Eta zer ez da (ez)berdin

«Lehiakortasun eta frustrazio handia ikusten dugu gaur egun kirolean»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2025ko mar. 13a, 16:00

Patti Urretabizkaia eta Manex Civico ama-semeak.

Kirolari lotutakoak dira ama-semeak; ama kirol koordinatzailea da, eta semeak atletismoa probatu zuen txikitan, eta egun buru-belarri jarraitzen du.

Kirolaren baitan bizi diren ama-semeak dira Patti Urretabizkaia (Tolosa, 1977) eta Manex Civico (Tolosa, 2005). Ama, Patti, Samaniego Herri Ikastetxeko eta Zumardia elkarteko kirol koordinatzailea da. Manex, semea, aldiz, Gipuzkoako korrikalaririk onenetakoa da. Kirola ezinbestekoa da haien etxean, eta gozatu egiten dute hartaz hitz egitean.

Nondik datorkizue kirolerako zaletasuna?

Patti: Nire kasuan, txikitatik horrela hezi ninduten. Gaztetan, kirol asko probatu nituen, lehen ez baitzen orain bezain bideratua izaten txiki-txikitatik. Nik mendia hautatu nuen. Ihesbide gisa erabiltzen nuen.

Manex, zuretzat errazagoa izan al da kirolaria izatea?

Manex: Bai. Azkenean, ni jaiotzerako, etxekoak, bai aita eta bai ama, beti aritzen ziren korrika. Halere, txikitan futbolean aritzen nintzen. Lagun guztiek futbolean jokatzen zuten, eta ni ere haiekin joaten nintzen. Gurasoek esaten zidaten atletismoa probatzeko, baina, ez nuen nahi izaten, ostiral batean probatzera eraman ninduten arte.

Gaztetako zer oroitzapen duzue kirolarekin?

Patti: Nik ez nuen kirola egungo gazteek bizitzen duten bezala bizi. Egia da, kirola egunerokoaren barruan izaten nuela, baina jolas moduan egiten nuen. Herrikiden ikasten nuen, eta, garai hartan saskibaloia, futbola edo igeriketa probatu nituen.

Manex: Nire kasuan, berriz, atletismoan sartu nintzen, eta ordutik ez naiz atera. Anaiak, adibidez, probatu izan ditu, agian, ni baino gehiago, baina nik atletismoarekin geratzea erabaki nuen. Egia da, eskalada eta errepideko patinajea ere egiten nituela, baina atletismoa nuen nagusitzat. Gainera, gogoan dut futboleko Shanti torneoan parte hartzen nuenean zein urduri jartzen nintzen baloia etortzen zitzaidan guztietan.

Amak esfortzu handia egin behar izan zuen zu eta anai-arrebak kirolean has zintezten?

Manex: Ez, betidanik izan gara kirolariak. Agian, Lore arrebarekin apur bat gehiago, baina beste hirurok ez dugu inoren laguntzarik behar izan.

Ama zintzoa izan zara orduan seme-alabekin?

Patti: Bai [barrezka]. Nik uste, borroka batzuetan ezin garela sartu, eta hauxe iruditu zitzaidan haietako bat. Azkenean, urte hauetan guztietan ikasi dut kirolak esfortzu eta sakrifizio handia eskatzen duela, gogo handiarekin egin behar den esfortzu eta sakrifizio handia. Beraz, oso argi nuen gustuko zuen zerbaiten bila joan behar zuela, eta nik esanagatik bakarrik ez zuela atletismoa hautatuko. Mikel senarrak eta biok kirola egin beharra dagoela esan izan diegu beti, baina zein kirol egiten zuten ez zitzaigula axola.

Manex jada ezaguna da eskualdean, asko jarraitu al duzu bere ibilbidea Patti?

Patti: Bai. Halere, ingurukoek barre egiten didate beti, Manexen markak galdetzean inoiz erantzuten ez dakidalako. Azkenean bere ibilbidea ama gisa jarraitzen ari naiz. Markak oroitzen ez ditudan arren, ahal dudan guztian laguntzen saiatzen naiz.

