Inauteriak 2025

Bellota pabiloiaren kontratua luzatu du udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko urr. 3a, 19:59

Inauterietako karrozak Bellota pabiloian, 2022ko martxoan. KARROZEN ELKARTEA

2025eko martxoa amaitu bitarte luzatu dute eraikinaren alokairurako kontratua, eta bitartean, tolosarrek aukera izango dute karrozak bertan gordetzeko. Udalak, baina, eredu berrien aldeko apustua egiten jarraituko duela adierazi du.

Tolosako karrozek martxora bitarte gordelekua izango dute, eta beraz, 2025eko inauteriei begira, tolosarrek lanean aritzeko aukera izango dute, karroza berriak prestatzeko. Udalak eta pabiloiaren jabeak 2025eko martxoa amaitu bitarte luzatu dute eraikinaren alokairurako kontratua, eta bitartean, tolosarrek aukera izango dute karrozak bertan gordetzeko.

Lau urte dira udalak eta Bellota pabiloiko jabeek aurreko kontratua sinatu zutenetik eta, azken asteetan, hautsak harrotu dituzte karrozen eta hauen gordelekuaren inguruan sortutako kezkek eta alde bateko zein besteko adierazpenek. Tolosako Karrozen Elkarteko kideak «haserre» zeuden, eta esan zuten udalak Bellota pabiloiaren kontratua bertan behera uztea erabaki zuela. «Jakina zen, lehenago edo geroago, egun hau iritsiko zela», esan zuten pasa den astean. Horren aurrean, adierazi zuten udalak bi lursail jarri zizkiela aukeran, aurrerantzean karrozak bertan uzteko.

Elkarteko kideek aitortzen dutenez, azken urteetan, karrozak espazio lehor eta seguru batean gordetzeko aukera izateak, «eragin positiboa» izan du bere kontserbazioan. «Hala ere, udalarentzat karrozak oztopo dira», nabarmendu zuten lehengo astean, eta desagertzeko arriskua ere mahai gainean jarri zuten

Udalak Bellota pabiloiaren kontratua bertan behera uzteko «arrazoi bakarra ekonomikoa» zela esan zuten elkarteko kideek: «Ez daude prezio hori ordaintzeko prest, baina beharrezkoa da karrozak egoera egokian mantentzeko. Aipagarria da beraien proposamena: herriko gazteek eta ez hain gazteek kostu hori bere gain hartzea». Proposamen hori aho batez baztertu zutela esan zuten elkartetik.

Tolosako Karroza Batzordeak egindako adierazpenen inguruan, Iker Uson oposizioko zinegotziak (EAJ) udal gobernuaren ikuspuntua ezagutu nahi izan zuen udalbatzaren iraileko osoko bilkuran. Goiuri Eceiza kultura zinegotziak adierazi zuen udalak «hainbat proposamen» egin zizkiela, «beraiek hedabideei azaldu ez zizkietenak». Horietako bat, plataforma batzuk alokatzea zen, karrozak horien gainean eraikitzeko, eta hala, horiek gordetzeko espazio erraldoi baten beharrik ez izateko. «Gaur egun dauden karrozak ez dira ibilgailu homologatuak, ez dira ibilgailu seguruak. Proposatzen genizkien plataformak, berriz, bai», esan zuen Eceizak.

Beste proposamena, elkarteari diru kopuru bat eskaintzea zen, lokal edo pabiloi bat alokatzen laguntzeko. «Elkartea hazten doan heinean, udalaren eskua gehiago askatu beharko litzateke. Gaur egungo errealitatea guztiz kontrakoa da. Udalak diru gehiago gastatzen du, elkarteak, gai izanda ere, uko egiten dielako zenbait ardura hartzeari». Hain justu, kontu ekonomikoa eztabaidaren «alderdi nagusietako bat» dela nabarmendu zuen Eceizak.

Iraileko osoko bilkuran, Andu Martinez de Rituertok erabakiak «zentzuz» hartzeko deia luzatu zuen. «Dimentsio erraldoia hartu dute karrozek, baina herriak, behar baino diru gehiago gastatzen du horietan, eta ondorioz, beste eredu batzuk proposatzen ari gara. Denon artean egin behar dugu bidea, eta ulertarazi behar dugu inauteriaren askatasun, sormen eta festa gutxieneko baldintza batzuetan egin behar dela. Egin dituzten adierazpenak ez dira zuzenak. Udalak irtenbideak eskaini dizkie, baina oraingo ereduan iraunarazi nahi dute, eta hori ez da posible».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!