Tolosan, musika eta Zeberio abizena uztartzea ia ezinbestekoa bihurtu da azken hamarkadetan. Juantxo (Tolosa, 1968) aitak, bere musika ibilbideaz gain, Euskal Herriko musikari onenekin oholtza partekatzeko aukera izan du azken hogeita bost urteetan. Malentxo (Tolosa, 2001) alabak, aldiz, orain urte gutxi ekin zion musika ibilbideari. Gaur egun. Mirua taldeko kide da. Bihar aterako dute lehen disko luzea.
Zein da musikarekin duzuen aurreneko oroitzapena?
Malentxo: Oroitzapen handirik ez daukat, baina aitak askotan kontatzen duena kontatuko dut. Txikitan, oraindik oroitzapenak eduki baina lehenagoko adinetan, ama lanera joaten zenean, pianoaren azpian jartzen ninduten, aitak ordu luzez jotzen zuen bitartean ni kontrolatua edukitzeko.
Juantxo: Nire kasuan, etxean guztiak ziren oso musika zaleak. Beti egon da presente, bai fisikoki, disko asko zituztelako eta guk ere izan ditugulako. Nolabait, espazioan beti egon da musika, beti hartzen zen denbora entzuteko. Guk gainera, ez genuen telebistarik. Orduan, batetik elkarrizketak, hitz egin, haserretu, eta eztabaidatu egiten genuen. Gero, bigarren kontua, musika zen presentzia handiko elementua geure etxean.
Malentxo zuk ezin izan duzu musikaren burbuilatik ihes egin.
Malentxo: Ez ez, inola ere ez. Halere, egia da ez gaituztela etxean asko baldintzatu horren baitan. Anai-arrebetatik ere ez gara guztiak musikariak, baina zaletasunik ez edukitzea ezinezkoa zen. Hortik musika lanbidea izatea beste kontu bat da.
Piano azpian orduak igarotzeak bere fruituak ekarri zituen.
Juantxo: Hor batzuetan kontrakoa ere izaten da, alegia, gurasoak nolako, seme-alabak aurkako. Nik beti esaten dut galdetzen didatenean, agian, nahiagoko nukeela baten bat enpresaburu atera izan balitz eta beste modu batera etxera ogia ekarri beharko balu. Egia da poz handia dela, baina musikari bizitzak edo artista bizitzak ere baditu bere zailtasunak eta bere gauzak.
Malentxo, zuretzat erreferente ere izango ziren etxekoak, ezta?
Malentxo: Bai bai, azkenean ikusten dut askotan musikari bezalako lanak apur bat mitifikatuta daudela, eta kanpotik eta bereziki gaztea zarenean. «Abeslaria izan nahi dut» esatean, astronauta izatea balitz bezala hartzen da, eta hor mito bat dagoela uste dut. Gure kasuan etxean alde nagusi guztia bizitu dugula uste dut, modu oso-oso natural batean, bere alde onekin eta bere alde txarrekin. Aldi berean ere, ni kontserbatoriora sartu nintzen, baina aitak ez zuen halakorik egin. Gaur egun musikalki ibilbide natural bat egin dut.
Malentxo, etxean ez zinen erabat musikaren inguruan orduak sartzen zituen horietakoa?
Malentxo: Ez ez! Ez ginen ordu asko ikasten egoten. Musika eskolara joaten ginen, eta, nik biola jotzen nuen, abesbatzara ere joaten nintzen, orkestra batean ere bai, baina ez ginen beste munduko ezer. Oso modu naturalean ibiltzen ginen gauza ezberdinak egiten. Denborarekin orduak gehitu genizkion musikari. Nortasuna ere garatzen joan nintzen heinean, musikaren bidea jorratu nuen.
Tolosan, Zeberio abizena eta musika uztartzea ezinbestekoa da?
Juantxo: Badaude pedigri batzuk batere gustuko ez ditudanak. Nire gurasoak ez ziren musikariak. Ez nuen erreferenterik izan alde horretatik. Nik musika nuen gustuko. Geure etxean, ezertarako balio ez zuten gauzen balioak genituen, alegia, neurtu ezin diren gauzen balioak. Nik, esaterako, karrera bat egin nuen, baina, orduan jada ordu asko igarotzen nituen pianoa ikasten Gasteizen. Askok ez zuten ulertzen! Azkenean, ikasitako karreran ez nintzen inoiz aritu, eta, aldiz, musikaren munduan amaitu nuen. Objektiboki begiratuta, askoz ordu gehiago pasa nituen pianoa jotzen ikasten baino. Amari asko izorratzen zion jendeak zera esaten zionean: «A ze zortea lau seme-alaba musikari izanda!». Jarraian erantzuten zien: «bai, baina zeureak badaezpada enpresaritza ikasi dute!». Inork ez du ziurgabetasuna duen langintzarik nahi.
Aita gustura ikusteak animatu zintuen zu ere musika munduan sartzera?
