Tolosako inauterietarako hilabete bat baino gutxiago geratzen da. Ostegun Gizena otsailaren 27an izango da. Egun koloretsu horiei begira, Tolosako Udalak aurtengo inauterietan egongo diren berrikuntzen berri eman du. Batetik, haur eta nerabeei zuzendutako gune berri bat izango dela esan dute: Alondegi plazan egongo den Isabelita gunea. «Gune berri bat izango dute aurten inauteriek, haur eta nerabeei bideratutako eskaintza jasoko duena. Iazko inauterietan bi adin tarte horiei zuzendutako programazioa indartzeko bidea hasi zuen udalak, eta bide horri eutsi behar zitzaiola ondorioztatu zen herritarrekin egindako balorazio saioetan», azaldu du Goiuri Ezeiza Kultura zinegotziak. Gunea bi helbururekin sortu dutela ere gaineratu du: «Zezen plazara ezin sartu geratzen diren edo zezenetara joan nahi ez duten familiei begirako programazioa eskaintzea; eta, nerabeentzako ere ikuskizun ezberdinak antolatzea, jaiaren parte aktiboago izan daitezen». Isabelita gunea sortzeko, herriko hiru ikastetxeekin parte hartze prozesu bat egon dela gogoratu du udal ordezkariak: «14 eta 18 urte bitarteko nerabeekin elkartu gara. 652 ikaslek hartu dute parte, eta 40 gaztek prozesuan ateratako ideiak garatu dituzte. Proposamen horiek hartu dira kontuan gune berriaren egitaraua osatzeko. Tailerrak, kontzertuak, haur ikuskizunak eta herri bazkari bat ere izango dira». Egitarau osoa aurrerago zabalduko dute udaletik.
Bestalde, iaz lehen aldiz modu irekian aurkeztu zituzten Ostegun Gizeneko txupinazoa botako duen Kabi Alai Kuttuna eta kartela, eta aurten gauza bera egingo dute. Aitzol Gartzia Festa zinegotziaren esanetan, «balorazio ona jaso zuen egitasmoak, eta aurten errepikatu egingo da». Hori bai, Kabi Alaik proposatuta, aldaketa bat egongo dela iragarri du Gartziak: «Larunbatez izango da ekitaldi hori, hau da, otsailaren 8an 12:00etan, Trianguloa plazan. Ondoren, aurtengo kartelaren aleak banatuko dira, eta txarangarekin kalejira izango da».
Kale salmentako postuei dagokienez, lekuz aldatuko dituztela esan dute udal ordezkariek. San Frantzisko pasealekuan egon beharrean, Antonio Maria Labaien plazan jarriko dituzte. Horren arrazoia pilaketak ekiditea dela esan dute, batez ere, Zaldunita eguneko txarangen igoera eta jaitsieretan.
Zezenetako sarreren inguruan aldiz, udalak azalpen guztiak laster emango dituela esan dute. Hala eta guztiz ere, aurrerapen bat egin dute: «Iazko planteamenduarekin jarraituko dugu, emaitzak onak izan zirela ikusita. Iaz bezala, txarangen atzetik saltoka sartu ahal izateko gonbidapenak banatuko dira, zozketa bidez. Sarreren salmentan nobedade bat izango da: gehienak internet bidez saltzen dira, eta gutxi batzuk leihatilan. Iazko balorazioan leihatilako ordutegia aldatzeko aukera planteatu zen, eta eskaera horri eutsiz, eguerdian beharrean, goizean zabalduko da. Pertsona batzuk denbora luzez izaten dira zain, eta aldaketarekin, goiza aprobetxatu ahal izatea da helburua».
Karrozen eta konpartsen diru laguntzen banaketarako irizpideetan aldaketak egongo dira aurten, aurretik iragarri bezala, eta gaurko agerraldia neurriaren helburua zein den azaldu du Goiurri Ezeizak; «parte hartze aktiboagoa sustatzea, eta irudimena eta ikuskizunen maila indartzea». Kontuan hartuko diren irizpideak honela zerrendatu ditu zinegotziak: «Gaiaren lanketa, ikuskizun eszenikoa, euskararen erabilera, parekidetasuna edota diseinua zaintzen dituzten taldeen lana gehiago sarituko da aurrerantzean». Konpartsentzako diru ekarpena ere handitu dela iragarri dute udaletik. «Kalez kale edo leku finko batean antzezpenak eta parodiak egiten ibiltzen diren taldeentzat izango dira laguntzak, plataforma izan ala ez. Inauteri eredu hori gehiago sustatzea da asmo nagusia».
Jaietan komun publiko gehiago jarriko dituzte aurtengo inauterietan. Aitzol Gartziaren esanetan, «iaz, presentzia indartu zuen udalak, eta aurten bide horretatik jarraituko dugu, batik bat, Alde Zaharreko puntu zaurgarrienetan, eta zabalgunean, Nafarroa etorbide eta San Frantzisko pasealekuaren inguruetan». Aurten gainera Gune Morea Ostegun Gizenean ere jarriko dute. Orain arte, Zaldunita eta Astelenitan jartzen zen. Ezeizak azaldu duenez, zerbitzua zabaldu egingo da, gau osoan zehar: «Gune Morea emakumeen eta LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen aurkako erasoak eta eraso arrazistak prebenitzeko eta herritarrak sexualitatean hezteko gunea da».
Egitarauaren barruko beste zenbait hitzorduri begira, aparteko aldaketarik ez dela izango esan dute udal ordezkariek. Txarangen dantzaldiei dagokienez, «eta haien eskaerari jarraituz», Zerkausian mantenduko dira, baina oholtza handiagoa jarriko da musikarientzat. Txosna gunea aurten Euskal Herria plazan jarriko da, errotazio sistemak horrela aurreikusten duelako. Udal zinegotziek azaldu dutenez, antolatzaileak eta bizilagunak jakinaren gainean daude.