Eta zer ez da (ez)berdin

«Bi ahizpak oso modu ezberdinean bizi izan genuen txirrindularitzako garaia»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2025eko maiatzaren 15a

Ainhoa eta Nekane Artolazabal.

Nekane ahizpa helduenak ibilbide laburra egin zuen, besteak beste lehia ez zuelako atsegin; Ainhoa, berriz, munduko lasterketarik esanguratsuenetan eta Olinpiar Jokoetan lehiatzera iritsi zen.

Txirrindularitza eta emakumeak uztartzeko garaian, ezinbestekoa da Artolazabal abizena mahaiaren gainean jartzea. Nekanek (Tolosa, 1972), bi ahizpetan lehenak, ibilbide oparoa bezain laburra egin zuen bizikletaren gainean, baina ondoren alforjak jarri eta bizikletan bidaiatzeari ekin zion. Ainhoak (Tolosa, 1974), aldiz, kirol ibilbide luzeagoa izan zuen, eta Euskal Herriko txirrindularirik onenetakoa izan da. Munduko lasterketarik esanguratsuenak jokatu zituen, eta, besteak beste, Bartzelonako Olinpiar Jokoetan ere lehiatu zen.

Txirrindularitzako hastapenez gogoratzean, aita zenaren irudia ezinbestekoa bihurtzen al da?

Nekane: Aita txirrindularia izan zen gaztetan, eta afizionatuen mailan ere urtebete egin zuen. Etxean beti ikusi izan dugu Frantziako Tourra, Italiako Giroa, Espainiako Itzulia… Etxe inguruko lasterketa herrikoietan ere parte hartzen zuen. Ainhoak berak ere pelotoia partekatu zuen aitarekin, esaterako Alkizako eta Baliarraingo Igoeretan.

Ainhoa: Aitak sartu zigun harra! Uda iristen zenean, egunpasak, aitarekin bizikletan egin behar izaten genituen. Izugarrizko amorrua ematen zidan horrek! Hondartzara ere, Andazarratetik barrena joaten ginen bere atzetik. Hiru ahizpak, kanbiorik gabeko bizikletekin joaten ginen gainera. Pentsa, hamabi, hamar eta bederatzi urte izango genituen! Aitak, soka batekin erantsita eramaten gintuen. Ze behar genuen guk horrela ibiltzeko! [barrezka]. Askotan esaten nion aitari; ezin al dugu familia normal bat bezala autoz joan hondartzara? Ba ez! Bizikletaz joan behar genuen!

Nekane: Asko kexatzen ginen orduan, Ainhoa gehiago, baina ederki pasatzen genuen!

Oso umetatik izan zenuten gustuko bizikleta?

Ainhoa: Nik hasieran ez! Ez nuen bizikleta ikusi ere egin nahi!

Nekane: Ni izan nintzen lehena bizikletan ibiltzen hasten. Uda batean, beste bi lagunekin hizketan hasi nintzen bizikletan hasteko ideiarekin. Orduan jada han aritzen ziren Arantxa Orbegozo Txitxi, Josune Gorostidi eta Dina Bilbao. Txirrindulari eskolan sartzeko zer egin behar zen galdetzera joan ginen, eta, informatu ondoren, bi lagunak atzera bota, eta ni bakarrik hasi nintzen. Orduan ez zegoen ondo ikusia neskak bizikleta gainean lehiatzea!

Ainhoa, zuretzat errazagoa izan al zen bizikletan hastea?

Ainhoa: Niri, Nekanek ireki zidan bidea. Bi urtez edo, borrokan egon nintzen bizikletarekin, aitarekin eta egunpasekin. Orduan, iraupen eskian aritzen nintzen, eta, Xanti Lekuonak aholkatuta, udan beste kirol bat egitea proposatu zigun. Zer aholkatuko eta, bizikleta! Baina kasu egin nion! Aitari esan nionean, begiak argitu zitzaizkion!

Nekane: Hiru ahizpen lehen hiru bizikletak, aitak berreskuratutako bizikletekin osatutakoak izan ziren. Hogeigarren eskukoak izango ziren! Etxean ez zegoen hiru bizikleta edukitzeko adina diru.

Nola gogoratzen dituzue lehen lasterketak?

Nekane: Emakumeen egutegi propioa genuen orduan, gaur egungoa baino askoz ere hobea. Euskal Herri osoan jokatzen genituen lasterketak. Hemengoaz harago, Espainiako egutegia ere bagenuen, esaterako, Laredon (Kantabria), Madrilen, Galizian edo Mallorkan lehiatzen genuen.

