Zergatik animatu zinen Atzegiko boluntario izatera?
Etxetik kanpo laguntzeko nahia izate hori beti buruan izan dudan gauza bat da, eta gaia honek asko erakartzen ninduen. Beraz, erretiroa hartu nuenean Tolosako albiste batean Atzegin boluntarioak behar zituztela irakurri nuen eta ez nuen segundo bat bera ere pentsatu. Geroztik hemen nabil eta honetan jarraituko dut ahal dudan heinean, hau izan baita gertatu zaidan gauzarik onenetakoa.
Hasieran zenituen aurreikuspenak bete zaizkizu?
Esperientzia ez nuen inoiz horrela irudikatu, baina esan dezakedan gauza bakarra da esperientzia hau oso aberasgarria dela. Atzegi osatzen duten pertsona guztiek helarazten dizutena oso positiboa da eta beraiek ematen didatena askoz gehiago da nik ematen diedana baino. Gainera, guk garrantzi handia ematen dizkiogun arazoei, beraiek beti erlatibizatu egiten dituzte, naturaltasun osoz, gainera.
Beraz, balorazio positiboa egiten duzu?
Oso positiboa eta zalantzak dituzten herritar guztiak animatu nahi ditut gurera gerturatu, probatzeko eta lehen pertsonan ikusteko zer den Atzegiren parte izatea eta zein nolako lana egiten dugun hemen. Boluntarioak normalean pertsona gazteak izaten dira eta gazte izatearen poza izaten dute. Aldiz, ni bezalako jende helduagoak motxila handiagoa dugu, esperientzia bat, eta bizi izan ditugun gauza guzti horiek hemen aplikatu ditzakegu. Horregatik, pertsona helduagoek boluntario izatera animatu beharko luketela uste dut, guretzat oso pozgarria izango baita. Adinekoek ere boluntario izan dezakegula erakutsi behar dugu, eta normalean hemen egiten ditugun jarduerak edonork egin ditzake, izan gazte edo heldu; besteak beste, normalean paseatu egiten dugu, bingoan jolastu, abestu edo dantza egiten dugu.