«Auzoak oso ondo zaintzen gaitu, hau etxe handi bat bezala da»

Josu Artutxa Dorronsoro 2025ko api. 13a, 15:02

Berazubin dagoen Ama jatetxeak aitortza berezia jaso du auzo elkartearen partetik, eta bertako sukaldariek esker hitzak izan dituzte auzotarrentzat.

Berazubi Auzo Elkarteak omenaldi xumea egin dio Ama jatetxeari. Auzoan bertan dago jatetxea, eta pasa den azaroan lehen Michelin Izarra jaso zuen. Horregatik, eta auzoan egiten duten ekarpenagatik jaso dute bizilagunen aitortza jatetxeko sortzaile eta sukaldari diren Javi Rivero billabonatarrak eta Gorka Rico asteasuarrak.

Agustin Artola auzo elkarteko kideak adierazi du bi sukaldariak direla jatetxearen aurpegia, baina atzetik dagoen talde lana nabarmendu du, baita bertako produktua balioan jartzeko egiten duten lana ere. Egurrezko oroigarri bat eman die sukaldariei. Bertan, auzoaren ikur den arratoi bat ageri da, Michelin Izarrarekin batera. Horrez gain, auzoko bi kidek agurra dantzatu diete; horietako batek, flamenko estilora egin du.

Rivero eta Rico «oso kontentu» zeuden saria jaso berritan. «Gure proiektuaren leloa beti izan da etxean, etxean bezala. Horrelako aitortzek, auzo mailakoek, erakusten dute Ama ez dela Ama soilik, baizik eta auzoak ere hartu duela proiektua bere baitan. Auzoak oso ondo zaintzen gaitu; hau etxe handi bat bezala da. Harreman oso ona daukagu, eta bizi handia dago Berazubin. Oso polita da beraien ahotik Ama nola defendatzen duten entzutea», esan du billabonatarrak. «Sari handiak jasotzen ditugunean ilusio handia sentitzen dugu, baina, agian, herrian edo auzoan bertan jasotzen dugunean, ilusio handiagoa sentitzen dugu. Ohartzen gara inguruan ere balioan jartzen dutela egiten dugun lana», gaineratu du Ricok.

Artolak, batez ere, jatetxeko kide guztiek egiten duten lana jarri nahi izan du balioan. «Proiektu asko ditugu eskuartean, eta ekoizle askorekin aritzen gara elkarlanean. Gure ideia ero askoren atzean daude. Gure helburuetako bat da bertako produktuak erabiliz, gertuko ekoizleen arteko harremana sustatzea. Hori ulertu, balioan jarri eta defendatu nahi dutela jabetzea altxor handiena da guretzat, sari guztien gainetik».

Mitxelin izarra jaso ondoren, batez ere eskarietan nabaritu dute gorakada. «Hala ere, funtsean, ez zaigu ezer aldatu», aitortu du Ricok. «Hori orain arte egin dugun lanaren eragin bat besterik ez da, eta guk lana berdin egiten jarraitzen dugu», azaldu du asteasuarrak. «Egia da jatetxea behin eta berriz betetzeak lasaitasuna ematen digula, gauzak hobeto antolatzeko eta arnasa hartzeko, baina ezin gara erlaxatu. Guztiak polita dirudi, baina hemen horrelako etxe bat defendatzea ez da erraza, eta ikusten ez diren erronka pila bat ditugu. Horrelako aitortzek, indarraz gain, segurtasuna ematen dute», gaineratu du Riverok.

Erlazionatuak

Michelin Izarreko agurra

Josu Artutxa Dorronsoro api 13 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!