Ainhoa: Gaur egun, Gipuzkoan, hiru lasterketa soilik daude emakumeentzat bakarrik. Gure garaian, aldiz, Gipuzkoatik ez ginen ateratzen ia. Martxoan hasi eta urrira arte luzatzen zen egutegia.

Noiz konturatu zinen Nekane txirrindularitzarako dohaiak zenituela?

Nekane: Ni bizikletan ibiltzen nintzen, eta Amurrion (Araba) eta Lakuntzan (Nafarroa) bi lasterketa irabazi ahal izan nituen. Baina hantxe amaitu zen nire ibilbidea. Taldeko bakarra izan nintzen, eta egun hartan aita izan zen nire zuzendaria. Ondoren, errepideko txirrindularitza utzi eta alforjak erantsi nizkion bizikletari.

Zuk Ainhoa, oso denbora laburrean emaitza izugarriak lortu zenituen.

Ainhoa: Hamazazpi urterekin hasi nintzen lehiatzen, eta hemeretzirekin maila absolutuan nengoen. Txikitatik oso gustuko izan dut kirola egitea. Uste dut existitzen ziren kirol guztiak probatu nituela. Egia da, berezkotik ere banuela. Lehen lasterketan ez nekien piñoiak eta platerak existitzen zirenik ere! Ahizpari begira egon behar izaten nuen! Hemeretzi urtetatik hogeita bost bete arte, nazioarteko egutegi guztia korritzeko aukera izan nuen. Ez ziren urte asko izan, baina intentsitate handikoak izan ziren.

Zuk, Nekane, oso gazte zinela utzi zenuen txirrindularitza. Zergatik?

Nekane: Hogei urterekin utzi nuen. Gasteizera joan nintzenean, oso gogorra egiten zitzaidan han entrenatzea. Halere, ez zen hori arrazoi nagusia izan. Etxean, eliteko beste bi txirrindulari nituen. Nerabezaroan nengoen, eta, etxeko bi txikienak ni baino beranduago hasitakoak gainera, ni baino hobeak zirela konturatzen nintzen. Dena irabazten zuten! Aurrera jarraitzeko motibazioa falta izan zitzaidan. Izugarrizko maila zutela ikusten nuen. Bestalde, nik ez neukan beste biek zuten lehiakortasun hori. Aitak beti esaten zidan ea zergatik ibiltzen nintzen bizikletan. Nik beti esaten nion lagunak egiteko eta lekuak ezagutzeko ibiltzen nintzela. Ez ninduen ulertzen!

Ainhoa: Nekaneri ez zaio batere gustatzen lehiatzea. Nik, aldiz, oraindik, lehiakortasun izugarria mantentzen dut. Semeari oraindik ere beti esprintatzen diot. Ikasleekin ere berdin gertatzen zait. Barruan daramadan gauza bat da! Nekanek beste modu batera bizitzen zuen txirrindularitza.

Zuk Ainhoa, aldiz, hogei urterekin eman zenuen zeure mailarik onena emaitzak kontuan hartuta; Espainiako txapeldun, Bartzelonako Olinpiar Jokoetan… Zer oroitzapen duzu urte hartaz?

Ainhoa: Asko gozatu nuen garai hartan. Bartzelonako jokoetarako, entrenatzaile errusiar bat ekarri zuten, eta niri izugarri gustatzen zitzaidan entrenatzea. Nekaneri bizikletan ibiltzea gustatzen zitzaion bezalaxe, niri entrenatzea gustatzen zitzaidan. Estimu handia nion entrenatzaile hari. Garai hartan sei ginen selekzioan, eta hiru leku besterik ez zeuden Jokoetarako. Ni nintzen gazteena. Hemeretzi urte nituen, eta ondoan zein nituen ikusita, pentsatzen nuen joko haietan ez nintzela egongo. Berez, 1996koak behar zuten nire Olinpiar Jokoak, eta, egoera hark ematen zidan lasaitasunarekin, nire burutik presio guztia kentzea lortu nuen. Ikasketak utzi nituen ondo prestatzeko, eta aukera baliatu nahi nuen Madrilera joateko Bartzelonako Olinpiar Jokoak prestatzeko. Amak, ea erotuta nengoen esan zidan. Aitak, aldiz, zera esan zidan: «bizitzan, askotan, trena behin bakarrik geratzen da». Aukera baliatu behar nuela aipatzen zidan. Horixe egin nuen. Ezustean, Jokoetara joateko hautatu ninduten. Egunean lau entrenamendu eginez pasa nituen bi urte.

