EHEk salatu du segurtasun agente bat taldeko kide bati oldartu zitzaiola bart

Ataria 2025eko martxoaren 3a

Iturria: Euskal Herrian Euskaraz

Euskal Herrian Euskaraz taldeak salatu du bart Tolosan, tren geltokiko segurtasun agente bat elkarteko kide bati oldartu zitzaiola euskaraz hitz egiteko eskatzeagatik. 

EHEk esan duenez, segurtasun agentea euskaldunon aurkako mezuak oihukatzen hasi zen eta elkarteko kidea lurrera bota eta atxiki zuen denbora batez.«Horrelako erasoak onartezinak dira, EHEtik gogor salatzen ditugu», esan dute. 

Tolosako alkate Andu Martinez de Rituertok esan du kezkaz jaso duela albistea. Udaletik gertatutakoaren inguruko azalpenak eskatu dituzte eta euskaldunon kontrako gisa honetako erasoak erabat arbuiagarriak direla gaineratu du, «baita jarrera fisiko horiek ere».

Galtzaundi Euskara Taldetik ere irmoki salatu dute herritarrak euskaraz egiteagatik jasotako erasoa eta emandako tratua. Gehitu dute euskararen aurkako erasoak ez direla onargarriak. «Tolosan ere euskaraz bizi gara», gaineratu dute. 

Goizaldean agertu da salaketa lehen aldiz sare sozialetan gertatutakoaren berri emanez. Lekukotasun horren arabera, «niri ez zaidazula euskaraz hitz egin» eta «Hau Espainia da» erran dio segurtasun agenteak gazteari.

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!