36 edukiontzi gehiago festa gune nagusietan, kaleak garbiago eduki asmoz

Ataria 2025eko otsailaren 25a

Udalak kale garbiketara bideratutako baliabideak indartuko ditu: inoiz baino pertsona gehiago arituko dira garbiketa lanetan eta edukiontzi gehiago jarriko dituzte kalean.

Kaleak garbiago mantentzeko helburuarekin, Tolosako Udalak baliabide gehiago bideratu zituen iazko inauterietan. Bide hori jarraituz, aurten ere are gehiago indartuko dira baliabide horiek, komun, hondakinen bilketarako edukiontzi eta pertsonalari dagokionez. Udalaren helburua bikoitza da: hondakinak botatzeko baliabide gehiago eskaintzea eta garbitzaileei beren lana ahalik eta modurik eraginkorrenean egiteko erraztasunak ematea. Iaz 54,5 tona hondakin jaso ziren, 2023an baino bost gehiago.

Batetik, langile gehiago arituko dira kale-garbiketan lanean. Azken urteotan 40 langileko talde bat izan da egunero zeregin horretan; aurten, 43 izango dira. Lanak 06:00etan abiatuko dira, goizerako kaleak txukun egon daitezen, asteartean izan ezik, 05:00etan ekingo baitiete lanei. Ostegun Gizenean eta Zaldunita bezperan –azoka eguna da– eguerdian ere egingo da garbiketa, Plaza Zaharrean eta azokaren hiru guneetan. 

Bestetik, edukiontzi gehiago ere jarriko ditu udalak. Aurreko urteetan egin bezala, erdiguneko bilketa puntu nagusienetako edukiontzi arruntak aldatu eta obretan erabili ohi diren 13 edukiontzi handi jarriko ditu. Iaz baino bi gehiago dira; Foru kalean eta Nafarroa Etorbidean bana jarriko dute. Ostegun Gizeneko goizean zehar egingo dute aldaketa.

Azkenik, jende gehien ibiltzen den eremuetan 1.000 litroko edukiontziak jarriko dituzte, 36 zehazki; erdia errefusa biltzeko eta beste erdia ontzi arinentzat. San Frantzisko pasealekuan zehar beira biltzeko hiru edukiontzi gehigarri ere jarriko dituzte. Horietako gehienak Zaldunita eguneko lehen orduetan jarriko dituzte dagokien lekuan.

Karrozentzat edukiontziak

Bestalde, karrozen elkartearekin ere urrats bat gehiago eman nahi du udalak: igandetik asteartera karroza bakoitzari bina edukiontzi banatuko dizkie, eta eurek hartu behar dute betetzean edukiontzi handietan husteko ardura, eta bueltan eraman beharko dituzte. Food-trucken inguruetan ere jarriko dituzte gisa horietako edukiontziak.

Komun gehiago

Udalak inauterietan herria txukun mantentzeko eta arduraz jokatzeko deia luzatu die herritarrei zein bisitariei, «guztion arteko elkarbizitza egokia bermatzeko». Pasa den astean aurreratu bezala, komun gehiago ere jarriko ditu jai giro nagusienen inguruan, batik bat Alde Zaharrean eta erdiguneko kaleetan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!