Bihar, larunbata, inauterien iragarle diren kaldereroak helduko dira iluntzean Tolosara; 19:00etan hasita, konpartsaren kalejira egingo dute Alde Zaharrean. Aurrez, baina, eguerdian, Aiz Orratz elkarteak antolatu ohi duen Haur Jaialdia egingo dute Leidor aretoan. 12:30ean hasiko da jaialdia, baina lehenago, 11:45ean hasita, kalejira egiteko aukera izango dute haurrek, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoekin, Aiz Orratz txarangarekin eta Tolosako erraldoi eta buruhandiekin batera. Erraldoi eta buruhandien konpartsa aurrez ere ibiliko da kalez kale, 10:30ean Gernikako Arbola lorategietatik hasita, Tolosako dultzaineroekin.
Aipatutako kalejira egiteko, 10:30etik 12:30ak bitarte, Rondilla kaleko trafikoa etengo dute; kalejira amaitzean zabalduko dute berriro. Ondorioz, Lurraldebuseko autobusak ez dira Rondillatik eta San Frantzisko pasealekutik pasako. BU 07, 08 eta 09 lineetako autobusek Arramelen, Santa Klaran eta zezen plazan egingo dituzte geldialdiak.
Pailazoz mozorrotzeko deia
12:30ean hasiko den Haur Jaialdian, pailazoak izango dira protagonista. Izan ere, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek eta Joseba Usabiaga aktore tolosarrak ikuskizuna egingo dute, txikienen gozamenerako. Gainera, Aiz Orratz elkarteak pailazoz mozorrotuta joateko dei egin die haurrei; hala egiten dutenen artean, opariak zozketatuko dituzte jaialdian bertan. «Anima zaitez kolorez eta alaitasunez betetako festa handi honetan parte hartzera», adierazi dute elkartetik.