Nekane: Etxera etortzen zenean oporretan, dinamika berarekin jarraitzen zuen! Goizeko zortzietan jada arrabolaren gainean izaten ziren bi ahizpak. Amak, beheko bizilagunari opari bat eta dena egin behar izan zion [barrezka]. Eskerrak ni orduan Gasteizen nengoen! Etxean orduan ez zegoen beste konturik, bizikleta eta bizikleta. Intoxikazioa zen bizikleta! Aitak pasioz bizi zuen egoera hura. Bi alabak Olinpiar Jokoak prestatzen zituen, nahiz eta azkenean Josune ez zuten hautatu. Garai hartan, askotan esaten zioten gizonezko askok: «ze pena hiru gizonezko beharrean, hiru emakume izatea txirrindulari izateko!» Askotan, gu aurrean izanda esaten zioten gainera. Urteak aurrera joan ahala, erabat aldatu zioten erretolika. Orduan, hala esaten zioten: «ze ondo! Hiru alaba dituzu etxean zu ondo zaintzeko!».

Nahiz eta txirrindularitza utzita izan, Ainhoaren kirol ibilbidea asko jarraitu al zenuen zuk Nekane?

Nekane: Ez gehiegi. Ez nahiz asko gogoratzen, baina lasterketetara ez nintzen asko joaten. Bartzelonako Olinpiar Jokoetara joan nintzen. Urte haietan, beste denborapasa batzuk nituen [barrezka].

Nekanek baino beranduago utzi zenuen arren, zuk ere Ainhoa, oso gazte zinela utzi zenuen txirrindularitza.

Ainhoa: Bai, 25 urterekin utzi nuen. Atlantako Olinpiar Jokoetarako hautatua ez izatea izugarrizko kolpea izan zen niretzat. Lau urte pasa nituen nire Olinpiar Jokoak behar zutenerako prestatzen. Italiako Giroa eta Frantziako Tourra korrituko nituela esan zidaten, baina Olinpiar Jokoetatik kanpo utzi ninduten. Ordurako jada, maila profesionalean korri nezakeen guztia lehiatuta nengoen. Amorruagatik, txirrindularitza uztea erabaki nuen! Ez neukan ez gogorik ez motibaziorik beste lau urte itxaroteko. Uda hartan gainera, lan eskaintza bat jaso nuen, eta ez nuen zalantzarik izan. Nire kirol ibilbidea hantxe amaitu zen. Orduan baten batek aholkatu izan balit gelditzea eta gauzak lasai pentsatzea, agian, beste gauza bat egingo nuke.

Zeuen seme-alabak profesional izatera iristea gustatuko al litzaizueke?

Nekane: Nik nire alaba ezta pentsatu ere! Nik hori oso gertutik bizi izan nuen, eta niri ez zitzaidan oso osasungarria iruditzen. Oso kirol gogorra eta sakrifikatua da. Halere, alabak nahiko balu, lagundu egingo nioke, baina jakinda atzetik zer dagoen.

Ainhoa: Gorputza oso muturrera eramaten duzu, eta nik argi daukat berriro ere egingo nukeela. Egia da profesional izateko, sakrifizio handia egin behar dela, eta bizitzeko beste modu bat dela hogeita lau orduz. Semeak txirrindularitzan hasi nahi zuela aipatu zidanean, munduko traba guztiak jarri nizkion. Ezin zela esaten nion! Ni ere, semea hondartzara eramaten hasi nintzen. Ez Andazarratetik barrena, baina bai Donostiaraino. Aitaren gauza berberak egiten amaitu nuen! Biloba guztiei aitak erakutsi zien bizikletan ibiltzen.

Gaur egun zer da bizikleta zuentzat?

Nekane: Niretzako gaur egun, garraiobide bat da.

Ainhoa: Niretzako bizikleta, askatasuna da. Aske sentiarazten nauen momentua da bizikleta gainean pasatzen dudana. Askotan, hitzez ezin da deskribatu bizikleta gainean sentitzen dudana. Aitarekin ibiltzean ere sentipen hori izaten genuen biok. Askatasuna nahi dudanean, bizikletaren bila joaten naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!