‘Hau EZ da komun bat’, kalean pixa egitearen aurkako kanpaina jarri du abian Tolosako Udalak

Ataria 2025ko ots. 21a, 18:38

Inauteriei begira, kontzientziaziorako kartelak banatuko dituzte saltokietan. Halaber, urte osoan zeharreko jai eta ekitaldi handiak osasun-moduluekin eta komun kimikoekin hornitzeko lizitazioa jarri du martxan udalak, lehenengoz.

Tolosako Udalak lehen aldiz esleitu berri du urte osoan zehar herrian ospatzen diren festa eta ekitaldi handienetako gune nagusiak osasun-moduluekin eta komun kimikoekin hornitzeko lizitazioa. Bi urterako izango da, eta helburu horretara ia 100.000 euro bideratuko ditu udalak. 

Udalak ez du baliabide propiorik, ez maila teknikoan, ez eta materialean ere, hornidura egin ahal izateko. Orain arte, gainera, zerbitzu hau aldian-aldian kontratatu izan da. Udaletik adierazi dutenez, lizitazioak, urte osoko plangintza egitea «ahalbidetu» du, eta «modu koordinatuan» egingo da sailen artean.

Lizitazioak udalerriko festa eta azoka berezi nagusietako eta bestelako ospakizun berezietarako komunak aurreikusten ditu, besteak beste, Inauterietarako, Sanjoanetarako, Bertako Haragien Azokarako, Tolobolei txapelketarako, Garagardo Azokarako, Babarrunaren Festarako, Gabonetarako edota zenbait auzotako jaietarako.

Pleguak lantzerako orduan, gainera, zenbait festetarako komunen hornidura are gehiago indartu dute, esaterako, ate joka ditugun inauterien kasuan. Horrela, egun gutxi barru, komunen kopurua handituko da, batik bat, Alde Zaharrean, Nafarroa Etorbidean eta San Frantzisko pasealekuan.

«Norbanako bakoitzaren ardura»

Era berean, udalak kalean pixa egitearen aurkako kontzientziazio kanpaina jarri du abian: ‘Hau EZ da komun bat’. Udalaren iritziz, baliabideak jarri arren, «norbanako bakoitzaren ardura» ere bada, «bai jaiegunetan, baina baita egunerokoan ere, bereziki asteburuetan».

Andu Martinez de Rituerto alkateak esan du udalak «inbertsio handia» egiten duela egun garrantzitsuetan herriko zenbait puntutan komunak jartzeko. «Beharrezko zerbait da, jai giroan dagoenari zerbitzua emateko, baina baita bizilagun eta komertzioengan sortzen dituen ondorioak gutxitzeko, eta kaleen degradazioa txikitzeko». Arazoa, ordea, «urte osokoa» dela nabarmendu du alkateak. «Udalak ez du ahalmenik astero-astero halakoak leku askotan jartzeko. Hori dela eta, ezinbestekoa da norbanako bakoitzak arduraz jokatzea, ingurukoekiko errespetuz. Horregatik ere bai mezua urte osora zabaldu nahi dugu, ez inauterietara bakarrik», gaineratu du, komunak erabiltzeko dei egitearekin batera.

Hiru eremutan jarriko du fokua kanpainak: kale, atari eta erakusleihoetan. Udalak azpimarratu nahi du herriko kaleak, inguruko bizilagunen etxebizitzen atariak eta saltokiak ez direla pixatokiak, ekintza horiek herritarrengan sortzen dituzten ondorioak azaleratzearekin batera: kiratsa edo osasunaren kontrako higiene falta, batik bat.

Kartelak eskuragarri

Bideo bat eta kartelak landu ditu udalak. Azken hauek urte osoan zehar egongo dira eskuragarri. Inauteriei begira ale batzuk jarri eta banatuko dituzte, baina jaiak pasata ere, erabiltzen jarraitzea da udalaren asmoa, «kontzientzia hedatzen jarraitzeko». Ondorengo egunetan Tolosako saltokietan banatuko dituzte kartelak. Beren etxe-atari edo fatxadetan jartzeko interesa duten bizilagunen komunitateek ere kartelaren aleak hartu ahal izango dituzte kultur etxeko sarreran, astelehenetik aurrera.

‘Errespetatu. Elkarbizi’ kanpaina orokorra

Aipatutako kontzientziazio kanpaina marko orokorrago baten barruan kokatzen da. Errespetatu. Elkarbizi lelopean, udalak aurre egin nahi die egunerokotasuneko hainbat arazori, kontzientzia pizteko kanpaina-erronda baten bidez. Zerrenda horretako lehen kanpaina da komunena, baina aurrera begira beste batzuk egitea aurreikusten da, animalien gorotzei edota hondakinen bilketari buruzkoak, esaterako.

‘Hau EZ da komun bat’ kontzientziazio kanpainako bideoa:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!