Inauterien ondorena 25

Tolosako karrozek inauterietan egindako dantzak, ikusgai

Ataria 2025ko mar. 13a, 19:59

'Etxebizitza jokoak' karrozako kideak, Zaldunita egunean.

Aurtengo Tolosako inauterietan parte hartu duten 17 karrozen ikuskizunen bideoak Youtubeko Tolosako Karrozak kanalean ikusi daitezke. Bestalde, elkarteak Instagram sare sozialean bideo bat argitaratu du, karrozek duten «garrantzia» azpimarratuz eta hauen gordelekuaren aferaz «kezka» azalduz.

Tolosako Karrozak elkartea, aurtengo inauterietan parte hartu duten 17 karrozen ikuskizunen bideoak argitaratzen ari da egunotan Youtubeko bere kanalean. Bertan ikusi daitezke karrozek jendaurrean egindako dantza, antzerki eta parodiak.

Bestalde, elkarteak bideo bat argitaratu du bere Instagram sare sozialean. Bideo horretan, karrozek inauterietan duten «garrantzia» azpimarratzen dute. Zaldunita egunean, «hilabetez aurrera eramandako lana elkarlanean» ateratzen dutela adierazten dute bideoan, eta horrela dela 1884. urtetik, Tolosan lehen karrozak atera zirenetik. «Parodiak, dantzak, antzerkiak, algarak, barreak... benetako eta gezurrezko istorio eta kondairak kontatzen ditugu; batzuk berpiztu, eta besteak, salatu», diote. Azken urteetan, karroza batzuk «hutsetik» egin direla nabarmentzen dute, eta diotenez, badira beste batzuk, 1990eko hamarkadatik eurekin daudenak.

Bideoaren amaieran, baina, gordetzeko tokirik gabe geratuko direla salatzen dute. «Karrozek gordetzeko tokia bazuten ere, orain kalera doaz, kalera goaz». Kontua da, pasa den irailean, karrozen elkarteko kideak «haserre» agertu zirela udalak Bellota pabiloiaren kontratua etetea erabaki zuelako. Elkarteak gaineratu zuen, egoera horri aurre egiteko, bi lursail jarri zizkiela aukeran udalak, karrozak bertan uzteko. Aurrerago, 2025eko martxoa amaitu bitarte luzatu zuen kontratua udalak; hala ere, eredu berrien aldeko apustua egiten jarraituko zuela adierazi zuen.

Bellota hustu behar

Azken inauterietako balorazio bilera irekian, karroza elkarteko kideek kexa agertu zuten berriro. Udalak erantzun zien «landu beharreko gaia» dela. Kontuak kontu, karrozen elkarteko kideek Bellota pabiloitik atera beharko dituzte karrozak datozen asteetan, kontratua amaitzen delako, eta martxoa igaro ondoren, ez dutelako bertan gordetzeko aukerarik izango. Oraingoz, Bentaundiko lursail batean uzteko aukera izango dute.

Arestian aipatutako bideoaren amaieran, elkarteak zenbait galdera egiten ditu: «Zer gertatuko da orain karrozekin? Kale gorrian utzita, egongo ote da karrozarik datorren urtean? 2026an, karroza gabeko inauteriak biziko ditugu?».

Karrozak uzteko proposatutako Bentaundiko lursaila. Argazkia: Karrozen elkartea

Karrozen elkarteak argitaratutako bideoa:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!