Ekintza euskarafoboen inpunitatearekin amaitzea eskatu dute

Ataria 2025eko martxoaren 13a

Martxoaren 2an, Renfeko segurtasun agente batek Euskal Herrian Euskaraz elkarteko bi kide «euskaraz hitz egiteagatik mehatxatu eta eraso» zituela salatu dute, gaur, Tolosako tren geltoki aurrean; «beharrezkoa» ikusten dute euskaltzaleak saretzea eta indarrak bateratzea.

Euskal Herrian Euskaraz elkarteak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur, martxoaren 2an, elkarteko bi kidek, euskaraz hitz egiteko eskatzeagatik Renfeko segurtasun agente baten erasoa jasan zutela salatzeko. Dozenaka herritarrek egin du bat deialdiarekin, eta tartean izan dira Galtzaundi Euskara Taldeko zenbait kide.

Luken Etxabe Euskal Herrian Euskaraz elkarteko kideak azaldu duenez, elkarteko kideek euskaraz hitz egiteko eskatu zioten segurtasun agenteari. Honek, kideetako bati «Espainian zaude, espainieraz hitz egingo dizut eta zuk espainieraz erantzungo didazu» bezalako «mehatxuak» egin zizkiola esan du. «Horrez gain, lepotik heldu, lurrera bota eta pare bat minutuz lurrean geldiarazita eduki zuen», gaineratu du.

Etxabek nabarmendu duenez, «erabat» salatzen dituzte gisa honetako erasoak. «Eraso hau ez da gertaera isolatu bat, ondorio sistematiko bat baizik. Gure egunerokoaren parte dira, izan dira, eta tamalez, izaten jarraituko dute. Faxismoaren eta ultra-eskuinaren gorakadaren testuinguruan, gainera, ugaritzen doaz. Eraso horien aurrean, beharrezko ikusten dugu euskaltzaleok saretzea eta indarrak bateratzea».

Gaineratu du elkartetik «garbi» dutela «egiturazko zapalkuntza honi aurre egiteko independentzia, Euskararen Errepublika, ezinbesteko» dutela. «Hala, Euskararen Errepublika ipar hartuta, euskaldunon eraso bakoitza salatzen eta desobedientzia jarrerak indartzen jarraituko dugu, betiere, modu arduratsuan jokatuz eta, ahal bada, kolektiboki antolatuz. Zapaltzaileek garbi izan dezatela. Aurrean izango gaituzue!», oihukatu du Etxabek.

Manifestazioa, Baionan

Amaitzeko, apirilaren 6an, 11:30ean, Baionako Justizia Jauregitik hasita egingo duten manifestazio nazionalean parte hartzeko deia luzatu du: «Eraso euskarafobo oro salatu eta euskararentzat nahiz euskaldunontzat egiazko justizia aldarrikatzeko aukera izango dugu».

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!