Eta zer ez da (ez)berdin

Artolazabaltarrak, aurrez aurre

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2025eko maiatzaren 15a

Ahizpa helduenak, Nekanek, ibilbide labur baina oparoa izan zuen txirrindularitzan; Ainhoak, berriz, urte gehiago egin zituen goi mailan lehiatzen.

Zuretzako zer da parekoa? 

Nekane: Ahizpa. Mundu honetan gehien maite dudan eta miresten dudan pertsonetako bat da niretzat Ainhoa. 

Ainhoa: Ahizpa odolez, eta nire bizitzako etapa ezberdinetan rol ezberdinak hartu dituena. Gaur egun esango nuke nire bidelaguna dela.  

Nola definituko zenuke parekoa? 

Nekane: Batez ere pertsona ona da. Hortaz harago, noblea eta azkarra da, oso azkarra. Lider ona ere bada. 

Ainhoa: Zaintzaileetan zaintzaileena! Gozoa, oso gozoa, eta hitzak beti ondo neurtzen ditu. Jakinduria handikoa da, oso komunikatzaile ona, transmititzaile oso ona, iristen den horietakoa, eta familiako maistra da. Jakinduria aipatu dudanean, entziklopedia ireki bati erreferentzia egiten nengoen. 

Zer ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke parekoaz? 

Nekane: Oso lider ona da. 

Ainhoa: Oso komunikatzaile ona da. 

Zerbait ez hain positiboa parekoaz? 

Nekane: Egoskortzen denean, uf… Horrelakoetan hobe bakarrik uztea. 

Ainhoa: Gauzak gehiegitan galdetzen dituela eta dena jakin beharra duela.

Nora joango zinateke gustura parekoarekin? 

Nekane: Munduaren amaierara joango nintzateke berarekin. Gainera, batzuetan, erosketak batera agiteko geratzen gara. Hobe esanda, berak erosketak egiten dituen bitartean, nik lagundu egiten diot. Harategian ere, gure txanda iristen den bitartean, tertulian aritzen gara. 

Ainhoa: Bai, hori egia da, Nekane beti ondoan izateak solasaldi handia baieztatzen dizu. Niri ez zait gehiegi hitz egitea gustatzen, izan ere, Nekanerekin entzule aktiboarena egiten dut. Lehen esan dudan bezala, Larouse entziklopedia bat da, berarekin edozein lekutan gustura egoten naiz. 

Berarekin pasatako une bereziren bat. 

Nekane: Lehen aipatu dudan bezala, Ainhoa oso lider ona da. Gogoratzen dut aita ospitalean zegoenean koma egoeran, itzali egin behar genuen eta kirofanoan agurtu behar izan genuen. Kirofanora sartu aurretik gela batean sartu gintuzten, eta, hantxe ibili ginen bata, txano berdea eta patukoak janzten. Oso momentu gogorrak izan ziren, nire bizitzako momentu gogorrenak ziurrenik. Eta han geundela, halaxe bota zigun: «mugi neskak, goazen aitari azken agurra ematera». Eta hor, ama, hiru ahizpak, eta nire alaba geunden, eta izugarrizko energiarekin joan ginen gure onena aitari ematera. Gogoratzen naiz kirofanoko korridore zabal horretan gu bostak eskutik helduta. Ainhoak eman zigun kirofanora horrela joateko indar hori, aitari merezi zuen agurra emateko.  

Ainhoa: Ez dugu bizipen ugari eduki Gasteizen egon zinelako urte asko, eta, hor, agian, pixka bat distantziatik bizitu izan dugu. Momentu berezietatik aipatuko nuke aitaren heriotzarekin zerikusia duen lehenengo bidaia egin genuenean Portugalera. Bidaia hark asko mugitu zigun, eta momentu berezietako bat hori da. Badut beste momentu berezi bat. Nire euskarako EGAko azterketa gainditu nuenean, baleak ikustera joan ginen, bale gutxi izan ziren, baina izan zirenak onak izan ziren. Bakoitzak bere bidea hartu du, eta Gasteizen bizi zenean gutxitan elkartzen ginen, ni ere bizikleta munduan nenbilen eta. Baina bai, niretzat horiek izan ziren bi pasadizo berezienak, baleak ikustera joan ginenean eta bestea aitaren heriotzaren ondoren egindako Portugaleko bidaia hori. Nik uste momentu horretan reset bat egin genuela.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!