Zuk Manex, orain Leonen (Gaztela eta Leon, Espainia) ikasten duzu. Nolakoa izaten ari da esperientzia?

Manex: Lehenago erdi maila bat egin nuen, beraz, Leonera iristean banekien nondik joango zen zikloa. Gainera, nire kasuan talde kirola ez denez, askoz ere errazagoa egiten zait klaseekin uztartzea, ez baitut inoren menpe egon beharrik.

Hemezortzi urterekin Leonera joan zara, ikasketak, kirola... Erraza egin al zaizu dena uztartzea?

Manex: Ez. Azkenean, Tolosan bertan nengoenean gurasoek «behartzen» ninduten ikastera. Denbora-pasa nengoenean segituan jartzen ninduten martxan berriz; baina, orain Leonen bakarrik egonda, egia da zailagoa dela seriotasunez ikasten jartzea. Antolatzaile gisa betidanik izan naiz apur bat makala, baina moldatzen naiz.

Amak asko sufritu al du bi urte hauetan?

Patti: Sarritan lagunek barre egiten didate gaiaz hitz egitean, baina beti esaten dut, Leonen dagoenean inoiz ez dut jakiten, ez klasera joaten den, ez parrandan ibiltzen den, ez ezer. Gero, hona etortzean eta parrandara irtetean berriz ere ama paper hori hartzen dut, ardura hori. Azkenaldian sarritan gertatzen zait nire buruarekin kontraesan hori. Egia da, batzuetan pelma jartzen naizela, baina azkenean oso kirolari ona den bezala, antolatzen ez da hain ona, eta horretan arreta gehiago jarri dugula iruditzen zait.

Korrika ere bikain aritu da azken urteetan Manex, horregatik Patti lasterketa asko ikusiko zenituen. Urduri jartzen zaren horietakoa al zara?

Patti: Apur bat. Askotan streaming bidez ikusten ditugu lasterketak, eta aurrean joaten denean beti ikusten dugu, baina, aurreko pelotoia galdu eta atzean geratzen bada, ez dute fokuratzen normala den bezala, eta nire kezkak hor hasten dira. Azkenean, nire kezka ez da erretiratzeagatik izaten, erretiratzeak ekartzen dizkion momentu txarrengatik baizik.

Nolako galtzailea da Manex?

Manex: Esango nuke ez dudala oso galtze txarra. Ez naiz haserretu eta besteak errukitzen dituen horietakoa. Azkenean, lasterketen ondoren beti egiten dut hausnarketa, eta errietak ere egiten dizkiot neure buruari. Gainera, nahiko kritikoa naiz, eta batzuetan kritikoegia izatea ere ez da ona.

Patti, zu kirol koordinatzailea ere bazara, bai Samaniego Herri Ikastetxean eta baita Zumardian ere. Horrelako egoeretan psikologo lanetan aritzea askotan egokitu al zaizu?

Patti: Bai bai. Gaiaz apur bat ulertzen dut. Egungo gazteei galtzeak dakarren alde ona ere erakutsi behar zaiela uste dut, askotan galtzetik gehiago ikasten baita irabaztetik baino. Horrez gain, eskola kirolean edo patioan, gauza asko ikusten dira, eta askotan sutu egiten naiz. Lehiakortasun zein frustrazio handia ikusten dut, ona denak sarritan besteak zapaltzen dituela, eta horrekin ezin dut. Ona dena, patioan oso ona izan daiteke, Tolosan ere ona izan daiteke, Realera iritsi daiteke, selekziora iritsi daiteke… Baina, gure kasuan Manexi esaten geniona zera zen; «etxeko onena zara korrika, portalekoa ere bazara, baina kalean lehiakortasun handia dago», eta ume hauei erakutsi behar zaie txarrekin ere jokatu behar dela. Agian, heldutasunera heltzean, egokituko baitzaie, adibidez, enpresa batean ganoragabe batzuekin lan egitea eta kooperatzea.

Manex, zuk ere izango dituzu horrelakoak Leongo erresidentzian. Zurekin bertan daudenak atleta bekadunak dira, eta nolabait haiengatik apustua egin dutenak. Frustrazio handia ikusten al da?

