‘Xaxu konfiterua’ kantuaren txisturako eta bandarako moldaketaren estreinaldia, San Joan egunean

Ataria 2024ko ekainaren 11

Tolosako Udal Txistulari Banda eta Udal Musika Bandako kideen diana, 2018ko San Joan jaietan.

Jose Ignazio Ansorena Minerrek 1982an sortu zuen txisturako obra, Joxe Mari Gorrotxategi gozogile zenak eskatuta; ekainaren 24an Berdura Plazako kontzertuan joko dute lehen aldiz, Tolosako eta Iruñeko Udal Txistulari Bandek eta Tolosako Udal Musika Bandak.

1982 urtean, Jose Ignazio Ansorena Miner Mirrik zortziko eta biribilketa bat barnebiltzen zituen ‘Xaxu konfiterua’ obra sortu zuen, Joxe Mari Gorrotxategi gozogilea zenak hala eskatuta.

Tolosako Plaza Zaharrean, Gorrotxategi zegoen leku berean, aurrez Xaxu ezizenez ezaguna zen gozogileak –San Blas auzoko Sasoeta baserrian jaioa, hortik ezizena– zuen bere lantokia, eta hura omendu nahian egin zion enkargua Gorrotxategik Ansorenari. Harreman handia zuten biek. Gorrotxategi Donostiako udal txistularien emanaldiak ikustera sarritan gerturatzen zen. Ordutik, txistularien artean asko zabaldu da doinu hau, eta ohiko errepertorioan sarritan erabili izan da, bereziki, Tolosako Udal Txistulari Bandaren kasuan.

Gaur, bost urte betetzen dira Joxe Mari Gorrotxategi hil zela, eta urteurrena aitzakiatzat hartuta, doinu horien moldaketa berria egin dute Jose Ignazio Ansorenak eta Joxemari Oiartzabalek, eta txistulari bandaz gain, musika banda ere gehitu dute partiturara.

Moldaketa hau Tolosan estreinatuko da, San Joan egunean eguerdian Tolosako bi bandek –Udal Musika Bandak eta Udal Txistulari Bandak– Iruñeko Udal Txistulari Bandarekin batera Berdura Plazan eskaini ohi duten kontzertuan. Emanaldia 13:00etan izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!