Bidaiarien hizkuntza-eskubideak berma ditzala eskatu diote Eusko Jaurlaritzari

Ataria 2025eko apirilaren 10a

Tolosako inauterietako gertakaria salatzeko egindako elkarretaratzea.

Administrazioan Euskaraz Taldeak egin du eskaera, Tolosako inauterietan tren geltokian izandako gertakariak direla eta.

Administrazioan Euskaraz taldeak gutuna bidali dio Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko sailburuari, Renfe Aldirikoen zerbitzu guztietan bidaiarion hizkuntza-eskubideak berma ditzala eta, horretarako, beharrezko neurriak hartzeko eskatuz.

Tolosako inauterietan Euskal Herrian Euskaraz taldeko kide batek jasandako erasoa ekarri dute gogora. Kasua «larria» izan dela gogoratu dute eta beharrezko neurriak lehenbailehen hartzea eskatu dute, «euskaldunok Renfek eskaintzen dituen aldirikoen tren zerbitzuetan gure eskubideak bermatzeko: euskaraz egitea eta arreta euskaraz jasotzea». Euskarazko arreta ukatzea edo euskaraz egitea oztopatzea onartezina dela esan dute, eta gaineratu erabat onartezina dela euskaraz egiteagatik indarkeria pairatzea. «Euskaldunok euskaraz bizi nahi dugu, baita Renferen zerbitzuak erabiltzen ditugunean ere. Ohikoa izaten da Renferen zerbitzuetan euskara baztertzea, oharrak erdara hutsean idatzita egotea edo euskara traketsean egotea, langileekin euskaraz egin ezin izatea, eta abar, baina bada garaia egoera aldatzeko, eskubide osoa dugu zerbitzua euskaraz erabiltzeko eta administrazioek hori bermatu behar digute».

Renfe enpresa publikoa dela nabarmendu dute, eta ondorioz, euskaldunon eskubideak bermatu behar dituela. Halaber, Renfek kontratatzen dituen gainontzeko zerbitzuek eta langileek ere aipatu eskubideak bermatu behar dituztela gehitu dute. «Bide batez, aldirikoen zerbitzua transferituta dago (transferentzia erabat gauzatu zen aurtengo urtarrilaren 1ean), hortaz, Eusko Jaurlaritzak eskumena dauka, besteak beste, zerbitzua arautzeko eta kontrolatzeko, baita ikuskatzeko ere, eta ezin du ezikusiarena egin».

Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko sailburuari eskatu diote Renfe aldirikoen zerbitzu guztietan bidaiarion hizkuntza-eskubideak berma ditzala eta, horretarako, beharrezko neurriak hartzeko. «Eusko Jaurlaritzak ezin ditu eskubide-urraketak onartu, are gehiago, berari dagokio eskubideak bermatzea, eta horixe egitea espero dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!