San Joan jaiak ate joka ditugu, eta gainerako jaietan gertatu ohi den moduan, sanjoanetan ere kaleetan salmenta postuak jartzen dira. Horretarako, baina, aurrez egin behar izaten da eskaera, eta bihar zabalduko du udalak hori aurkezteko epea; ekainaren 10eko 14:15ak bitarte egongo da zabalik.
Hiru modu ahalbidetu ditu udalak eskaera egiteko. Pertsona fisikoek Tolosako Udalaren Herritarren Arreta Zerbitzuan (UDATE) egin dezakete eskaera aurrez aurre, astelehenetik ostiralera, 07:15etik 14:15era –ostegunetan 19:00ak arte–. Posta ziurtatu bitartez ere egin dezakete eskaera, Correosen Tolosako bulegoan –Nafarroa etorbidea, 6– gutun-azal irekia utziz, helbide honekin: Tolosako Udala, Plaza Zaharra 6B, 20400. Enpresek, profesional kolegiatuek edota elkarteek nahitaez telematikoki egin behar dute eskaera, uzt.gipuzkoa.eus webgunean.
Janaria eta globoak
Aurreko urteetan egin izan den moduan, janaria saltzen duten furgonetak eta globoen salmenta modalitatea soilik hartuko dira kontuan. Janaria saltzen duten kamioiak –food-truck– Rondilla kalean eta Trianguloa plazan kokatuko dira eta 22:00etatik 06:00etara bitarte eskainiko dute zerbitzua. Globo-salmenta, kalez kale egingo da, 09:00etatik 00:00etara bitarte. Bi kasuetan, ekainaren 21etik 24ra –biak barne– egongo dira.
Eskaera egiteko oinarriak eta eskaera orria aurrez aipatutako webgunean daude eskuragarri. Informazio gehiagorako, Tolosako Udaleko Kultura eta Festak Sailarekin jarri daitezke harremanetan herritarrak, 943 670 383 telefono zenbakira deituz, festak@tolosa.eus helbide elektronikora idatziz edo kultur etxera bertaratuz, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara edo 16:30etik 19:00etara.