Etxebizitzak Saretzen

«Hemendik urte batzuetara iritsiko da espazioen naturalizazioa»

Aitor Arroyo Askarai 2024ko aza. 7a, 11:58

Etxebizitzen kanpoko espazioaz, Naiara Valcarlos arkitekto paisajistak arloaren nondik norakoak eta joerak izan ditu hizketagai.

Lehenik, arkitekto ikasketak egin zituen Naiara Valcarlos (Tolosa, 1980) arkitekto paisajistak. Segidan, arkitekturaren paisaia ikasi zuen Herbehereetan; eta, gaur egun, Londresen egiten du lan. Bere lan esparruko xehetasunak izan ditu hizpide.

Nola definituko zenuke zure lan arloa?
Ez da ez hirigintza, ez arkitektura; eskala zabalagoan ulertu behar den arlo bat da. Leku bakoitzaren arabera ere aldatu egiten da aplikazioa. Guk etxebizitzatik kanpora dagoen guztia diseinatzen dugu. Hirigintza lanak egiten ditugu, eta baita azpiegitura berdeen [landaredia] eta urdinen [ura] diseinua eta kudeaketa ere. Arkitektura eta ingeniaritzaren artean, gure lana erdibidean dago: etxeetatik kanpo dagoen espazio guztia guk diseinatzen eta kudeatzen dugu, eta aspektu teknikoak ingeniariek gauzatzen dituzte. Taldeak beti diziplinartekoak dira, aditu askok hartzen dute parte.

Zehazki zein dira arkitekto paisajista baten egitekoak?
Diseinatzen hasiko bagina, hainbat lan izango genituzke: bide zorua aukeratu, kalearen atalak diseinatu, zein zuhaitz jarri proposatu, berdin gune berdeetako landareekin... Eskala txikian egin daiteke, baina baita handian ere: mendien paisaiaren kudeaketa ere izan daiteke. Definizioa, kasu horretan, zabalagoa da, ingurumen plangintzara gerturatzen baita asko.

Zein da paisaia orekatu bat?
Orekatua da herritarren beharrak asetzen dituena. Hortik aurrera, gaur egungo egoerari begira... Aldaketa klimatikoa gainean dugu, eta prezipitazio zein bestelako fenomeno berriei erantzuteko egokitu beharko ditugu azpiegiturak.

Horrez gain, barnebildu beharko lituzke beste zenbait irizpide ere: genero ikuspegia, irisgarritasuna, jatorri zein adin ezberdinetako jendea integratzea... Denok ez baitugu espazioaren pertzepzio bera. Dena ez da posible, baina zenbat eta irizpide gehiago hartu kontuan, orduan eta egokiagoa.

Aitortzen al zaio garrantzirik?
Ez. Ez dagoelako horretarako tradiziorik; eta tradiziorik ez dagoenez, beharrik ere ez da ikusten. Gainera, ez dut uste esparru bakarrean bildurik dagoenik ezagutza multzo hori. Dena dela, garatzen ari den arlo bat da.

Zein da joera?
Irisgarritasunari dagokionez, sentsibilizazio handia dago dagoeneko. Bai behar ezberdinak dituzten herritarrei begira, eta baita ibilgailu ezberdinei dagokienean ere. Espazio jasangarriak ere gero eta gehiago ikusten dira; eta, pentsatzen dut, hemendik urte batzuetara iritsiko dela espazioen naturalizazioa.

Beste leku batzuetan dagoeneko hasi dira, eta ez da hemen baino ekologikoagoak direlako; baizik eta ohartu direlako orain arte zituzten sistemak eraginkor izateari utzi diotela. Gero eta garbiago geratzen ari da naturara itzultzea, ahal den neurrian, onuragarria besterik ez dela. Ez dago irizpide garbi-garbirik, baina iruditzen zait iritsiko dela. Hori da joerarik nabarmenena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!