Inauterietako karroza eta konpartsentzat parte hartzeko eta diru laguntzak eskatzeko epeak zabaldu ditu Tolosako Udalak. Egiturari dagokionez, karrozen zabalerak gutxienez bi metro eta erdikoa eta luzerak sei metrokoa izan beharko dute. Konpartsen kasuan, berriz, plataformen zabalerak gehienez bi metrokoa eta luzerak hiru metrokoa izan beharko dute; plataformarik gabeko konpartsak ere izan daitezke.
Diru laguntzen alorrean, baina, bada aldaketa bat. Laguntza ekonomikoa jasotzeko balorazio-irizpideak aldatu ditu udalak, irudimena eta ikuskizunen maila indartu eta parte hartze aktiboa sustatzeko. Hala, ekarpen finkoaz gain, ekarpen erlatiboak ere jasoko dituzte taldeek, zortzi irizpideren arabera.
Ohiko moduan, karrozek zein konpartsek, antzezpen eszeniko bat (narrazio, antzerki, clown edo mimo ikuskizuna, adibidez), zuzeneko musika emanaldia edota koreografia edo dantza bat eskaini beharko dituzte ekarpen finkoa jaso ahal izateko. Aurrerantzean, antzezpen eszenikoak eta zuzeneko musika egiten dutenak gehiago sarituko dira, ekarpen erlatiboen bidez.
Karrozen kasuan, irteera-egunen kopuruaren araberakoa izango da kopuru finkoa: 1.300 eurokoa bi eguneko irteeren kasuan; 1.000 eurokoa egun bakarrerako. Konpartsek, berriz, irteera-egun bakoitzeko 200 euroko ekarpena jasoko dute, mozorro edo gai bakoitzeko. Bi kasuetan, lehenik eta behin ekarpen finko hauek banatuko dira, eta ondoren erlatiboak.
Ia 2.000 euroko laguntza
Kopuru erlatiboei dagokienez, irizpide ezberdinak hartuko dira kontuan, eta puntuazioaren araberako diru-ekarpen proportzionala jasoko dute taldeek.
Honakoak dira irizpideak:
- Landutako gaia (gehienez 50 euro): Gaurkotasuna duen gaia bada, 20 puntu (50 euro); gaia berria bada edo ez bada lehenago garatu, 10 puntu (25 euro); ohiko gaia bada, errepikatzen dena, ez du punturik jasoko, eta ondorioz, ezta diru ekarpenik ere.
- Ikuskizun eszenikoa (gehienez 150 euro): Originala, landua eta berritzailea bada, 10 puntu (150 euro); errepresentazio arrunta bada, 5 puntu (75 euro); eta errepresentaziorik ez badago, ez du punturik jasoko, eta ondorioz, ezta diru ekarpenik ere.
- Zuzeneko musika (gehienez 150 euro): Instrumentu guztiek zuzenean jotzeagatik (5 lagun), 10 puntu (150 euro); zuzeneko musikarik ez badago, ez du punturik jasoko, eta ondorioz, ezta diru ekarpenik ere.
- Koreografia (gehienez 60 euro): Koreografiarik badago, 10 puntu (60 euro); koreografiarik ez badago ez du punturik jasoko, eta ondorioz, ezta diru ekarpenik ere.
- Mozorroak (gehienez 50 euro): Originalak, bitxiak eta landuak badira (birziklatua ere izan daiteke), 10 puntu (50 euro); gaiarekin lotura badute, 5 puntu (25 euro); eta ohiko mozorroak badira, ez du punturik jasoko, eta ondorioz, ezta diru ekarpenik ere.
- Karroza, plataforma eta konpartsen elementuen diseinua (gehienez 50 euro): Dekorazio landua eta irudimentsua bada, 5 puntu (50 euro); gaiarekin lotura badu, 3 puntu (25 euro); eta dekoraziorik ez badu, ez du punturik jasoko, eta ondorioz, ezta diru ekarpenik ere.
- Euskararen erabilera (gehienez 100 euro): Irudikapen eszenikoa edo zuzeneko musika, eta koreografiako musika euskara hutsean badira, 20 puntu (100 euro); irudikapen eszenikoa edo zuzeneko musika euskara hutsean bada, eta koreografiarako musika eleanitza bada: 15 puntu (75 euro); koreografiarako musika euskara hutsean bada, 10 puntu (50 euro); koreografiarako musika elebietan bada, 5 puntu (25 euro); eta irudikapen eszenikoa edo zuzeneko musika, edo koreografiarako musika gaztelania hutsean bada, ez du punturik jasoko, eta ondorioz, ezta diru ekarpenik ere.
- Berdintasuna (gehienez 50 euro): Estereotipo matxistarik erabiltzen ez bada, eta emakumeen ahalduntzea sustatzen bada, 15 puntu (50 euro); estereotipo matxistarik erabiltzen ez bada, 10 puntu (25 euro); gizon-emakumeen parte-hartzea parekidea bada, 5 puntu (12,5 euro); eta gizon-emakumeen parte hartzea parekidea ez bada, ez du punturik jasoko, eta ondorioz, ezta diru ekarpenik ere.
Modu horretara, irizpideak kontuan hartuta, karroza batek jaso dezakeen gehieneko diru laguntza kopurua 1.960 eurokoa izango da; konpartsen kasuan, berriz, 860 euro. Aurreko urteetan gehienez 550 euro jaso zitzaketen konpartsek, baldin eta plataforma bazuten. Aldaketarekin, gisa honetako taldeak gehiago saritu nahi ditu udalak.
Diru laguntzen eskabideak otsailaren 10era bitarte aurkeztu ahal izango dira, aurrez aurre UDATEn edota telematikoki egoitza elektronikoan. Eskaera-orriaz gain, taldeko kide guztien zerrenda helarazi beharko da, NAN zenbakiaekin. Eskaerra-orriak eta diru laguntza deialdiaren oinarri guztiak, hemen daude ikusgai.
Karrozen izen ematea
Inauterietan parte hartu ahal izateko, karrozek irteera baimena eskuratu beharko dute. Alde batetik, ibilgailu batekin bide publikoa erabiltzen dutelako eta, bestetik, elektrifikazioa antolatu behar delako. Horretarako, izen emate epea ere zabaldu du udalak, urtarrilaren 31ra arte.
Eskaera-orria eskuragarri dago udal webgunean, eta Udaten aurrez aurre edo egoitza elektroniko bidez aurkeztu ahal izango da. Horrez gain, geroago, Segurtasun Zibilaren Asegurua dutela egiaztatzen duen agiriaren kopia ere entregatu beharko dute.
Hemen daude ikusgai gainerako baldintza eta arauak.