Inauteriak 25

«Gaur egungo karrozak ez dira ibilgailu homologatuak; guk proposatutako plataformak, bai»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko ira. 30a, 19:59

Oposizioak karrozen aferaren inguruan galdegin dio udal gobernuari iraileko osoko bilkuran. «Hainbat proposamen egin dizkiegu, beraiek azaldu ez dituztenak», esan du Goiuri Eceiza kultura zinegotziak.

Tolosako Karroza Batzordeak egindako adierazpenen inguruan, Iker Uson oposizioko zinegotziak (EAJ) udal gobernuaren ikuspuntua ezagutu nahi izan du udalbatzaren iraileko osoko bilkuran. Goiuri Eceiza kultura zinegotziak eman ditu azalpenak: «Guk behin baino gehiagotan helarazi diegu ez dugula irudikatzen karrozarik gabeko inauteririk, inauteriak bizitzeko modu bat baino gehiago daudelako, eta horietako bat karrozen bitartez delako. Aldi berean, kontziente gara, karrozek hartu duten dimentsioagatik, hauen inguruan sortu diren kezkak handiak eta askotarikoak direla. Hori dela eta, bilera ugari egin ditugu beraiekin».

Eceizak bilkuran adierazi duenez, udal gobernuak bazekien elkarteko kideen kezka nagusia karrozentzat pabiloi bat edukitzea dela. «Azken finean, urtean bi egunetan ateratzen dituzte, eta beste 363 egunetan geldirik daude, eta orduan, nonbait egon behar dute. Guk hainbat proposamen egin dizkiegu, beraiek azaldu ez dituztenak. Horietako bat plataforma batzuk alokatzea zen. Batetik, karrozak horien gainean eraikitzeko, eta hala, ez genuke halako espazio erraldoi bat beharko plataformak gordetzeko. Eta bestetik, segurtasun kontuengatik. Ezin dugu ahaztu segurtasuna dela inauterien oinarria. Denok nahiko genituzke erabat anarkikoak liratekeen inauteriak, baina udal bezala, inauteri koloretsuak bermatzeaz gain, inauteri seguruak bermatu behar ditugu, eta proposamen horrek, etxe honetako teknikariek zenbaitetan eskatutako segurtasuna bermatuko luke. Gaur egun dauden karrozak ez dira ibilgailu homologatuak, ez dira ibilgailu seguruak. Proposatzen genizkien plataformak, berriz, bai».

Zinegotziak esan du beste irtenbidea elkarteari diru kopuru bat eskaintzea izan dela, lokal edo pabiloi bat alokatzen laguntzeko. «Euskal Herrian hainbat elkartek egiten duten moduan, gure ustez gai dira alokairu hori beraien gain hartzeko. Gu prest geundeke laguntza hori emateko, baina elkartea sortu zenetik, urtero, baliabide eta ardura gehiago hartzen ditu udalak, eta gure ustez, bideak kontrakoa izan beharko luke. Elkartea hazten doan heinean, udalaren eskua gehiago askatu beharko litzateke. Gaur egungo errealitatea guztiz kontrakoa da. Udalak diru gehiago gastatzen du, elkarteak, gai izanda ere, uko egiten dielako zenbait ardura hartzeari».

Hain justu, kontu ekonomikoa eztabaidaren «alderdi nagusietako bat» dela nabarmendu du Eceizak. «Noski, inauterietan, dirua jarri behar izaten da, eta inauteriak berezkoak dira Tolosarentzat, txotxongiloak eta Tolosa CF bezala. Urtero, udalak karrozei baino diru gutxiago ematen die bi eragile horiei, eta biek urtean zehar ekarpen handia egiten diote herriari. Karrozek ere bai, noski, baina lehen esan dudan bezala, bi egunetan ateratzen dira, eta beste 363 egunak geldirik egoten dira».

«Egin dituzten adierazpenak ez dira zuzenak»

Amaitzeko, Andu Martinez de Rituertok erabakiak «zentzuz» hartzeko deia luzatu zuen. «Arazoa handia da. Dimentsio erraldoia hartu dute karrozek, baina herriak, behar baino diru gehiago gastatzen du horietan, eta ondorioz, beste eredu batzuk proposatzen ari gara. Denon artean egin behar dugu bidea, eta ulertarazi behar dugu inauteriaren askatasun, sormen eta festa gutxieneko baldintza batzuetan egin behar dela».

Oposizioko zinegotziei Bellota pabiloia bisitatzera joateko gonbita luzatu zien alkateak, «beraiei ardura zergatik eskatzen diegun ulertzeko. Egin dituzten adierazpenak ez dira zuzenak. Udalak irtenbideak eskaini dizkie, baina oraingo ereduan iraunarazi nahi dute, eta hori ez da posible».

Erlazionatuak

Karrozak, gordelekurik gabe

Josu Artutxa Dorronsoro ira 24 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!