Trafiko aldaketak eta etenak Tolosan, larunbatean eta igandean

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko ekainaren 13a

Larunbatean kotxez hustu beharko da San Frantzisko pasealekua eta autobus geltokietan aldaketak izango dira arratsaldean.

San Joan jaietako ekitaldiak direla eta, hainbat trafiko aldaketa eta aldizkako etenak egingo dira asteburu honetan, Tolosan. Ekainaren 15ean, larunbata, San Frantzisko pasealekua kotxez hustu beharko da, eta ezingo da bertan aparkatu. Goizean, Euskal Herria plazako azoka San Frantzisko pasealekura lekualdatuko da; horrez gain, txirrindulari lasterketa ere izango da. Arratsaldean, berriz, 3x3 saskibaloi txapelketa jokatuko da. Txirrindulari lasterketa amaitu ondoren, Gernikako Arbola lorategietatik Araba Etorbidera bitarte aparkatu ahal izango da.

Txirrindulari lasterketaren amaiera San Frantzisko pasealekuaren erdian kokatuko dutenez, proba bukaerara iristen ari denean, trafikoa moztuko dute Araba Etorbidean, San Frantzisko pasealekuan eta Foruen Etorbidean, eta lasterketa amaitu bezain pronto zabalduko dute berriro. Denbora tarte horretan ibilgailuekin bertatik ez igarotzea gomendatu dute.

Arratsaldean, saskibaloi txapelketa dela eta, trafikoa Zumalakarregi kaletik desbideratuko da, Trianguloa plazak, Rondilla kaleak eta San Frantzisko pasealekuak bat egiten duten puntuan. Kale horrek noranzko bakarra izango du arratsaldean.

Autobus geralekuei dagokienez, arratsaldean, Rondilla kaleko eta San Frantzisko pasealekuko autobus geltokien zerbitzua bertan behera geratuko da. Erabiltzaileek Santa Klarako geltokia erabili beharko dute.

Igandean, aldizkako etenak

Ekainaren 16an, igandea, T2T eta T3T mendi lasterketen ondorioz, Trianguloa plazako zamalanetako gunea libre utzi beharko da antolatzaileentzat eta osasun langileentzat. Halaber, herriko zenbait gunetan, korrikalariak igarotzen diren heinean, denbora tarte oso laburreko etenak egingo dituztela aurreratu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!