Gipuzkoako Hitzan argitaratutako erreportajea.
Gaur hasiko dira Tolosan San Joan jaiak, Aiora Zulaika Pirritx pailazoak jaurtiko duen suziria lehertzearekin batera. Kirol eta kultur ekitaldi ugari biltzen dituzten festak izan ohi dira Tolosakoak, eta aurten ere askotariko eskaintza prestatu dute antolatzaileek. Egitarauan, baina, badira herritarrentzat ezinbestekoak bilakatu diren hainbat ekitaldi, eta horietako bat da Et Incarnatus orkestrak urtero ekainaren 22an egin ohi duen Solstizio Kontzertua. Bihar izango da, 12:30ean, Gure Zirkuak Tolosan duen karpan. Berez, Urkizu auzoko Iraolaneko pagadian egin behar zuten, baina lekuz aldatu behar izan dute, eguraldi iragarpenagatik.
Emanaldi «berezia» izan ohi dela esan du Migel Zeberio orkestrako zuzendari tolosarrak, eta gaineratu du lekua «magikoa» dela. «Solstizioa berez da magikoa. Gainera, beti izan dugu mendira joateko joera. Naturaren jaia ere bada, ezin diegu muzin egin herriko eta kaleko ohiturei, horiek ere ezinbestekoak baitira sanjoanetan».
Orkestrako zuzendariak azaldu duenez, hasierako urteetan ez zuten Urkizun egiten kontzertua, Uzturre mendiko gurutze aurreko zuloan baizik, baina, lainoa berehala sartzen zela ohartuta, lekuz aldatzea erabaki zuten. «Urkizun egiten dugu orain, eguraldiak horretarako bidea ematen duen bitartean. Eta, bestela, ahal dugun lekura mugitzen gara». Izan da kontzertua Tolosako toki estali batera lekualdatu behar izan duten aldirik, eguraldi kaskarraren ondorioz. Aurten ere, berdin gertatuko da.
«Kontzertua eguerdian izanik, herritarrek astia izango dute musikaz nahiz lagunarteko jai giroaz gozatzeko»
Sanjoanetako kuadrillen egunak Solstizio Kontzertuaren egunarekin egingo du bat aurten. Izan ere, bihar egingo dute ospakizun hori ere —larunbatez ospatzen dute urtero—. Hargatik, kontzertua arratsaldez izan ohi bada ere, eguerdian egingo dute aurten, 12:30ean. «Kontzertua eguerdian izanik, herritarrek astia izango dute musikaz nahiz lagunarteko jai giroaz gozatzeko», esan du Zeberiok. «Elkarren osagarri diren bi ekitaldi dira».
Hiru zutabe
Kontzertuak 25. aldia du aurtengoa. Hori dela eta, «are bereziagoa» izango dela dio orkestrako zuzendariak. Izan ere, efemeridea ospatzeko, aurreko aldietan parte hartu duten zenbait musikari eta kantari gonbidatu dituzte; hala nola Antton Valverde, Janus Lester taldeko Jokin Pinatxo, Baigorriko (Nafarroa Beherea) gaiteroak, Alaitz Artola, Xabier Berasaluze Leturia eta Bixente Martinez arituko dira, Et Incarnatus orkestrarekin batera. Beste artista batzuk ere kontzertuan parte hartzekoak ziren —Alaitz eta Maider trikitilariak eta Atila y Los Unos Tolosako musika taldea, besteak beste—, baina, azken uneko kontuak direla medio, ez dira Urkizun izango. Solstizio Kontzertuaren hasierako urteetan parte hartu zuten orkestrako zenbait kidek ere parte hartuko dute biharko saioan. Horrenbestez, jende andana batuko da Urkizun: 30 musikari inguru izango dira.
