Inauteriak 25

Karrozak, gordelekurik gabe

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko ira. 24a, 15:45

Pertsona bat, mozorrotuta, aurtengo Tolosako Inauterietako Zaldunita egunean. JON MIRANDA

Tolosako Karrozen Elkarteko kideak haserre daude udalak Bellota pabiloiaren kontratua etetea erabaki duelako; bi lursail jarri dizkie aukeran, aurrerantzean karrozak bertan uzteko.

Tolosar guztien nahia eta gogoa asebetetzen duten festak dira inauteriak. 2025ekoak hasteko bost hilabete falta badira ere, dagoeneko mozorroentzat ideiak biltzen ari dira herritarrak, baina zenbait tolosarrentzat, une honetan hori ez da buru hauste handiena. Izan ere, Tolosako Karrozen Elkarteak salatu duenez, aurrerantzean ezingo dituzte karrozak Bellota pabiloian gorde, «udalak kontratua bertan behera utzi duelako».

Elkarteko kideek aitortu dutenez, azken urteetan, karrozak espazio lehor eta seguru batean gordetzeko aukera izateak, «eragin positiboa» izan du karrozen kontserbazioan. «Bellota pabiloiaren kontratuaren luzapenagatik, bi urte luzez astero gauzatutako bileretan eztabaidatu ostean, aurten, irailetik aurrera, espazio horren ordainketa etetea erabaki du udalak. Horren ordez, karrozak lursail batera eramatea proposatu du», azaldu dute elkartetik. Gaineratu dutenez, karrozak uzteko udalak bi aukera jarri ditu mahai gainean: «Lehena, San Esteban auzoan jabetzan duen lursail batean. Bigarrena, berriz, Bentaundi auzoan Kutxabankek bere jabetzan duen lursail batean».

Udalak Bellota pabiloiaren kontratua bertan behera uzteko «arrazoi bakarra ekonomikoa» dela esan du elkarteak. «Ez daude prezio hori ordaintzeko prest, baina beharrezkoa da karrozak egoera egokian mantentzeko. Aipagarria da beraien proposamena: herriko gazteek eta ez hain gazteek kostu hori bere gain hartzea». Proposamen hori aho batez baztertu dutela esan dute elkartetik.

Egoera honen aurrean, elkarteko kideak haserre mintzatu dira: «Klima, hezetasun, lapurreta eta bestelako gorabeheren artean, karrozen biziraupena bermatzea ezinezkoa suertatzen da. Horrek guztiak, plataformek inauterietan parte hartzeko baldintzak –egitura zehatzak, kable-sare egokiak, argi-indar korronte fidagarriak….– betetzea zailtzen du». Honek guztiak, desadostasunak medio, elkarteko kide helduenen artean gogo eza zein ezinegona eragin dezaketela aurreratu dute. «Karroza bakoitzeko kideen kostuak handitu daitezke, honek guztiak udalaren begirune eza agerian utziz».

Iturzaeta eta beste aukerak

Elkarteak esan du «udala ez dela ari behin betiko irtenbideak eskaintzen. Karrozak urtarriletik aurrera Ferialekura lekualdatzeko aukeraren alde egin duen arren, ez du irtenbiderik eskaini gune horretan bertan kirol jarduerak egiten dituztenentzat. Ez dago argi karroza guztiak sartuko ote diren ere, baina argi dago ezinezkoa dela Ferialekua karroza zein konpartsetarako erabiltzea. Izan ere, gogoan izan behar dugu azken urteetan konpartsak Ferialekuan egin direla».

Lau urte dira udalak eta Bellota pabiloiko jabeek azken kontratua sinatu zutenetik. «Jakina zen, lehenago edo geroago, egun hau iritsiko zela. Eta udala karrozentzako pabiloi berri baten bila zebilela suposatzen bazen ere, aurkitu eta erosi dutena Iturzaeta pabiloia da, baina autoentzat eta brigadarentzat bideratu dute. Hainbat aldiz hitz egin dugu udalarekin karrozak ere bertara sartzeko, nahikoa leku badagoelako, baina udalak baztertu egiten du aukera hau».

