«Euskal kulturarentzako galera handia» dela dio Juan Manuel Garmendia Otegi Kofradia Gastronomikoen Elkarteko lehendakariak. «Intentsitate handiz bizi zituen bizitzaren alderdi guztiak. Bera ezagutzeko aukera izan dugunok, jakitun gara aukera guztiak ikasteko eta gozatzeko baliatu zituela; beti izan da oso militantea eta oso aktiboa. Bere ibilbide pertsonalean eta profesionalean zehar izandako umorearekin eta laguntasunarekin geratzen gara».
1929ko erramu igandean jaio zen Joxe Mari Gorrotxategi Pikasarri, eta lau anaietan zaharrena zen bera. 1957an, Mirentxu Peralesekin ezkondu zen, eta sei seme-alaba izan zituzten. «Berak ez zuen haurrak negozioan hasterik nahi eta, beraz, ikasketetara bideratu zituen». Rafa eta Iñaki semeek, ordea, urrats berak jarraitzeko asmoa azaldu zioten.
TRANSMISIO GOZOA
Tradizioz, herriko erdigunean kokatutako gozotegietan egin izan dute lan gozogileek. Horrela, XVII. mendeaz geroztik Tolosako Kale Nagusian dago, gaur egun gorrotxategitarren gozotegia dena, Plaza Zaharreko sarreran. 1925ean, bere aitona Matias Gorrotxategik hartu zuen lokala. 14 urte zituela, familiako negozioan ikastera sartu orduan, bere aita Joxe Mari zen jabea, eta gozogile izateko ametsa bete ahal izan zuen Gorrotxategik.
Bere ezagutza aberasteko asmoz, Donostiako, Iruñeko eta Miarritzeko gozotegi entzutetsuetan ere aritu zen lanean. Katalunian, Sabat maisu handiaren gozogintza eskolan ikasle izan zen. Baina, bereziki, familiako negozioari heldu zion, kalitate eta ospe handia emanez, «euskal gozogintzan erreferentzia izatera heldu arte»; tartean, Xaxu izeneko gozo berritzailea sortu zuen. Izena San Blas auzoko Sasueta baserrian jaiotako gozotegiko langile baten ezizenetik dator. Baina, ez hori bakarrik. Gabonetan ohikoak diren turroiak, teilak, zigarrotxoak eta txokolate ugari ere sortu zituen.
Jaki berritzaileak sortzeaz harago, «gozogintzan lanean aritzen zirenentzat konfitero izaera berreskuratzeko lan berezia egin zuen». Pixkanaka, makinak eta elementuak ikuskatzen eta biltzen joan zen, «bere sektorean bakarra den museoa osatu arte». Ondoren, gozogintzaren historia ikertzera igaro zen. Hainbat sari ere eskuratu zituen: Munduko Gozogintza Lehiaketan zilarrezko saria, Euskadi Turismo saria eta Eguzki Lora saria. 65 urte zituela, ezbehar handi batek bultzatuta, lantegia seme-alaben esku utzi zuen.
HERRIAREN ALDE LANEAN
Kultur munduarekin ere lotura estua izan zuen. Joxemiel Barandiaran, Jorge Oteiza eta Mikel Laboa sortzaileekin maiz elkartu zen. Herriari denbora ugari eskaini zion. Zinegotzi izatea proposatu zioten, eta alkateorde izatera heldu zen. Euskarazko haur eskola eta txistu eskola jarri zituen martxan, eta kale garbitzaileei soldata igotzea lortu zuen.
2008an omenaldia egin zion udalak. Egun berean, Tolosako kultura eta gastronomia bizitza islatzen zuten bere argazkiekin osatutako erakusketa bat inauguratu zuten. Aldi berean, Tolosako tradizioen jarraitzaile sutsua izan zen. San Joan egunean, lore sorta eskaintzen zion alkateari. Urtebetez gordetzen zuten, hurrengo urteko San Joan bezperako suan erretzen zen arte.
BABARRUN KOFRADIA, MUGARRI
Bestetik, paper garrantzitsua izan zuen Tolosako Babarrunaren Kofradiaren sorreran. «Erlazio estua zuen babarrunarekin, dendan, baserritarrekin zuen tratu zuzenagatik». 1980ko hamarkadan behera egin zuen babarrunaren salmentak, azokan. Oso merke saltzen zen, eta baserritarrek ez zuten interesik salmentarako; kontsumo propiorako soilik ekoizten zuten. Irungo eta Donostiako kofradia gastronomikoen adibideak jarraituz, 1989an, Tolosako Babarrunaren Kofradia sortu zuen, eta lehen lehendakaria izan zen. «Beharrezko ikusi zuen herriko jaki preziatua defendatzea».
Herriko kofradiako ordezkari ez ezik, Gorrotxategi, Gastronomiaren Euskal Kofradiako kofrade eta zuzendaritzako kide izan zen, urte luzez. Tolosatik kanpo ere aztarna utzi du. Bere Segurako tartak eta San Sebastian bezperako azkenburuko berezien diseinuak tradizio handiko lanak dira. 2008an, ohorezko kofrade izendatu zuten Euskal Kofradiako ordezkariek. Egun, bere seme Rafa kofradiako gozogilea da, eta bera ere izendatu zuten ohorezko kofrade, 2013an.
Gastronomiaren Euskal Akademiako kide ere izan zen, bere sorreraz geroztik. «Gozogintzari, eta, orokorrean, gastronomiari buruzko ezagutzaren inguruko ekarpen handia egin zuen». Kofradiaren kasuan gertatu moduan, Rafa semea ere gerora batu zen akademiara.
Slow food erakundeko ordezkari ere izan zen. 2015ean, Ohorezko Maisu Gozogile izendatu zuen Basque Culinary Center-ek. «Esker hitzak izan zituen, nahiz eta gogorarazi zuen bera ez zela gozogile sentitzen, konfitero baizik». Gaixotasun luze baten ondorioz hil zen, asteartean, eta gaur emango diote azken agurra, Santa Maria elizan, 19:00etan.
LOTURAK
2015ean Basque Culinary Centerrek omenaldia egin zion gozogile tolosarrari; Ohorezko Maisu Gozogile izendatuz. 2008an, bere bizitzan zehar Tolosaren alde egindako lana eskertu zion udalak. Joxemi Saizarrek ibilbide hori aztertu zuen Gorrotxategirekin Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza-n, argazkigintzatik abiatuta. Iñigo Terradillosek 2012an gozogilearekin hitz egin zuen bere ibilbidez, Gipuzkoako Hitza-n.