Eta zer ez da (ez)berdin

Urretabizkaia-Civicotarrak aurrez aurre

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2025eko martxoaren 13a

Kirola ezinbestekoa da Patti Urretabizkaia eta Manex Civico ama-semeen etxean; Urretabizkaia kirol koordinatzailea da Samaniego ikastetxean, eta Civico Gipuzkoako lasterkari onenetakoa da.

Zer da Manex / Patti zuretzat?

Patti: Lau seme-alabetan zaharrena da Manex, eta beragatik gauza asko atera zaizkigu guraso izaten irakatsi eta bide bat markatu digutenak.

Manex: Lehenik, ama, eta bizitzako erreferente bat aitarekin batera. Beragatik gauza asko ikasi ditugu seme-alabok.

Nola definituko zenuke Manex / Patti?

Patti: Barrealdi handia duen gaztea, egoskorra eta indartsua.

Manex: Oso pertsona arduratsua, eta jendeak asko maitatzen duen pertsona bat da.

Zein ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke besteaz?

Patti: Egoskortzen den horretan, haragi guztia burruntzian jartzen duela eta helburu bat jartzen badu horretara joaten dela.

Manex: Mundu guztiari laguntzeko prest dagoela.

Zerbait nabarmendu beharko bagenu ez hain positiboa?

Patti: Lehen aipatu bezala, helburu bat jartzen duenean eta lortzen ez duenean, bakarrik eta lasai utzi behar zaio. Berak ikusi behar du ez duela lortuko. Guk esan aurretik, berak konturatu behar du.

Manex: Errieta egiten ari denean zurrunbilo batean sartzen da, eta azkenerako txapa ematen amaitzen du! Nahikoa da ama! [barrezka]

Nora joaten zara edo joango zinateke gustura berarekin?

Patti: Mutil erraza da, eta, biok kirola partekatzen dugun aldetik, edonora bidaiatuko nuke berarekin, baina bereziki mendira.

Manex: Ni ere mendira. Familiarekin oso gustura bidaiatzen dut, eta lehen ere Marokon egon ginen antzera, esaterako, Thailandiara.

Bestearekin pasatako une edo pasadizoren bat?

Patti: Gaur da eguna, oraindik bizikleta hartzen dudanean, beldurra etortzen zaidala burura. Manex txikia zela, bera parrillan neraman batean, izugarrizko kolpea hartu zuen buruan, eta nik ere sekulakoa sartu nuen gorputzean. Larrialdietara eraman nuen bere kolpea ikusteko, baina nirea ez nuen ikusten. Oso bizipen markatuak ditut berarekin.

Manex: Larramendi auzoko lasterketa egiten zenean, beti, nire adineko beste mutil batekin ibiltzen nintzen lehian. Beti berak irabazten zidan, eta ni beti atzetik izaten nintzen. Lasterketa horretan, esprintean irabazi nion, eta, helmuga zeharkatzean, ama parez-pare azaldu zen eta ez zidan denborarik eman gelditzeko. Ama besarkatzean biak lurrera erori ginen!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!