Malentxo: Aita eta ama beti ikusi ditut gustura haien lanetan. Bada jendea, esaterako, hogeita bi urterekin enpresa batean sartu dena baina pozik bizi ez dena. Nik ez nuke nahi nire burua horrela ikusi, eta gurasoak ere ez ditut horrela ikusi. Gustuko dudan zerbaitetan egin nahi dut bidea.
Aita zorrotza izan al da zuekin musika kontuetan?
Malentxo: Batere ez! Asko animatu gaitu, eta inplikazio handia izan du gurekin, esaterako, ikastolako abesbatzan. Bere proiektuetan sartzen hasi zen haur abesbatzak, eta geure musika esparruetan asko lagundu digu. Tenpora taldeko bere diskoan ere sartu gaitu ahizpa eta biok. Asko lagundu digu ateak irekitzeko garaian.
Beti argi izan al duzu musikaren mundutik jorratu nahi zenuela etorkizuna?
Malentxo: Ez. Batxilergoa amaitu nuenean, Artearen historia ikasten hasi nintzen. Banekien musika nire bizitzako zati garrantzitsua zela, eta oso gustuko nuela. Karrerako lehen urtean jabetu nintzen zerbait zehatzagoa zela bilatzen nuena. Ordura arte ez nekien kontserbatorio batean zer egiten zen ere! Musikara zuzenduta zegoen zerbait nahi nuen, eta, kontserbatorioan hasi nintzen, irakaskuntza ikuspegi batetik ere lan egiteko. Orduan sortu genuen gainera Mirua taldea, eta modu naturalean joan nintzen karrera eta taldea uztartzen. Ez naiz batere damutzen aldaketaz! Pribilegiatu bat sentitzen naiz gaur egun. Bihar aterako dugu geure lehen lan luzea. Ea dena ondo ateratzen den!
Zuk Juantxo, zeure musika ibilbidean, hainbat eta hainbat musikarirekin jotzeko aukera izan duzu, besteak beste, Benito Lertxundirekin, Eñaut Elorrietarekin, Pettirekin, Maddi Oihenartekin… Baten batek bereziki markatu zaitu?
Juantxo: Zaila zait bat esatea! Orain, esaterako, Maddi Oihenartekin ari naiz disko berria prestatzen, uztailean grabatzen hasteko. Nire musika ibilbidea, familiarekin batera eraman dut erabat. Seme zaharrenak jada hogeita sei urte ditu, eta orduan hasi nintzen gutxi gorabehera Imanolekin eta Benitorekin, ondoren Oihenart etorri zen… Betidanik izan dut harremana Oihenartekin, eta orain berriro goaz grabatzera. Oso harreman berezia daukat berarekin. Bera ere berezia da, sentikorra, zuberotarra, sensiblea… Geure etxean ere askotan geratu izan da lotan, eta seme-alabek ere askotan eskatzen zizkidaten umetan bere abestiak. Asko ikasi dut iparraldeaz berarekin. Bat aipatu beharko banu, bera esango nuke. Baina zer esan Benito Letxundiz. Hogeita bost urte egin ditut berarekin. Edo Pettirekin, edo Imanolekin… Denekin asko ikasi dut.
Malentxo, aitak ez dakit sari asko irabazi dituen, baina zuk baduzu bat poltsikoan; Gaztea Maketa Lehiaketako Harrobi Saria. Zer suposatu zuen hark?
Malentxo: Mirua taldearekin irabazi genuen. Nagusiki, lehenengo disko laburra grabatzeko aukera eskaini zigun. Disketxe baten babesarekin ateratzeko zortea izan genuen. Gure taldearen lehen kontzertua izan zen gainera. Jende askok geure aldeko apustua egin zuen, eta bultzada handia izan zen hura irabaztea. Zerbait bazela konturatzeko balio izan zigun sari hark. Lau urte pasa dira geroztik, eta orain aterako dugu lehen disko luzea.
Bakoitzak, besteak dituen gaitasunetatik zer hartuko zenukete?
Malentxo: Nik pazientzia esango nuke, eta baita ikasten sartzen dituen orduak eta sortzeari eskaintzen dion denbora ere. Horrekin ez dut nik egiten ez dudanik esan nahi, baina hori asko apreziatzen dut.
Juantxo: Gaztetasuna esan behar nuen, baina ez, nire adinarekin oso gustura nago [barrezka]. Egia esan gauza asko hartuko nituzke, nik uste agian gure belaunaldian orokorrean ez zela horretarako ausardiarik, baina orain Malentxo eta hauek ikusten ditut eta asko gustatzen zait egun aldarrikatzeko duten ausardia. Umila izan behar da, baina geure burua defendatzeko eta aldarrikatzeko gaitasuna ere izan behar da.
Inoiz biak batera talde bat sortzearen ideia izan al duzue?
Juantxo: Talde bat sortzea azkenean oso garrantzitsua da, eta, oraintxe bakoitzak bere bidea du, nahiz eta noizbehinka ibilbide horiek elkartzen ditugun. Zorionez, asko partekatu dugu elkarren musika, baina oraintxe bakoitzak bere ibilbidearekin jarraitu behar du.