Zeberiok dioenez, hiru zutaberi esker eusten dio zutik kontzertuak: entzuleak, parte hartzaileak eta antolatzaileak. «Etengabe aldatzen ari dira entzuleak; batzuk jadanik ez ditugu gure artean, eta beste zenbait entzule urteak pasatu ahala etorri dira. Urte hauetan guztietan parte hartu duten musikariak eta gonbidatu bereziak ere aipatu behar, baita egitasmo hau aurrera eramateko auzolanean aritzen den lagun taldea ere». Horiei guztiei aitortza egiteko baliatuko dute emanaldia. «Gure artean falta diren musikariak, entzuleak eta antolakuntzako kideak ere gogoan izango ditugu».
Zuzendariaren ustez, gonbidatutako musikariek «kalitate handia» emango diote biharko kontzertuari, eta aurreratu du askotariko doinuek osatuko dutela errepertorioa. «Tolosan edo Villabonan askotan entzuten den doinu bat» joko dute Baigorriko gaiteroek, baita Iruñeko beste bat ere. Janus Lester taldearen kantu bat ere interpretatuko du orkestrak, Pinatxoren ahotsa lagun. Alaitz Artola abeslari amezketarrak bere kantu bat joko du, bai eta Benito Lertxundiren Itzaltzuko bardoa abestia ere. Bixente Martinezek zenbait kantu moldatu ditu okasiorako, garai batean Ruper Ordorikarekin eta Joseba Tapiarekin jo izan zituenak.
«Gure artean falta diren musikariak, entzuleak eta antolakuntzako kideak ere gogoan izango ditugu»
Dena den, obrarik bereziena Antton Valverderen bidez entzun ahal izango dela aurreratu du Zeberiok: Xabier Lizardiren Biotz-Begietan olerki bildumako Baso itzal poema interpretatuko du. Lizardik Urkizu izan zuen ardatz lan hori ontzeko garaian. «Oso ederra izango da», esan du zuzendariak. «Gainera, pieza horrek lotura handia du emanaldiaren tokiarekin, Lizardik Urkizu aldera joateko ohitura zuelako eta han duelako monumentua».
Et Incarnatus, Gipuzkoan
Gipuzkoako Foru Aldundia natur parkeen eguna antolatzen ari da azken asteburuetan herrialdeko hainbat natur parketan. Maiatzaren 26an egin zuten lehena, Aiako Harrian. Aizkorri-Aratzen, Pagoetan eta Aralarren ere ospatu dute. Lau gune horietan izan dira Et Incarnatus orkestrako kideak, eta kontzertuak eman dituzte denetan, formatu desberdinetan. «Esperientzia ederra izan da; plazer handiz egin dugu», esan du Zeberio orkestrako zuzendariak. «Formatu bakoitzak programa desberdin bat interpretatu du». Esker onez mintzo da, uste baitu ekitaldietan parte hartzeko gonbidatzea dela egiten duten lanari aitortza egitea. «Ekitaldi oso politak izan dira natur parkeetakoak; esker oneko publikoa bildu da».
Uda hastearekin batera betetzen du Et Incarnatusek agenda, Ur Muga eta Ur Tanta jaialdietan ere parte hartzen baitu. Bi urtean behin egiten dituzte bi jaialdiak, tartekatuz. Aurten, Ur Tantaren bigarren aldian izango da taldea, uztailaren 22an, Hondarribian. «Hamaika eskaera jaso ditugu, eta Ur Tantari heltzea erabaki dugu, zenbait elkarte eta erakunderekin elkarlanean».
Maiatzaren 6an ehun urte bete ziren Nestor Basterretxea artista jaio zenetik, eta mendeurren hori izango da aurtengo Ur Tantaren ardatza. «Horretarako, diziplina askotako talde bat osatu dugu», esan du Zeberiok. «Asisko Urmeneta, Maika Etxekopar, Ttittika Rekalt eta Jon Esnaolarekin batera sortu dugu taldea. Mundu magiko bat sortzea izango da helburua. Zuzeneko musika eta antzerki emanaldia egingo dugu, gauez, argiz eta suz ondo hornitua».