Manex: Nire kasuan erlazio oso ona daukat nire taldekideekin. Egia da lasterketa bat gaizki irtetean, frustrazio apur bat agian sentitzen dela, baina guztion artean laguntzen saiatzen gara.

Patti: Gainera bertako entrenatzailea oso erreferente ona da. Grazia egin zigun Mikeli eta bioi Manex hara bidaltzean entrenatzaileak nola esan zigun: «lasai, ume bat bidaltzen didazue, eta nik gizon bat bueltatuko dizuet». Segituan esan zigun lasai egoteko, eta guraso paper hori berak hartuko zuela han. Hona etortzen denean ere ardurak hartzen dituela ikusten dut gainera, eta horrek guraso gisa asko lasaitzen gaitu.

Lehiakortasuna aipatu dugu lehen, eta Tolosan badago horri aurre egiteko sortu zen talde bat, alegia, Zumardia. Sasoian al dago?

Patti: Bai. Lehen arrakasta handia izan zuen, nahiz eta geroago apur bat jaitsi egin zen. Ibon Artola aritzen zen bertan, piragua ikastaroak, mendi ibilaldiak, eta kirol ezberdinetako ikastaroak antolatzen. Lehen bazkide nintzen, eta, orain, azken hiru edo lau urteetan langile gisa ere egon naiz.

Biontzat, oso berezia izan zen iazko Tolosako San Silbestre lasterketa. Denetik pasa zen. Nola gogoratzen duzue?

Patti: Aurten banuen gertatuko zenaren ideiaren bat, banekien Manex aurrealdean ibiliko zela. Egia da ni ere bidegurutzeak kontrolatzen ibili nintzela, baina Gorriti plazako Todo-Todoko inguru horretan kamioi bat zegoen aparkatuta, eta atera egin zen. Ez zen inongo bidegurutzetan sartu, baina, aparkatuta zegoen, eta bertatik ateratzea erabaki zuenez jada ezin zitzaion geratu. Momentu horretan, apur bat gaizki pasatu nuen, gainera jendea entzuten bainuen kexaka. Beraz aurtengorako jada ikasi dugu agian zintaren bat jarri beharko dela.

Manex: Orain arteko ibilbide guztian zehar lasterketa polit asko egin ditut, dominak, jendea... Halere, esango nuke, iazko San Silbestrea egin dudan politenetakoa izan zela. Banekien lasterketa hori ez zela inora joango, beraz, ez nuen lasterketa normal gisa hartzen. Tolosan izate horrek soilik guztia aldatzen zuen gainera. Azkenean etxean korrika egitea, gertuko jende guztia ikusten egotea, urteko azken egunean, nire herrian... Oso berezia da. Gertatutakoa, gertatzen diren gauzak dira, hori izan zen lasterketaren traba bakarra.

Ziztu bizian atera zinen.

Manex: Berez, nire intentzioa ez zen hain azkar irtetea, baino hasierako bihurgunera lehenengo iritsi nahi nuen, eta, jada han nengoenean, Ander Garin ondoan jarri zitzaidan, eta biok azkartzen hasi ginen bukaerara arte.

Patti, ez al zen apur bat arraroa izan antolatzaile lanetan arituta semea parte hartzaile gisa izatea?

Patti: Egia esan, bai. Gainera hasieran lehenengoari saria ematekotan geratu nintzen antolakuntzarekin, baina, Manex zela ikusita aldatzeko eskatu nuen. Ez nuen protagonismo hura nahi.

Manex, Euskal Herriko errekor bat egin berri duzu, nola gogoratzen dituzu gero errekor horiek?

Manex: Bai, abenduan 3.000 metrokoa egin nuen. Halere, zoritxarrez, ez dut uste errekor honek asko iraungo duenik, oraingo maila honetan lasterkari oso onak baitaude.

Patti, imajinatzen al duzue zeuen etxea kirolik gabe?

Patti: Ez, geuretzat bizitzeko modu bat delako. Kirolak buru osasunarekin zerikusia du. Halere, horrek ez du esan nahi kirola egitean beste gauzak baztertzen ditudanik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!