Karrozak uzteko proposatu duten Bentaundiko lursaila. KARROZEN ELKARTEA

Elkartetik adierazi dutenez, urteak dira udalarena zen lursail bat erabiltzea proposatu zutela, «bertan ganorazko nabe edo karpa bat eraiki eta karrozak bertara sartzea ahalbidetuz. Horrela, epe luzera, askoz gastu txikiagoa eginda, arazoa konponduko litzateke. Alokairuaren beste arazoetako bat da horren atzean elkarte bat izateko derrigortasuna , horrek exijitzen duen ardurarekin».

Udalak azken hilabeteetan izan duen jarrerarekin ere haserre daude elkarteko kideak. «Orain arte esan dute ez zegoela ez lursailik, ezta pabiloirik ere, baina orain bi lursail aipatu dituzte aukeran eta, gainera, Iturzaeta pabiloia erosita daukatenez, bertan sartzea posible litzateke. Zer gertatzen da? Orain arte, fundamentuzko karpa bat jarriko zuela esan du udalak, karrozek gutxieneko berme bat izateko. Baina azken bilera eta gero, karpa hori epe ertain-luze batean instalatzea ezinezkoa izango dela esan du, berriro ere prozesu administratiboa aitzaki moduan ezarriz. Ez al dituzte denbora tarteak ondo kalkulatu? Prozesu horiek ezin dira inola ere arindu? Gaia luzatu eta karrozei ilusioa eta itxaropena galarazteko beste aitzakia bat da?», esan dute.

Desagertzeko arriskua

Elkarteak eta udalak urteak daramatzate elkarlanean, parte hartze handiena izaten duten herriko festak ahalik eta modu egokienean antolatze bidean. Elkartearen arabera, ordea, «plan zehatzik gabe» jarraitzen dute: «Estrategia integral eta garatu bat osatu ordez, arazoen aurrean, konponketa lausoak egiten ditu udalak, epe luzeko antolaketa egonkorrik gabe».

Karrozen Elkartetik nabarmendu dutenez, udalarentzat karrozak «oztopo» dira festen antolaketan, «nahiz eta hamarkadetan lortutako izaera zein nortasuna, egun ondarea bilakatu den. Ondare materiala ukaezina da. Alabaina, ondare immaterialaren izaera azpimarratu beharrekoa da. Karrozak urteetako lanaren gordailu dira, festa, komunitate, herri zein identitatea kontuan hartzen badugu. Tolosarrontzat zein ingurukoentzat, inauterietara hurbiltzeko aitzaki nagusienetako bat dira».

Elkarteak, halaber, balioan jartzen du plataformek duten garrantzia, duten izaeragatik. «Aurretiko lanketa prozesu luze baten parte dira. Talde lanean aritzen diren gazte zein helduen kuadrillek, belaunaldien arteko auzolana sustatzen dute. Gainera, gaur egun, askotan gutxiesten diren ogibideak balioan jartzen dira. Hori gutxi balitz, familietan gordetako mozorroak birziklatu eta bizi berri bat ematen zaie, jai giroari eta lehiaketari esentzia berezia eskainiz. Belaunaldiz belaunaldi transmititu den ondare baten aurrean gaude».

Gertatutakoaren ondoren, elkarteak gai hau berriro aztertzeko eta hausnartzeko eskatu dio udalari, baita karrozek berez duten garrantzia edo balioa aintzat hartzeko ere. «Bestela, karrozek jaietan parte hartzeko modu desberdinak bilatzen edota planteatzen hasi beharko dugu. Trianguloa eta beste hainbat leku taberna estiloko karpaz beteta ikusi nahi ditugu?».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!