Boluntarioen sarea handitzeko deia egin du Atzegik

Ataria 2024ko urr. 29a, 11:57

Atzegik kanpaina berria aurkeztu du, 'Orain duzu aukera. Egin zaitez boluntario' lelopean; herritar guztiak, batez ere 55 urtetik gorakoak, boluntario izatera gonbidatu dituzte.

Adimen desgaitasuna duten pertsonen Gipuzkoako elkartea da Atzegi. 1960az geroztik dihardu adimen desgaitasuna duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin, baita haien familiena ere. Horregatik, boluntarioen lana «ezinbestekoa» dute elkartean eskaintzen diren aisialdiko jarduera ugari aurrera eramateko, baita gizartean parte hartzeko aukera gehiago eskaintzeko ere.

Aloña Agirre Atzegiko teknikariak zehaztu bezala, urtean zehar 350 pertsona inguruk laguntzen dute Atzegin. Boluntarioen profilari erreparatuta, boluntariotza egiten duten gehiengoa gazteak eta irakasleak dira. Hala ere, azken urteetan beste adin-tarte bateko pertsonak batu dira, «oso lan garrantzitsua egiten ari direnak». Gauzak honela, fokua belaunaldi horretan jartzea erabaki du Atzegik eta, batez ere, 55 urtetik gorakoak gonbidatu dituzte boluntariotza egitera. Teknikariaren ustetan, belaunaldi horrek, oro har, denbora libre gehiago izan dezake eta ekarpen.

Jarduera ugari

Atzegin egiten dituzten jarduerak askotarikoak izan ohi dira, eta taldeka edo banaka egin daitezke; hala nola, mendi irteerak, kirol jarduerak edo txangoak, baina bestelako planak ere egin ohi dituzte, esaterako, kafe bat hartzera edo erosketak egitera joaten dira, baita paseo bat ematera ere. Gainera, adimen desgaitasuna duten pertsonek adin berekoekin aisialdia partekatzeko aukera izatea bultzatzen dute, euren artean zaletasunak eta kezkak partekatzeko aukera izan dezaten. Izena ematen duten boluntario berriek dagoeneko martxan dauden jardueretan parte hartzeko aukera izango dute.

Agirrek azpimarratu du boluntariotza egiteko ez dela inolako prestakuntzarik behar, «denbora librea eta partekatzeko gogoa izatea besterik ez». Horregatik, dei egin die boluntario izateko interesa dutenei bulegora gerturatu daitezen edo 943 423 942 telefono zenbakira deitu dezaten. «Irrikaz gaude pertsona horiek guztiak ezagutzeko eta haien profilera gehien egokitu daitekeen jarduera eskaintzeko», esan du Agirrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!