Etxebizitzak Saretzen

Tentsio handiko etxebizitza eremu izendatzeko bidean

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko aza. 7a, 11:54

Tolosako Agaramundu plazako etxebizitzak.

Tolosako Udalak maiatzean jarri zuen martxan prozesua, eta laster luzatuko du eskaera; alokairuen prezioa mugatzea ahalbidetuko luke, baina ez jaitsaraztea

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako tentsio eremuei buruzko azterlana argitaratu zuen otsailean, eta izendapena jasotzeko aukera duten udalerrien artean kokatu zuen Tolosa. Bada, Tolosako Udalak maiatzean jarri zuen martxan Tolosa tentsio handiko etxebizitza eremu izendatzeko prozesua, merkatuan esku hartu eta tentsio hori arintzeko helburuarekin.

Etxebizitza Eskubideari buruzko maiatzaren 24ko 12/2023 Legean jasota dagoenez, udalerri bat bizitegi-merkatuko tentsio eremu izendatzeko ondorengo bi irizpideetako bat bete behar da: etxebizitzen alokairu edo erosketa prezioen azken bost urteetako hazkundea autonomia erkidegoko KPI metatua baino hiru puntu altuagoa izatea edo hipoteka edo alokairu eta oinarrizko hornidura gastuek familien batez besteko errentaren %30 gainditzea.

Tolosan, etxebizitzen alokairu eta salerosketa prezioak «ikaragarri altuak» direla salatu du Ander Figuerido udaleko hirigintza zinegotziak. «Ez da posible gure diru sarreren zati handi bat honetara bideratu behar izatea. Eskubide batez ari gara». ETX Etxebizitzaren Euskal Behatokiak gune tentsionatuen txostenean emandako datuen arabera, azken bost urteotako alokairuaren batez bestekoa %18 igo da Tolosan: 2017an 552,4 eurokoa zen, eta 2022ko datua 651,8 eurokoa da. Lehen irizpidea beteko luke, hortaz, Tolosak. Beste irizpidea, berriz, lau barrutietako batean betetzen du; 2021eko diru-sarreren batez bestekoa 32.047 eurokoa zen, eta etxebizitza kargak %31,95ekoak izan ziren.

Tentsio handiko gune izendatu aurretik, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari bi dokumentu aurkeztu dizkio udalak: etxebizitzaren inguruko diagnostiko bat eta neurri zuzentzaileen ekintza plan bat, izendapena indarrean egongo den hiru urteetarako garapen egutegi batekin batera. Dokumentu horiez gain, memoria bat ere egin du, datu objektiboetan oinarrituta eskaera arrazoituz.

10 urtetan, 600 pisu berri

Diagnostikoa, ekintza plana eta justifikazio-memoria gauzatzeko, IKEI Research & Consultancy SA enpresa kontratatu zuen udalak. Urri amaieran lanketa honen lehen fasearen txosten zirriborroa jaso zuen, diagnostikoa hain zuzen ere, eta azken moldaketak egiten ari dira behin betiko txostena amaitzeko. Besteak beste, auzo edota zentsu-sekzioak eta genero aldagaia hartu dituzte kontutan, eta inguruko udalerriekin alderatu dituzte datuak. Joera demografikoak, azterketa sozioekonomikoa, etxebizitza-beharren eta eskariaren azterketa, etxebizitza parkearen bilakaera eta ezaugarriak, merkatua, edota etxebizitza programek eta politikek Tolosan duten eragina neurtu dituzte, besteak beste.

«Azken hamar urteetan 600 bat etxebizitza berri eraiki diren arren, etxebizitza babestuaren eskaerak ez du ia beherakadarik izan», adierazi du Figueridok. «Etxebizitza librearen prezioak etengabe igo dira, langileon soldatak ez bezala, eta horrek etxebizitza eskubidea bermatzeko zailtasunak areagotu egin ditu. Argi dago erakunde desberdinetatik neurriak hartu behar ditugula gazteen emantzipazioa bultzatu, eta etxebizitza negoziorako produktu izatetik eskubide izatera pasatzeko», gaineratu du.

Bien bitartean, bigarren faseari ekin diote, Tolosako etxebizitza plana garatzeari, alegia. «Bertan hainbat ardatz estrategiko aurreikusten dira: alokairu eskuragarria sustatzea, eraikitako parkearen gaineko jarduketak, alokairurako prestazioen eta diru laguntzen sistema hobetzea, eta gobernantza sistemak eta erakundeen arteko koordinazioa sustatzea. Ardatz estrategiko hauen barruan hainbat ekintza zehaztuko dira», azaldu du zinegotziak.

Alokairuak izozteko aukera

Dokumentazio guztia egindakoan, udalak tentsio handiko gune izendatzeko eskaera egingo dio Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari. «Dena ondo bidean, urte amaierarako edo datorren urte hasierarako aurreikusten dugu lanak bukatu eta eskaera luzatzea». Onarpena jaso ondoren, tresna gehiago izango ditu eskura udalak, etxebizitza merkatuan eragiteko. Hori bai, Figueridok nabarmendu duenez, tentsio handiko gune izendatzeak eragin mugatua izango luke. «Alokairuen prezioa mugatu edo izoztu genezake udalerrian, baina ez zenbateko hauek jaitsarazi».

Zinegotziak azaldu du prezioak mugatzeko kasuetan, urtebeteko ezohiko hiru luzapen ezartzen direla amaitzen diren kontratuetarako, eta edukitzaile handientzat bost etxebizitza edo gehiago dituztenentzat mugak finkatzen direla. «Azken bost urteetan alokatuta egon ez diren bizitokietan, kontratu berrien alokairu-prezioak ere mugatzen ditu. Erreferentziako prezioek markatuko dute muga».

Bestalde, udalak garatuko duen etxebizitza planak «onura gehiago» ekarriko dizkiela uste du Figueridok: «Etxebizitza beharrei eta egun Tolosan dauden etxebizitza hutsei irtenbidea emateko iparrorratza markatuko baitugu, helburu zehatz batekin, pertsonarik ez etxerik gabe, eta etxerik ez bizilagunik gabe». Etorkizunerako plangintza osatu eta etxebizitza arazoari aurre egiteko, bereziki etxe hutsen merkaturatzean jarri nahi du fokua udalak. «Etxebizitza eskubide bat da, eta hori bermatzeko urrats gehiago emateko lanean jarraituko dugu. Eskuetan ditugun erreminta guztiak erabiltzen saiatuko gara», esan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!