malentxo: Ez da erraza bi musikariren agendak uztartzea. Nik ere gauza bera pentsatu dut. Halere, beti joan izan gara kontzertuetara elkarrekin eta hori ere oso gustura errepikatuko nuke.  

Berarekin pasatako une edo pasadizo bereziren bat.  

Juantxo: Pasadizo asko dauzkat, baina azpimarratuko nuke, urte askotan Iruñeara joaten ginen momenturen bat. Berak osasun kontu bat zuen eta urtean hiru bat aldiz joaten ginen bertara. Azkenean lana zen, joan egin behar genuen, baina aldi berean gure momentua zen. Amaitzean, ospitalean zuku bat hartu, ondoko tabernan Coca-Cola bat... Bakarrik egoten ginen momentu gutxietakoak ziren, aldi berean gogorrak, medikuan izaten baitziren, baina gustura egoten ginen.  

Malentxo: Nik esango nuke karrera utzi eta kontserbatoriora sartzea erabaki nuen unea. Azkenean, une zailak dira, eta gainera sarrera probak prestatu behar nituen. Pianoa jo behar nuen, eta hor lagundu zenidan modua eta inplikatu zinen modua aipatuko nuke. Nirekin jo zuen probetan, pianoa jotzen irakatsi zidan, eta azkenean normalean jendeak urtebetean prestatzen duen froga bat hiru hilabetetan prestatu genuen.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!